Aoiz: "Galdera nagusi bati erantzun nahi izan diogu 2015eko Neguko Unibertsitateaz: eta Euskal Herriak zer?"

Iratzar Fundazioak, orain arte, hainbat hausnarketa prozesu garatu ditu barne mailan, eta urrats bat eman nahi du Eskola Politikoa abiatuz. Neguko Unibertsitatea deitu dugu Eskola Politikoaren lehen ekimena, gure asmoa urteoro errepikatzea delarik.

Eskola Politikoaren bidez hausnarketa eta trebakuntza politiko kolektiboa bultzatu nahi dugu. Izugarrizko aldaketarako enerjiak daude Euskal Herrian, experientzia luzea batetik eta berrikuntzarako gaitasuna bestetik, Euskal Herri hobea eraikitzeko baliatu behar ditugunak. Eskola Politikoa, Sorturen militantziaren trebakuntzaz gain, gure herriaren politizazioan eragin nahi du, hausnarketa kritikoa sustatuz.

Ikastaro, hitzaldi eta bestelako jarduerak garatuko ditu Eskola Politikoak, eta lehena, esan bezala, Neguko Unibertsitatea izanen da. Ekimen honek bi esparru izanen ditu, lehena, barne mailakoa, Sortuko kideei begira, hainbat hausnarketa eta trebakuntza tailerren bidez. Eta, bigarrena, nagusia, era irekian, hainbat mahai inguru eta hitzaldien bidez.

Galdera nagusi bati erantzun nahi izan diogu 2015eko Neguko Unibertsitateaz: eta Euskal Herriak zer?

Finean, mundu zabalean eta mundu hurbilean gertatzen ari dena ongi aztertu eta gure buruari galdetu nahi diogu non kokatu nahi dugun Euskal Herria eraso neoliberaleren aurrean, demokraziaren inguruko lehian, eredu sozioekonomikoen eztabaidan eta, era berezian, estatu eta soberaniaren inguruko eztabaidan.

Eta hau hiru esparruen arabera antolatu dugu. Lehena espainiar estatuaren krisiaren inguruko hausnarketa kritikoa da, Galiza eta Catalunyako banako pentsalariekin batera eginen duguna. Gertatzen ari dena aztertzeaz gain estaturik gabeko herriok zer egin dezakegun hausnartu nahi dugu.

Bigarrena ezkerra eta orohar, mugimendu askatzaileen inguruko hausnarketa izanen da, bi fokotan zentratuz, Europa eta Hego Amerika. Batzuek historiaren bukaera ospatu nahi izan zuten, ezkerra hilik zegoela esanaz, kapitalismoak alternatibarik ez zuela aldarrikatuz, baina ikusten ari gara zorionez ez dela hala izan. Badago alternatiba, munduko leku askotan entsaiatzen ari dira alternatibak eta Euskal Herriak saio erraldoi horretan parte hartu behar du.

Eta hirugarrena, Euskal Herriak bere etorkizunaren jabe izateko bidearen gaineko hausnarketa izanen da, hau da, Euskal Bideaz. Eskozia eta Catalunyako bideak aintzat hartuz geure bidearen oinarri eta korapiloak ekarri nahi ditugu gogora. Euskal Herriak Europan indarra hartzen ari den estatu berrien sorkuntza prozesuan egon behar du, lehenbailehen kokatu ere, eta horretarako geure estrategia behar dugu.

Oinak lurrean zerumugari so egin behar diogu. Ez da oraingoaren kudeaketa pasibo eta beldurtian murgiltzeko garaia, helburu ausartak mahai gainean jarri behar ditugu, ordea. Horregatik, Neguko Unibertsitateaz eta orohar, Iratzar Fundazioaren jarduera guzien bidez, pentsamendu estrategikoa bultzatu nahi dugu. Urrutira begiratu behar da gertuen ditugun oztopoak gainditzeko, begien aurrean agertzen zaizkigun korapiloak askatzeko. Soilik helburu ausartak planteatuz aldatzen da mundua, finean.

Deialdia egin nahi dugu, batetik, Sortuko kideei, antolatuko ditugun tailerretan parte hartzeko eta, batez ere, herritar guziei jardunaldi publikoetara hurbiltzeko. Gure herriak izugarrizko indarra dauka, balia dezagun bada!

Gehiago...

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.