Gobernua eskuratu behar da aldaketa hegemonikoak egiteko

Asteazkenean, Iruñeko Katakrak liburu dendako aretoa postneoliberalismoaren muinetik datorren ahotsa entzuteko parada izan genuen Iratzar Fundazioak antolatuta. Emir Sader soziologo eta intelektual brasildarrak Latinoamerikako aldaketa prozesuen gakoak azaldu zituen egungo egoeraren analisi zorrotza eginez, ordu eta erdiko saioan. Entzuleen latinoamerikar ugari, eta galdera zein planteamendu interesgarri franko.
“Marx-ek esan zuen gisan, kapitalaren helburua ez da onurak sortzea, aberastasuna metatzea baizik”. Ideia hori egungo Europako testuinguruan kokatuz hasi zuen hitzaldia Emir Saderek. Aldaketa handien garaian bizi dira Europan zein Latinoamerikan, nahiz eta fase ezberdinetan egon. Eredu neoliberalean “paperen trukea” dela oinarria gogorarazi zuen, espekulazio tresna gisa erabiliz, “eta horrek ez du ez lanposturik sortzen eta ezta onura komunik ere.”
Latinoamerika ere egoera honetatik pasea dela adierazi zuen. “Sistema neoliberalek dena desegin zuten: pentsioak, osasuna, hezkuntza, dena.” 1990eko hamarkadan ez zegoela atzera bueltarik zirudiela gogorarazi zuen.
Alta, aldaketa etorri da Latinoamerikako Estatu gehienetara, “nahiz eta gobernu batzuk moderatuak diren”. Estatu postneoliberalak deitzen die horiei Saderek. Hiru ezberdintasun azpimarratu zituen: lehenengoa, politika sozialei lehentasuna ematen dietela, bigarrena Estatuek ekonomian duten esku hartze maila eta hirugarrena AEBekiko autonomoak diren integrazio erregionalerako proiektuak martxan jarri izana. Mexiko jarri zuen kontrapuntu gisa.
“Lorpen handia izan da herritarren kontsumorako onuren hedapena egin izana Latinoamerikan”, azaldu zuen. “Beste egoera batean eta mundu mailan dagoen krisiarekin, egun Latinoamerika atzeraldian legoke.”
Egun gainera, AEBen menpeko mundu unipolar inperialistarekiko alternatiba dagoela gogorarazi zuen, Latinoamerikaren integrazio prozesua eta BRICSek, geopolitikan eragin dituzten aldaketak adieraziz. “BRICSen oinarrizko borroka, AEBen inperialismoaren aurkako borroka hegemonikoa da.” Aliantzak zentzu horretan bilatu behar direla defendatu zuen.
Dena den, dena ez da polita Latinoamerikan. Neoliberalismoak ekarritako hiru arazo larri aipatu zituen, egoerari buelta ematea nekezak direnak gainera: prekarizazioa eta horrek dakartzan egoera sozial larriak eta desindustrializazioa. “Latinoamerikak lehengaiak esportatzen ditu baina ez du ezer produzitzen. Dena inportatzen du, eta hori arazo oso larria da” Saderen esanetan.
Neoliberalismoaren dominazio ideologiko suntsitzailea
Alta, bada hirugarren elementu kezkagarri bat ere: “dominazio ideologikoa suntsitzailea da. Dena merkantilizatu daitekeenaren ideia hori, amets amerikarrarena.” Hortaz, gobernuak eskuratzea beharrezkoa da Saderen ustez, “Estatuak balioen hegemonia borrokarako funtsezko tresna baitira.” Egun munduan, elkartasuna, lankidetza, parekidetasuna eta antzeko balioetan oinarritutako Estaturik ez dagoela adierazi zuen, erronka seinalatuz.
Saderen ustez faltsua da pribatua eta Estatalaren arteko eztabaida. “Ez da hori eztabaida: eredu merkantila eta publikoa edo komunaren defentsaren artekoa da.” Saderen ustez “eurena ez da pribatuaren defentsa, baizik eta guztiaren merkantilizazioa, dena saleros daitekeenaren ideia da. Gurea aldiz ez da eredu estatalaren defentsa, publikoaren eta komunaren defentsa baizik.”
Zentzu horretan, herritarren politizazioaren garrantzia azpimarratu zuen. Aldaketak etorri zirenean, herri mugimenduen autonomiari buruzko eztabaida piztu zela gogoratu zuen, “baina autonomia zerekiko?”. Autonomiaren defentsak, ia elementu politikoaren errefusa ekarri zuela adierazi zuen, mugimendu horiek alderdiak, sindikatuak eta erakunde politikoak sistemaren parte zirela gaitzetsi baitzuten.
“Ez badituzu botatzen ez doa inor”
Horren adibide gisa jarri zituen Argentinako piketeroen mugimendua eta Bolibiako kasua. “Boterea konkistatu gabe mundua aldatu zitekeenaren ideia defendatu zuten.” “Que se vayan todos” leloaren bueltan jardun zutela adierazi zuen Saderek, “baina gobernutik ez badituzu zuk botatzen, ez doa inor.” Argentinan, esaterako, Menemek garai hori pribatizaziorako baliatu zuela gogorarazi zuen. “Bolibian berriz, herri mugimenduek bost gobernu eraitsi zituzten, herri mugimenduetako jendeak gobernua eskuratzea erabaki zuten arte, Evo Moralesen bidez.”
Aldaketa politikoetarako ezinbesteko elementua da beraz Saderen ustez gobernuaren konkista. Balioen hegemonia borrokarako eta aldaketa politiko, ekonomiko eta sozial sakonetarako tresna dela Estatua defendatu zuen. Zentzu horretan, Europan ere aldaketa ekarri dezaketen mugimendu eta erakunde politiko berriak eratzea poztekoa dela esan zuen.
Neoliberalismoaren aurkako borroka, sozialismo berrirako enbrioi
Gobernu eraldatzaileak egonda, herri mugimenduak husteko arriskua ote dagoen galdetuta, ezezkoa adierazi zuen soziologo brasildarrak. “Arazoa ez da herri mugimenduetako koadroak non dauden baizik eta jendearen despolitizazioa.” Saderek esan zuenez, eskuinak ez du herri mugimendurik jendartean penetratzea lortzen, bai aldiz komunikabideen bidez herritarrak despolitizatzea. “Hori da eskuinaren estrategia. Arazoa da ordea, ez dutela hautagai egokirik hauteskundeetarako, denek baitute lotura iraganarekin.”
Bestetik, diskurtsoetan ezker/eskuin binomioa baztertuta ez ote den politika galtzaile aterako galdetuta, Saderen ustez, programa da garrantzitsuena eta ezkerrak bere diskurtsoak eta estrategiak berritzen jakin behar du gehiengoak biltzeko. Gazte belaunaldiak orain politikaren kritika legitimo batetik politizatzen ari direla esan zuen, Europan ikusten den gisan. “Politika erreskatatu behar da, baina ez politika zaharra.” Adostasunak eta aliantzak bilatzeko garaia da Saderen ustez.
Azkenik, brasildarraren ustez, neoliberalismoaren aurkako borroka,aldaketa sozialistarako antikapitalismoaren enbrioia da. “Sozialismoa oso kontzeptu abstraktua da eta prozesu praktikoen bidez egingo da bidea.”