Euskal Estatua bizitza ona eta zoriontsua izateko

Dozenaka lagun bildu ziren astelehenean Gasteizko Artium Museoko Auditorioan, “Frente al neoliberalismo, independencia del buen vivir” mahai ingurua entzuteko asmoz. Latinoamerikari erreferentzia garbia egiten dion izenburuarekin, Mikel Zuluaga, Igor Arroyo eta Miren Larrionek Estatua zertarako nahi dugun marrazten saiatu ziren.
Mikel Zuluagak hasieratik adierazi zuen mundu honetan ez garela bizi besterik gabe, “de paso”, baizik eta kolektiboki ondo bizitzeko. “Asko aspaldi konturatu gara ondo bizitzeko ez dagoela bestea zapaldu beharrik, amalurra zapaldu beharrik.”
Zuluagaren ustez beste mundu bat eraikitzea posible da araututakotik harago joanez. Jendea “politika konbentzionalarekin nekatuta” dagoela adierazi zuen. Horretarako, Estatu horizontal eta demokratikoa nahi dugun gisan, ezker abertzalean ere EH Bilduk eskema berari jarraitu behar lukeela azaldu zuen. “Sortzaile sozialak” izan behar gara bilbotarraren ustez.
Bestetik, kapitalismoa ez da “hor kanpoan dagoen zerbait” Zuluagarentzat. “Birusa gure barnean dago.” Aldaketa norberagandik hasten dela defenditu zuen, “jarrera kontua da.” “Eraldaketa bidea da eta ez helburua.”
Ildo berean, Zuluagaren ustez ez du zentzurik Estatu modernoa eraikitzeak “ez badugu eredu sozial postkapitalista bat eraikitzen.” Burujabetza behetik gora eraiki behar dela esan zuen, “erabakiaren bidea erabakiz egin behar dugu.”
Prozesu soziala garatzeko sindikalismoa birpentsatu
Igor Arroyo LABeko kideak hartu zuen ondoren hitza. Bere esanetan, burujabetza eta subiranotasunaren kontzeptuan indarra hartu dute berriz ere krisiaren ondorioz. Alta, “ez gara guztiz asmatzen ari askapen nazionalerako eta sozialerako borrokak uztartzen” iruindarraren ustez.
Jendeak eguneroko beharrak lehenesten dituela esan zuen, eta horiek aldaketa sozialarekin lotzen direnez, “askok hori Espainiaren baitako erreforma batekin konpondu daitekeela uste dute.” Ordea, hori sistemak sustatzen duen diskurtsoa ere bada “mugimendu independentistaren gaitasuna kortozirkuitatzeko.”
Ezker abertzalean prozesu soziala sarri “apendize” gisa ulertu izan dela esan zuen, eta ez estrategiaren baitako zerbait gisa. Era berean, autokritika eginez, sindikatuak egoerari ez direla behar bezala erantzuten ari aitortu zuen eta herri mugimenduan berriz koadro politikoak falta direla.
Identitatea eta eguneroko beharren dikotomia gainditu behar dela ondorioztatu zuen. “Independentzia da langileen egunerokotasuna eraldatzeko tresna.” Euskal Bidea eraldaketa sozialerako eta herri ahalduntzerako tresna izan behar dela erantsi zuen. “Prozesu eratzaileak egunerokotasuna aldatu behar du orain hasita.”
Norabide horretan, sindikalismoa birpentsatu behar dela adierazi zuen. “Klase sindikalismoak zailtasun handiak ditu praktika eraldatzaileak garatzeko.”
Zoriontsu izateko, borrokarako alaitasuna
Mirel Larrionek kapitalismoak saltzen duen zoriontasun eredua kritikatuz hasi zuen hitzartzea. “Zoriontasuna sinplifikatzen da Coca Colaren zoriontasun azalekora edo ‘nire seme-alabak zoriontsu izatea nahi dut’ arketipora mugatzen da.”
Larrionek Maslowren piramidea azalduz, behar izan sozial horiek beteta, autoerrealizatuta lortzen den zoriontasuna defendatu zuen. “Nik ez dut nahi Coca Colaren zoriontasunik. Bai ordea, Gure Esku Dagoren giza katean bizi izan genuen alaitasuna.”
Bestetik, zibilizazio krisi batean gaudela azpimarratu zuen horren adibide sakona eginez: krisi ekologikoan jarri zuen arreta hala ere. Errekurtso mugatudun planeta dela Lurra eta beraz “mendebaldeko herrialdeetan behintzat” ez haztea planteatu behar dela adierazi zuen. “Garatu bai, hazi ez. Gure bizitzetako gauza asko merkatutik atera behar ditugu eta gure artean banatu zereginak.” Ekonomia desmaterializatu eta deszentralizatu beharra aldarrikatu zuen. Transition Towns mugimendua jarri zuen adibide gisa.
Herri mugimenduen paper eraikitzailea aldarrikatu zuen, protesta eta erresistentzia eskemetatik harago. “Eta instituzioak ezin dira aitzindari izan. Herri mugimenduen mesedera jardun behar dute. Baina era berean, argi izan behar dugu instituzioek eskaintzen dituzten tresneria gabe, eraldaketa prozesuak ez direla hain eraginkorrak.”