Korapiloa, Erreforma Politiko garaiari buruzko proiektua martxan

Martxan da Erreforma Politikoaren 40. urteurrena dela eta garatuko dugun Korapiloa izeneko proiektua www.iratzar.eus/korapiloa webgunean. Iratzar Fundazioak iragana, gaur egungo egoera eta etorkizuna uztartu nahi ditu bere ikerketa, hausnarketa, eztabaida eta proposamenen formulazio jardueretan.
Francoren Diktaduraren ondotiko urteetan gertatutako prozesua, erreforma edota trantsizioa deitua izan dena, tarte historikoa garrantzitsua da oraingo errealitatearen aurrekariak ulertu eta, era berezian, Euskal Herriaren geroa pentsatzean.
Nabarmena denez, orduan ezarritako paradigma sozio-ekonomomikoa, eredu juridiko-politiko eta ardatz ideologiko-kulturalak krisian daude, Trantsizioaren Erregimenaren krisia sakon eta larriaz hitz egin daitekeelarik. Krisiak, bestalde, iraganari bestela begiratu eta bertsio ofizialak kolokan jartzeko joera areagotu du. Azkenengo hamarkadetan ez bezala, kolokan dago gaur egun Trantsizio Eredugarriaren Mitoa, irakurketa kritikak ugaltzen direlarik, besteak beste, Frankismoaren krimenen salaketari esker.
Erreforma politikoaren oroimena garrantzia handiko lehia bilakatu da. Batzuendako, mitifikatutako iragana itzultzea da kezka nagusia, aldaketa sakonei atea ixteko, baina indar demokrazia zale eta aurrerakoien ikuspegitik aukera berriak irekitzen dira orduan egin ez zena, hau da, Diktadura eta Diktaduraren atzean zeuden oinarriekiko haustura gauzatzeko, eta erreforma politikoaren irakurketa kritikoa baliagarria izan daiteke aipatu aukerak baliatzeko.
Alexandro Handiak gordiar korapilo ezpata kolpe batez hautsi zuen, elezaharren arabera. Batzuek gora eta behera ibiliak ziren korapiloa batetik ala bestetik askatzeko eta, finean, soken nahasmena hautsi egin zuen Alexandrok. Francoren hil ondotik sokatik tiraka edo korapiloa nondik askatzea bazegoen lehiaren erdian, gaur egun, euskal jendartearen premia itotzen gaituen soka haustea da, korapilo osoa hautsiz.
Gauzak honela, abiatu nahi dugun trantsizioaren inguruko ikerketa-hausnarketa kritiko hau ez da iraganari begirada hutsa, orainean eta geroan eragiteko asmoa duen iraganaren irakurketa eraikitzaile eta eraldatzailea da. Horretarako www.iratzar.eus/korapiloa webgune multimedian garaiko protagonisten bideo eta audio lekukotzak biltzen joango gara, gertakari garrantzitsuenen kontakizuna osatuz eta trantsizioaren irakurketa kritiko bat eginez. Horrekin batera, garaiko dokumentu grafikoak, idatzi garrantzitsuenak eta argitalpenak ere guztion eskura jarriko ditugu. Eta historiaren kontakizun osoa denbora lerro interaktiboan osatzen joango gara, gertakari garrantzitsuenen testuingurua azalduz.
Esan gabe doa, zuek eskura izan ditzakezuen mota guztietako garaiko dokumentuak gustura jasoko ditugula ahalik eta dokumentazio osatuena izateko. Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbidera bidali ditzakezue dokumentuok.
Webguneaz gain, erreforma politiko garaian protagonista izandako belaunaldien eta egungo belaunaldi gazteen arteko topaketak bultzatzeko asmoa ere azaldu nahi dugu. Ezker abertzalearen ibilbidearen transmisioa eta garaiko irakaspen politikoak, egungo lehia politikoan akats berak ez errepikatzeko zein formazio politikorako baliagarriak izan daitezkeela uste baitugu.
Azkenik, lan hau ezkerreko mugimendu independentista eta oro har, euskal indar eta eragile eraldatzaileen inguruko dokumentazio eta interpretazio esparrua garatzeko egitasmoan kokatzen dela esan behar dugu. Euskal Herriaren fruituak dira herri borroka eta jarduerak eta borroka eta jarduera horien oroimena gordetzea, elikatzea eta etengabean zabaltzea herritar libreak herri librean izateko baliagarriak izanen dira, inolako zalantzarik gabe.