“Marokori erakutsi diogu ondo antolatutako herria garela eta ez duela lortuko gu azpiratzea”

Urriaren 16an Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean 'Ibilaldi Berdetik 40 urte, 40 urteko elkartasuna Sahararekin' jardunaldiak burutu dira Alkartasuna, Ezkerraberri eta Iratzar Fundazioek antolatuta Euskal Fondoa eta CMC Fundazioaren laguntzarekin.
Jardunaldietan Marokok Saharako lurretan daraman 40 urteko okupazioaren eta giza eskubideen urraketen errepasoa egin dute hizlariek eta baita Espainiak gatazka horretan duen erantzukizuna gogorarazi ere.
Lehen saioan Mohamed Sidati Fronte Polisarioaren Europarako delegatuak Europako Estatuek Sahararen okupazioan duten erantzukizuna gogorarazi zuen, Espainiar Estatuak besteak beste duen erantzukizuna azpimarratuz. 40 urteren ostean arazoaren muinari heldu gabe jarraitzen duela adierazi zuen. “Ez dugu lortu Espainiak bere erantzukizunari heldu eta urratsak ematea, Portugalek Timorekin egin zuen gisan, esate baterako”, adierazi zuen. Saharako gatazka konpontzeko bidea bere autodeterminazio eskubidea aplikatu eta beren etorkizuna libreki erabakitzen uztea dela gogorarazi zuen.
Horrez gain, herrien eta herritarren 40 urteko elkartasuna eta babesa goraipatu eta eskertu zuen. “Herrien arteko elkartasuna ezinbestekoa da, zapaltzen gaituen sistema berdina baita guztiontzat.” Europar Batasunaren jarrera ere salatu zuen, beste aldera begiratzen duelako, “gutxi batzuen interesei” men eginez. Europar Instituzioek euren burua merkatuei saldu dietela salatu zuen.