NATOri buruzko hausnarketa sorta astelehenetik aurrera

Martxoaren 12an 30 urte beteko dira NATOri buruzko erreferendumetik. 1986ko martxoaren 12an Euskal Herriak ezetz borobila eman zion NATO erakunde kriminalari. Estatu mailan baiezkoa izan zen garailea, berriz, eta aurretik inposatuko erabakia legitimatzeko erabili zuen erreferenduma PSOEren gobernuak.

Bi izan ziren ezezkoaren aldeko herri ekimen garrantzitsuenak, euskal soberaniaren defentsaz lotutako Euskal Manifestua batetik eta ezkerreko eta herri mugimenduetako hainbat talde eta pertsonak biltzen zituen NATOren kontrako Mobida bestetik. Esanguratsuki, bi eragileetako pertsona erreferentzialak elkarrekin daude gaur egun lanean EH Bildun eta beste hainbat esparrutan. Hirugarren eragilea Pakea eta Desarmearen aldeko Kolektiboa izan zen. Beste talde asko ere oso aktibo izan ziren kanpañan, Jarrai, ikasle eta langile mugimendua, feministak, ekologistak…

Borroka hura gogoratu, utzi zituen aztarnak aztertu eta egun NATOk jokatzen duen paperaz hausnartzeko hainbat elkarrizketa egin ditu Iratzar Fundazioak. Astelehenetik aurrera publikatuko ditugu hemen.

 

[HITZALDIA] Irlanda-Euskal Herria: presoen ekarpena zertan den

Bihar hitzaldia egingo da 19:00etan Donostiako Iratzar Aretoan (Zuatzu enpresa parkea) presoek gatazken konponbidean duten zereginaz. Horretarako Irlandako esperientzia ezagutu eta Euskal Herrian EPPK-k egin duen ibilbidez jardungo dute honako kideek:

Martina Anderson: Irlandar preso ohia. Sinn Feineko Eurodiputatua. Europako parlamentuak Palestinarekin harremanetarako duen delegazioko lehendakaria. Tratatuko duen gaia: irlandar preso politikoak askatzeko prozesua.

Paul Kavanagh: Irlandar preso ohia. 1998an kaleratu zenetik bake prozesua sustatzen aritu da Derryn lan komunitarioa eginez hasiera batean, eta ondoren, Ipar Irlandako ejekutiboko Lehen Ministroa den Martin McGuinnesen kontseilari politiko gisa. Egun, Sinn Feinen programa politikorako departamendua zuzentzen du Iparraldeko Asanbladan. Tratatuko duen gaia: irlandar preso politikoen egoera eta ekarpena kaleratu ostean.

Antton Lopez: euskal preso politiko ohia. 2013an kaleratu zuten Parot Doktrina Estrasburgoko epaitegiak bertan behera utzi ondoren. Tratatuko duen gaia: EPPKren ibilbidea eta aterabideak.

Sarrera mugatua izango da eta beraz aurrez izena eman behar da hemen: https://batzarrak.sortu.eus/presoen_ekarpena

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.