[ESKOLA POLITIKOA] 'Nuevo Diccionario Político de Euskal Herria' hiztegia aurkeztu dugu

Txalaparta argitaletxea eta Iñaki Egañaren eskutik 'Nuevo Diccionario Político de Euskal Herria' hiztegia aurkeztu dugu. Liburu hau, hiztegiaren edizio zabalagoa, zuzendua eta eguneratua da, eta 700 definizio baino gehiago biltzen ditu. Euskal Herritik kanpo egindako gai historikoei eta politikoei buruzko eskuliburu eta hiztegietara ohitu gaituzte, horregatik da hau berezia, gurean eta ikuspuntu indigena batetik idatzitako lehena baita. Badu beste berezitasun bat ere, edukiari eta horren tratamenduari lotutakoa: arina, atsegina eta gertakariz betea da, kontsulta hutsa helburu duten hiztegi klasikoetatik urruntzen dena.
Izan ere, hiztegi hau gehiago da saiakera bat; bertan biltzen dira 700 definizio inguru, bere herriko politika eta bilakaera historikoa arretaz jarraitzen dituen edonorentzat behar-beharrezkoak. Diferentziaren zergatia ulertzeko gakoa ematen dute, eta hamaika borrokaren erro sakonak azaleratzen dituzte. Akademia-asmorik gabe, baina zorroztasunez eta zehaztasunez, betiere, Euskal Herriarekiko jakin-mina duen pertsona orori gomendatzeko moduko irakurketa da.