“Burujabetzan eta demokrazian sakondu behar da mundu globalizatu konplexuan herri boterea eratzeko”

Atzo hasi zen Iratzar Fundazioak antolatu duen lehen Neguko Unibertsitatearen lehen zikloa. “Soberanía, derecho a decidir y ruptura democrática” titulupean Alba Nogueira (Galiza Sempre), Carles Riera (CIEMEN) eta Karmelo Landak (Iratzar) Europako testuinguruan, Globalizazioari aurre egiteko subiranotasuna berreskuratzeak duen garrantziaz jardun zuten luze eta zabal, Gorka Bueno kazetariaren gidaritzapean. Ehun lagunetik gora bildu ziren Katakrakeko areto nagusian.
Europar Batasunean subiranotasun edo burujabetza esparruak gero eta murritzagoak dira. Argi mintzatu da gaiaz Alba Nogueira. Krisia hasi zen arte EBk eredu ekonomikoa zehazten zuela gogorarazi du. Baina, eredu soziala Estatu bakoitzaren esku egon izan da. Krisiaren aitzakiapean ordea, eredu neoliberalaren erasoaldiarekin eredu soziala ere bere gain hartu dute EBk Nogueiraren esanetan. Horren erakusle nabarmena da Espainiako Gobernua konstituzioaren 135. atalean aldaketa egitera behartu izana, zorraren ordainketa lehenetsiz eta subiranotasuna murriztuz.
Finean, merkatuak habia berrien bila dabiltza eta Nogueiraren ustez jakin badakite epe luzera begira errentagarriena zerbitzuen pribatizazioa dela, herritar guztiok pasako baikara hezkuntza sistematik, osasun sistematik zein pentsio sistematik. Hala, eredu sozialaren aldaketa korporazio handiei ateak zabalduz egiten ari da. TTIP akordioa horretara datorrela, Estatuen eta herrien subiranotasuna nabarmen murriztuko duela ere ohartarazi du.
Zentzu horretan, Nogueiraren ustez zentralizazio prozesu gogor baten aurrean gaude Espainiako Estatuan zein Europako Batasunean, “errazagoa delako gauzak behin negoziatzea eta ez hamazazpi aldiz.” Beraz, herrien subiranotasuna ukatzetik harago, orain ditugun autogobernu maila eskasak deuseztera bidean ari dira lanean Nogueiraren ustez estatuak.
Horrek agerian uzten du ordea, markoa agortuta dagoela. Egoera honi aurre egiteko modu bakarra burujabetzan eta demokrazian sakontzea da Nogueiraren ustez. Jokoan dagoena ordea, subiranotasuna norena ote den da gaur egun Espainiako Estatuan.
Galizian, independentismoan azken urteetan izandako zatiketen ondorioz, prozesua ahul dagoela onartu arren, klase sindikalismoa indartsua dutela gogorarazi du Nogueirak. Neoliberalismoari frenoa jartzeko tresnak dira horiek, subiranotasunaren murrizketa hau auzi nazionala eta soziala baitira.
Ez bada herrien subiranotasuna onartzen, ez da haustura prozesua izango
Nogueirak eztabaida utzitako puntuan helduz, Rierak argi esan du Estatu Espainiarrean ez dela posible haustura demokratikorik herrien aitorpenik gabe. “Estatuak eta espainiako ezkerrak ere herrien aldebakarreko erabakitze eskubidea aitortu behar dute, bestela ez da haustura demokratikorik egongo, ezta balizko Errepublika espainiarrean ere.”
Jokoan dagoena beraz, herriak erabaki subjektu diren edo ez da Rieraren ustez. Katalunian Estatut-ak norabide horretan urratsak eman nahi zituen baina debekatu egin zutela gogorarazi du.
PP eta PSOEren itxikeriaren aurrean, espainiar “ezker berrian” debatea irekita dagoela uste du Rierak baina “Espainiar guztion artean erabaki behar dugu” esanda gaizki hasi dela azpimarratu du. Berri ona da bere ustez “Espainiar Estatuan erregimen aldaketa ematea, demokrazia erradikalizatzea… bikaina da, baina zein da guk prozesu horri egin diezaiokegun ekarpenik onena? Ospa egitea.”
Independentisten bokazioa aldaketa sozialarekiko elkartasunezkoa eta erantzukizunezkoa dela gogorarazi du kataluniarrak, “eta horretarako ze dinamika hoberik Estatu berri bat eraikitzea baino.”
Espainian ez dago zereginik beraz Rieraren ustez, baina subiranotasunaren gaia konplexuagoa dela aitortu du. Troika, Europar Batasuna, NATO eta antzeko erakundeak subiranotasuna koartatzen duten erakundeak dira irakaslearen ustez.
“TTIP atentatu handi bat da eta horri prozesu independentistekin erantzun behar zaio. Prozesu eratzaile autoeratu eta autoantolatuekin, behetik gora.” Zentzu horretan, aldebakartasuna aldarrikatu eta gero eta gehiago desobedientzia prozesuetan murgilduko garela azaldu du, “azaroaren 9ko ildoan sakonduz”, burujabetza berreskuratuz aldebakarreko independentzia aldarrikatu arte.
Ezkerretik gogoeta kritikoa
Karmelo Landak beste buelta bat eman nahi izan dio auziari, ezker tradizionala inperialismoaren “segidismoa” egin duela eta sobera kritikoak ez garela izan esanez.
Zentzu horretan Gerraren aurkako mugimendua piztu eta demokraziaren berrirakurketa egitea funtsezko elementutzat jo ditu.
“Europako ezkerrak hiru zulo beltz ditu: inperialismoaren proiektuaren menpekotasuna, estatu eta herriak Europan duten papera eta sistema politiko eta sozial zaharkituak.” Alta, badira zulo horietatik irteteko tesiak Landaren ustez.
Lehenengotik irteteko Piketty-ren programaren bost puntuak aipatu ditu Landak. Alta, horiek Europar Batasunaren erreforma soila planteatzen dutela eta beraz horiekiko ere kritikoa izan behar dela azpimarratu du. “Syrizaren proposamenak adibidez, sakonagoak dira.”
Estatu eta herriei dagokionez, errepublikanismo Frantsesaren falazia aipatu du. Ustez sistema igualitarista dena, aparheith sortzailea dela salatu du, “eurek aitortuta gainera.”Herrien subiranotasuna aitortzen ez duen ezkerrik ezin duela ulertu gaineratu du. “Zergatik defendatu behar da Espainiar Estatua bezalako estatu karka bat?” Kataluniak debate hori sakontzen lagundu duela uste du Landak.
Era berean, Greziako auzian, nahiz eta Estatua izan, burujabetza auzi gisa analizatu daitekeela uste du Landak.
Azkenik, hirugarren zuloari helduz, errepresentazio sistemak aldaketetarako blokeo sistema bilakatu direla gaitzetsi du. Horren adibide gisa jarri ditu, Nafarroako Parlamentuan sortu den CANen auzia aztertzeko batzordea UPNren esku geratu izana edo PP eta PSOEk batuta aldaketak oztopatzeko duten giltza zein EAEn EAJ, PP eta PSEk hartzen duten jarrera blokeatzailea.
Alta, ezkerreko alderdi eta sindikatuetan ere sistema berak errepikatzen direla salatu du, egitura sobera bertikalekin. Herri mugimenduetatik ikasiz ezkerra berritu beharra dagoela aldarrikatu du, herri mugimendua bera ere indartuz.
Rierak kataluniako esperientziatik gaineratu du, mugimenduak duenean lidergoa prozesuak aurrera egiten duela. Aldiz, instituzioen esku geratzen denean blokeatu egiten direla “azken hilabeteotan katalunian ikusi dugun gisan. Mugimenduek etengabe desbordatu behar dute.”
Estatu berriak neoliberalismoaren esperimentu gisa
Galdera eta hausnarketen tartera pasata, ezkerrak aldaketarako dituen aukerez hainbat gogoeta interesgarri utzi dituzte hizlariek. Carles Rierak esaterako, agintean dagoen korrontea oso kontserbadorea dela eta horrek ezker klasiko sozialdemokrata arrastratu duela aipatu du.
“Burujabetza prozesuak konplexuak dira eta autodeterminazioaz baino autodeterminazioez hitz egin beharko genuke.” Zentzu horretan herri burujabetzan sakontzeko deskonexioak bultzatu behar direla esan du. “Autodeterminazio prozesu bat aukera bat da baina ez du aldaketa soziala bermatzen. Katalunian bertan oso konplexua da, ezker independentistatik elite kontserbadoreetarainoko sektoreak batzen ditu.”
Tentsio horretan, CIUren asmoa Estatu ahul bat sortzea dela aipatu du, “neoliberalismoari ate guztiak zabalduz, neoliberalismoaren paradisu antzeko bat sortzeko.”
“Dena den, burujabetza berreskuratzeko aukera bat da gizarte antolaketa eredu berriak asmatzeko, demokrazia berrasmatzeko, politika publikoak defendatzeko, behetik eraikitzeko…” Rieraren esanetan.
Ildo horretan Landak salatu du, balizko independentziarekin, Europar Batasunetik kanpo geratuko garela mehatxu egin digutenean, defentsiban atera izan garela ezkerretik ere. “Akats galanta”. Europar Batasuna birpentsatu behar da ezkerretik eta Estatuak kuestionatu, EHUko irakaslearen ustez. Europak Munduan egoteko duen modua birpentsatu behar da. “Ze aliatu nahi ditugu? Nola? Zertarako?”.
Estatua beharrezko tresna izanda ere, marea aldatzeko ez dela nahikoa gaineratu du. Molde politiko-instituzional berriak pentsatu behar direla.
Arazo nazionala eta soziala mailakatzea faltsua da
Entzuleetako baten bere hitzartzean, Europan tentsio soziala haziz doala eta “kontu identitarioek zenbateraino balio duten aurrera egiteko” planteatu du. Nogueirak zorrotz erantzun dio. “Bereizketa hori faltsua da. Globalizazioa homogeneizatzailea da eta beraz borroka identitarioa borroka soziala ere bada.” Rierak zera gaineratu du: “Identitatea eredu sozial baten ikuspegitik elikatu behar da.”
Bolibian esaterako, “nahiz eta gure errealitatetik urrun egon”, inguruko herrialdeetako gobernu ezkertiarrekiko tentsioak sortzen direla adierazi du. “Eredu desarrollista eta estraktibistaren aurrean, Bolibia, indigenen eskubideak aitortzen dituen Estatu plurinazionala eraikitzen ari da, Bizitza Onaren teorian oinarrituta.”
Zera gaineratu du, ea nola den posible ezkerrak estatu ukatzaile bat defendatzea.