Zer da Neguko Unibertsitatea?
Iratzar Fundazioak bere Eskola Politikoaren baitan martxan jarri duen ekimena da Neguko Unibertsitatea. Hausnarketa sakon eta zabala egin nahi dugu, era iraunkorrean, eta Neguko Unibertsitatea Sorturen ekarpena da denon artean egin beharreko hausnarketa horretan.
Eskola Politikoaren bidez hausnarketa eta trebakuntza politiko kolektiboa bultzatu nahi dugu. Izugarrizko aldaketarako energiak daude Euskal Herrian, esperientzia luzea batetik eta berrikuntzarako gaitasuna bestetik, Euskal Herri hobea eraikitzeko baliatu behar ditugunak.
Une garrantzitsua da nazioarteko esparruan eta gertuen dugun agertokietan eta ongi erantzun behar dio errealitate honi. Horretarako, bi mailatako hausnarketa bultzatu nahi dugu, batetik, nazioarteari begira, munduan eta batez ere esparru gertuenetan gertatzen ari dena aztertzeko, eta guzi hori aintzat hartuta, gure herriari begira.
Aldaketa handiak atzematen ari dira munduan: polaritate anitza, poterearen inguruko lehiak, presioak, gatazkak, estatuen lerrotzea, Europaren krisi sakona, Estatu Batuak eta Europaren arteko Itun Komertzial berria... Hau dena aintzat hartu behar dugu.
Kapitalismo neoliberalaren erasoa erraldoia da eta dena aldatzen ari da. Miloika lagunen bizitza eta lan baldintzak pikutara doaz, pobrezia zabaltzen da nonahi gutxi batzuen aberastasuna biderkatzen delarik: mundua gero eta injustoagoa da, ezberdintasunak gero eta handiagoak. Joku arauak ere aldatzen ari dira eraso honen ondorioz eta politika kapitalen menpe dago.
Gauzak horrela, jendeak erreakzionatu egin du erasoaren aurrean, era ezberdinetan, eragile berriak, protestak, alternatibak Amerika Latinan eta beste hainbat lekutan, eta, era berezian, estatua eta soberania berrirakurtzen ari dira: argi dago estaturik gabe ez dagoela eraso honen aurrean eta mundu mailako aldaketan bizizauterik.
Haserrea, mugimendu berriak eta Eskozian eta Catalunyan gertatzen ari dena testuinguru honetan kokatu behar dira. Nabarmena da espainiar eta frantziar estatua krisi larrian daudela, eta batez ere ez direla euskal herritarrondako tresna onuragarriak. Euskal Herrian pentsatu behar dugu non kokatu nahi dugun gure burua eta nora joan nahi dugun. Menpekotasunak kalte egiten digu, egoera honetan, soberania berreskuratu behar dugu eta demokrazia eta justiziaren aldeko mundu mailako mugimendu anitzan parte hartu behar dugu.
Neguko Unibertsitatean gako horien inguruan hausnartu nahi dugu. Ekimen honek bi esparru izanen ditu, lehena, barne mailakoa, Sortuko kideei begira, hainbat hausnarketa eta trebakuntza tailerren bidez. Eta, bigarrena, nagusia, era irekian, hainbat mahai inguru eta hitzaldien bidez.
Galdera nagusi bati erantzun nahi izan diogu 2015eko Neguko Unibertsitateaz: eta Euskal Herriak zer?
Finean, mundu zabalean eta mundu hurbilean gertatzen ari dena ongi aztertu eta gure buruari galdetu nahi diogu non kokatu nahi dugun Euskal Herria eraso neoliberaleren aurrean, demokraziaren inguruko lehian, eredu sozioekonomikoen eztabaidan eta, era berezian, estatu eta soberaniaren inguruko eztabaidan.