Prozesu Eratzaileak dira demokratizaziorako funtsezko tresna

Atzo ekin genion Neguko Unibertsitatearen bigarren zikloari Gasteizko Artium Museoko auditorioan. Nahiz eta hasiera batean Ignacio Aldekoa Kultur Etxean egitekoa zen saioa, Arabako Foru Aldundiak azken unean zentsuratu egin zuen. Auditorio erdia baino gehixeago beteta, hizlariek Latinoamerikatik ekarritako irakaspenak adi entzun zituzten eta eztabaida interesgarria izan zen galderen tartean. Hemen duzue bilduta “Cuando la brújula mira al sur, experiencias de emancipación en América Latina” saioak emandakoaren kronika.

Raul Zelik idazle eta analista politiko alemaniarra izan zen lehena hitza hartzen. Urte asko eman ditu atzera eta aurrera Latinoamerikako iraultzetan, Venezuelan batez ere. Zelikek esan zuenez, Latinoamerikako prozesuek eraldaketaren ikuspegi berriak eman dizkigute. Hain justu, 80ko hamarkadan ezkerraren krisi handiena zegoen herrialdeetan eman da aldaketarik handiena: Venezuela, Ecuador, Bolivia eta Argentina. “Hutsune politiko handi batetik atera dira.”

Zeliken esanetan Venezuelako prozesua ez da ezkerraren teorikoek eta XX. mendeko praktikek irudikatu izan duten ohiko iraultza. Baina ez da izan ohiko erreformismoa ere. Hiru elementu konbinatu dituen prozesua izan da: haustura, jarraitutasuna eta eraldaketa.

Izan ere, Venezuelan Caracazotik Chavezen garaipenera arte, intsurrekzio herritar etengabeak izan ziren baina ez zen iraultzarik gertatu. Chavezek berak ere hauteskundeen bidez lortu zuen garaipena eta lehen urteetan ez zuen zalantzan jarri aparatu nagusiak, jarraipena izan zen Zeliken esanetan.

Hirugarren elementua, eta aldaketa erreformista ez izatea ekarri zuena Prozesu Eratzailea izan zen Zeliken ustez eta hortik ikasi behar dugu Europan, hemen konstituzioak “iruzurra” baitira. “2003an, Estatu kolpe saiakeren ondoren, oinarriko herri komunitateek Konstituzioa eraldaketarako programa gisa aldarrikatu zuten. Elementu demokratizatzaile eta elementu sozial antineoliberalak zituzten baina horrez gain Konstituzioa egitea prozesu oso parte hartzailea izan zen.” Latinoamerikako prozesu horiek zerumuga berriak ireki zituzten analista alemaniarraren esanetan.

Era berean, prozesuaren izaera anbibalentea aldarrikatu zuen Zelikek. Ezkerreko ekintzaile eta teorilari askok hasieran Chavezen proposamena irekiegia eta anbibalente gisa ikusten zuten. Aldiz, Laclauren teoria populista azpimarratu zuen Zelikek hori ulertzeko gako gisa. Populismoa, heterogeneitatearen ispilu gisa, hauek ideia batzuen bueltan artikulatu ahal izateko. “Klasea eta kapitalaren arteko kontraesana ez da ezkerrak dioena bezain handia. Beraz, garrantzitsua da diskurtso anbibalentea egitea herri sektoreak batzeko.”

Elementu kontraesankor horiek prozesuarekin bakarrik argitu dira. “Prozesu hegemonikoak anbibalenteak eta kontraesankorrak izan behar dira, nahiz eta ezkerrak etengabe eztabaidatu eta zalantzan jarri behar dituen elementu horiek.” Sozialismoa esaterako ez zen aldarrikatu 2005era arte, galderen tartean gogorarazi zuenez.

Aldiz, dena ez da ona izan Raul Zeliken ustez. Bere pentsamendua beti instituzioak eta Estatuaren eraldaketa gaitasuna zalantzan jartzekoa dela aitortu ostean (lehen orain baino gehiago, argitu zuenez), Estatuak aukera batzuk eman ditu Venezuelan. Aldiz, bere ustez egun berriz ere oztopo da aurrera egiteko. “Populismoak lidergo bakarreko eta oportunismoko klima sortzen du. Kultura politikoa, liderrak dioenaren araberakoa da. Estatuan areagotu egiten da, denek nahi dutelako boterea dutenen taldean egon.”

Bere parean gainera klientelismoa eta ustelkeria burokrazia berriaren partetik agertzen direla gogorarazi zuen. Bestetik, Estatu ongileak (nahiz eta hori den denok nahi duguna) botere harreman paternalistak sorrarazten dituela azaldu zuen, herri sektore horiek ahaldundu beharrean, autoeraketa eta autonomia sustatuz.

Zentzu horretan, oso garrantzitsutzat jo zuen Komunen eraikuntza prozesua. “Estatuak gobernu iraultzailearekin ere dominazio aparatu izaten jarraitzen du. Zaila da Estatua erreskatatzea.” Alternatibek behetik gorako ahalduntze prozesuak dituzte Zeliken ustez. “Campamentos de Pioneros” ekimena jarri zuen adibidetzat. “Estatuak bitartekoak eskaintzen ditu. Komunitateek egin.” Autoantolatzeko gaitasun hori da prozesu emantzipatzaile hauen arima eta etorkizunerako funtsa.

“Estatuaren aurkako analisia beharrezkoa da, dominazio aparatua delako. Baina jendarte emantzipatuek ere Estatua behar dute. Komunen koordinazioa Estatuaren antzeko zerbait da.

Estatua izatea interesgarria da, aldaketa soziala planteatzen badu eta hori eraikitzeko balio badu.”

Beraz, Zeliken ustez, Prozesu Eratzailearen prozesua orain hasi behar da, kontratu sozial berria eratzeko eztabaidak mahai gaineratuz jendea ahalduntzeko. “ Demokrazia erreala izan daitekeela berrerakusten du. Elementu demokratizatzaile funtsezkoena da Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian.”

Iraultza, Estatu Soziala eta Herri Boterea kontzeptuen erreskatea

Luismi Uharte izan zen bigarrena hitza hartzen. “Gure iparra hegoan da. Latinoamerikak buelta eman dio mapari berari ere, horrek mundua ikusteko eran dakarren aldaketarekin.”

Uharteren ustez Latinoamerikako prozesuek hainbat kontzeptu erreskatatzea ekarri dute.

  1. Iraultza kontzeptuaren erreskatea: Europan Berlineko harresia erori ostean “batzuek esan zuten iraultzak amaitu zirela eta demokrazia etorri zela (liberala). Baina iraultza demokraziarekin bateratu dute. XX. mendeko sozialismoen autokritikatik.”

Bide horretan, bide zibilaren hautua egin izana aipatu zuen. “Ez biolentziaren erabileraren zilegitasunaren kritika batetik, baizik eta prozesu ahalduntzaileak garatzeko elementu estrategiko gisa.”

  1. Estatu sozialaren erreskatea: Estatua eskubide sozialen bermatzaile gisa berreskuratu dute Uharteren esanetan. Europan egun bizi dugun egoeran guztiz beharrezkoa. Demokrazia birdemokratizatu dute. Europan eman den eskubideen merkantilizazioaren kontra, hauek eskubide sozialen eremuan kokatu dituztela azpimarratu zuen.

  1. Herri boterea eta parte hartzea berreskuratzea. “Egin dutena ez da demokrazia errepresentatiboa ordezkatzea baizik eta inpugnatzea. Baina onartuz errepresentatibitatea beharrezkoa dela parte hartze prozesuen tamaina kuantitatibo batzuetatik gora.” Hau beri ere demokrazia parte hartzailean sakonduz egin izana da ikasgaia.

Norabide horretan, Prozesu Eratzaileen garrantzia eta hauek eraiki diren modua aipatu zituen Uhartek ere. “Parte hartze herritarra, herri boterea kontzeptu zaharrarekin lotzen da. Potentzial teoriko eraldatzailea du gaur egun ere.”

Prozesu Eratzaileotan, Kontseilu Komunalen papera azpimarratu zuen Uhartek. “Boterearen arkitektura berri bat eraiki dute horrela.”

Subjektuei dagokienean, iraultza garatu duten subjektuak ez dira izan teorialariek zehazten dituztenak, baizik eta bazterreko edo ikusezinak izan diren subjektuak: pobreak, emakumeak...

Plano ekonomikoan, Latinoamerikak modelo neoliberalarekin hautsi duela nabarmendu zuen Uhartek. “Chavezek 1998an irabazi zuenean bakarrik zegoen. Hortik eratu da pixkanaka aldaketa beste Estatuetara.” Beraz, Europan ere Grezian Syrizak izandako garaipenarekin, nahiz eta elementu txiki eta isolatua dirudien, aldaketaren abiapuntua izan litekeela azpimarratu zuen.

Zentzu horretan, Latinoamerikako herriek plano ekonomikoak egindako aldaketak nabarmendu zituen. “Borondate politikoa da gakoa. Estatu interbentorea berreskuratu dute politika postneoliberalak bultzatzeko: nazionalizatzeak, politika fiskaletan aldaketak eta abar.”

Sozialismo ideiaren erreskatea

Guzti horrez gain, sozialismo ideia erreskatatu izana nabarmendu zuen Luismi Uhartek, “kapitalismoa gainditzeko zerumuga erradikal gisa.” Zentzu horretan, garai historiko bakoitzeko errezetan zein izan behar diren asmatu izana azpimarratu zuen. “Hasiera batean, prozesu antineoliberal gisa gorpuztu ziren, hauteskundeak irabazteko ez baitzuen zentzurik sozialismoa aldarrikatzea.” Gerora etorri da sozialismoaren aldarrikapena, “modu oso ausartean.”

Alta, Sozialismoa bai, baina guztiz autokrikoa XX. mendeko esperientziekiko bi elementutan batez ere: autoritarismoa eta gehiegizko estatutzea ekonomian. Aldiz, sozialismo hitzaren hiperinflazioa dago egun Uharteren esanetan Venezuelan. Kontzeptua gastatu eta banalizatzeko arriskua aipatu zuen. “Latinoamerikan politika neosozialdemokratek hala ere balio handia dute eta hala hartu behar dira.”

Azken ekarpen gisa, deskolonizazioaren eta Estatu plurinazionalen ideia plazaratu zuen. Eztabaida irekia egin izana. Hortaz hitz egitea normaltasunez da ekarpena. “Beste kontu bat da hemen balio digun horrek. Nik uste dut ezetz, beste koordenada batzuk ditugulako.”

Ecuadorren garatutako Buen Vivir-aren kontzeptua gogoratu zuen azkenik. Modernitate okzidentala eta garapen desarrollistaren aurreko “ekuazio iraultzailea”. Epe motzera ez da beharbada eztabaida urgenteena baina ezkerrak heldu behar dion kontua dela nabarmendu zuen. Galderen tartean hala ere, kritika dezente jaso zituen aldarrikapen horrek. Zeliken ustez adibidez, errealitatea baino ideal edo utopia bat da hori oraindik.

Uhartek onartu zuenez, “hegemonia eraikitzeko prozesuetan kontraesan ugari sortzen ditu kontsumismoaren aurkako borrokak, oso barneratuta dugun bizimodua baita.”

Estatu Batuen mundu unipolar eta inperialistaren aurrean, Nazioarteko geometria berria eraikitzen jakin izana goraipatu zuen azkenik Uhartek. “Multilateralismo pragmatikoa inperialismoarekiko menpekotasuna hausteko. Aliantza taktikoan beste agente batzuekin. Guretzat, Bruselarekin aukerarik ez badago, mundua egun multipolarra da.”

Latinoamerikaren integrazio prozesua, kontrabotererako tresna gisa baliatu izana azertutzat jo zuen: ALBA, Telesur, Mercosur eta antzeko erakundeen sorkuntza elementu estrategikoak direla azpimarratu zuen.

Mundua alderantziz

Yolanda Rojas Venezuelako Kontsulak azaldu zuenez “iparrorratza alderantziz dabil.” Baina baita mundua ere. Inperioen gidari izandako Europa zaharra miserian hondoratzen ari dela eta aldiz kolonia izanak, eraldaketaren erreferentzia bilakatu direla azaldu zuen bere hitzaldian. “Orbita neoliberaletik atera eta burujabetzaren aldeko borroka berpiztu da.”

Latinoamerikako Estatuek neoliberalismoaren aurka azken hamarkadan egindako borrokei errepasoa eman ostean, “Latinoamerika egun utopien laborategia” dela esan zuen Rojasek. Alta, bertako herritarrek sarri penaz hartu dute Europako Estatuengandik jasotako mespretxua kontsularen hitzetan. “Herrialde bananero, alfer, kazikil gisa definitu izan gaituzte. Ez dute esfortzurik egiten ezagutzeko ere.”

Aldiz, kaleko jendearekin ez dela berdina gertatzen nabarmendu nahi izan zuen. “Atentzioarekin eta kuriositatez ikusten gaituzte.”

Amerika gero eta biziago dagoela eta gero eta bere buruaren jabeago dela esan zuen. “Mezu iraultzaileak forma hartu du eta herritarrek independentziaren bandera hartzea erabaki dute berriz ere.” Bidea ez dela ordea erraza nabarmendu zuen. Barne kontraesanez gain, “inperialismoaren kolpeak jasan ditugu.”

Europa aldiz, gaur egun Estatu Batuen inperioaren “konpartsa gajo” gisa ikusten duela adierazi zuen Rojasek.

Eraldaketarako gakoa, kaltetuenak diren subjektuei euren izaera aitortu eta boterea ematea dela gogoratu zuen Rojasek eta hain juxtu hori dela inperialismoak euren aurka egiteko arrazoia. “Zein da ba gure herrien aurka erasotzera bultzatzen dituen arrazoia: haurren heriotza kopurua jaistea, hezkuntza, osasuna, babes soziala eskaintzea herritar guztiei.” Venezuelak aurrera egingo duela azalduz amaitu zuen hitzartzea.

 

Jarraian dituzue bilduta eztabaidak emandakoak twitter bidez:

 

Gehiago...

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.