Iratzar Fundazioa, iraultza demokratikoa eta euskal estatuaren eraikuntza XXI. mendeko sozialismoaren bidean

Iratzar Sortuk abiatutako Fundazioa da, ikuspegi estrategikoa landuko duena, epe laburreko erronka, mezu eta eztabaidetatik haratago.

Ideien lehia izanen da Iratzar Fundazioaren lan esparru nagusia, Euskal Herria aske, sozialista, independiente, euskaldun eta feminista lortzeko estrategiaren zerbitzura.

Gaur egungo ezker independentista urteetako ibilbidearen fruitua da. Iratzar Fundazioak ezker independentistaren erroak, bere ibilbidearen gakoak, gaur egungo egoeraren diagnostikoa eta etorkizunerako egitasmo eta bideak landuko ditu.

Geroari begira lan eginen du, batez ere, Iratzar Fundazioak. Iraultza demokratikoa, sortu nahi dugun estatu independientearen definizioa eta Euskal Herriak behar duen XXI. mendeko egitasmo sozialistaren formulazioaren sakonketa izanen dira lanaren lehentasunak.

Halaber, Iratzar Fundazioak ezker abertzalea eta Euskal Herria munduko askapen ahalegin eta berriztapen ideologiko eta politikoen kartan kokatu eta uztartuko ditu.

Sortu ohiko alderdia ez delarik, Iratzar Fundazioa ez da ohiko fundazioa izanen, guk ez baitugu pentsalari-adituen klub elitistarik antolatu nahi. Honenbestez, Iratzarrek jakintza, hausnarketa, azterketa eta egitasmoaren formulazio gaitasunaren herritaratzea izanen du helburu.

Iratzar Fundazioak eskua luzatu nahi die Euskal Herria aske eta justuagoaren alde elkarlanean jardun nahi duten pertsona eta eragile kolektibo guziei.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.