NATOri buruzko hausnarketa sorta astelehenetik aurrera

Martxoaren 12an 30 urte beteko dira NATOri buruzko erreferendumetik. 1986ko martxoaren 12an Euskal Herriak ezetz borobila eman zion NATO erakunde kriminalari. Estatu mailan baiezkoa izan zen garailea, berriz, eta aurretik inposatuko erabakia legitimatzeko erabili zuen erreferenduma PSOEren gobernuak.
Bi izan ziren ezezkoaren aldeko herri ekimen garrantzitsuenak, euskal soberaniaren defentsaz lotutako Euskal Manifestua batetik eta ezkerreko eta herri mugimenduetako hainbat talde eta pertsonak biltzen zituen NATOren kontrako Mobida bestetik. Esanguratsuki, bi eragileetako pertsona erreferentzialak elkarrekin daude gaur egun lanean EH Bildun eta beste hainbat esparrutan. Hirugarren eragilea Pakea eta Desarmearen aldeko Kolektiboa izan zen. Beste talde asko ere oso aktibo izan ziren kanpañan, Jarrai, ikasle eta langile mugimendua, feministak, ekologistak…
Borroka hura gogoratu, utzi zituen aztarnak aztertu eta egun NATOk jokatzen duen paperaz hausnartzeko hainbat elkarrizketa egin ditu Iratzar Fundazioak. Astelehenetik aurrera publikatuko ditugu hemen.