“Espainia bere izatearen krisian murgilduta dago”

“Segunda transición: ¿crisis de régimen o crisis de Estado?”. Galdera horri erantzun nahian jardun zuten atzo Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean Carles Rierak (CIEMEN) eta Alba Nogueirak (Galiza Sempre) Iker Bizkarguenaga kazetariaren gidaritzapean. Floren Aoiz Iratzar Fundazioko zuzendaria ere saioan parte hartzekoa zen baina azken orduko ezusteak medio, ezin izan zen bertaratu. Azalpen interesgarrien ostean, eztabaida zinez interesgarria piztu zen bertan bildutako ehun bat lagunekin batera.
Ondorioak hasieratik azalduz hasi zuen hitz hartzea Carles Rierak. “Saioaren galdera planteatuta, hasieratik emango dizuet erantzuna. Krisi biak ditu Espainiak.” Ildo horretan jardun zuten bi hizlariek.
Alba Nogueira izan zen lehena bere tesiak aurkezten. Europar Batasunean zein Espainiako Estatuan ematen ari diren birzentralizazio prozesu gogorrak azaldu zituen Nogueirak. Eta horien aurrean, krisia hasi zenetik Estatu egiturak eta Estatuaren izatea zalantzan jarri dituen mobilizazio bakarra Kataluniako prozesua izan dela ondorioztatu zuen. “Gainontzeko mobilizazioak izan M15a zein ondoren etorri diren mareak ez dira nahikoa izan Estatua zalantzan jartzeko.”
Galderen tartean Bizkarguenagak egindako galdera bati erantzunez zera erantsi zuen: “Herritarrak euren bizi baldintzak pixka bat hobetzearen truke, birzentralizazio prozesua eta errepresio mekanismo berriak onartzeko prest egon liteke.” Herritarrak egoera ekonomiko larriaren aurrean “nokeatuta” daudela gaineratu zuen. “Demokrazian ematen ari den atzerakada eta autoritarismoa onartzen ari da. Ley Mordazak duen erantzuna eta errepresioak duen erantzuna moderatua da.”
Nogueiraren ustez, orain ematen ari diren atzerakada autoritario horiei etorkizunean buelta ematea zaila izango da. “PPk eta PSOEk inposatu nahi duten eredu ekonomiko eta soziala ezartzeko beharrezko tresnak dira.”
PP eta PSOE, krisi urteetan ikusi denez, “neoliberalismoaren txapeldunak” dira galiziarraren esanetan. Korporazio handiek eta Europar Batasunak uste dute mugak hautsi behar direla, bai Estatuenak baina baita Estatuen baitakoak ere. “Horregatik daude birzentralizazioaren gurutzadan murgilduta. Eredu ekonomikoa egonkortzeko eta autogobernu mugatuak txikitzeko.”
Tokiko arazoei erantzuteko ordea, gertuko gobernuak behar direla uste du Nogueirak. Arrantza kupoak, nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruko legeak eta abar Galiziako ehun produktiboaren beharren arabera negoziatzeko mahaian egon behar da. “Subiranotasun falta Galizian sare produktiboa deusezten ari da. Arrantza sare tradizionalen debekua saihestea Josu Juaristik lortu du, Rajoyk lortu beharrean.”
Beraz, horrek demostratzen du bere esanetan “jateko kontuak” arazo nazionala ere badirela, burujabetza gehiago edo gutxiago izatearen ondorio den heinean.
Porrot egindako Estatua da Espainia
Rierak azaldu zuenez, Estatu demokratikoaren funtzioak herritarren beharrak asetzea eta barne mailako arazoak modu demokratikoan konpontzeko gaitasuna izatea da. Espainia ordea “atzerakada demokratiko ikaragarrian murgilduta” dago ez baita ez batari eta ez besteari erantzuteko gai. “Porrot egin duen Estatua da.”
Kataluniarrak azaldu zuenez lau krisi elementu global daude, “zibilizazio krisi” gisa definitzen duenaren baitan: krisi demokratiko eta politikoa, kapitalismoaren krisia, garapen ereduaren krisia eta Estatu-nazioen krisia.
Espainiako Estatuak krisi horiek modu partikularrean erreproduzitzen ditu, “atzerakada demokratiko etengabean baitago eliteen mesedetan, mekanismo errepresiboak gehituz eta ez baita gai herritarren eta herrien nahiei erantzuteko.”
Bestetik, estatu-nazio gisa, Kataluniako prozesuak agerian utzi duenez, “bere izaerarekiko krisia” du. Rieraren ustez “Espainia Estatu inperialista da eta hori dago krisian, gu baikara bere azken koloniak.”
Erregimen krisian ere badago ordea, 78an ezarritako ustezko erregimen demokratikoa, sakondu beharrean atzerakada ikaragarria pairatzen ari baita. “Espainiaren subiranotasuna zalantzan dago inoiz baino gehiago. Ez da ahaztu behar 78 paktua, eliteekin eginiko paktua ere badela eta hauek Estatua ondoratzen ari dira ezartzen ari diren errezeta ekonomikoekin.”
Honi aurre egiteko modua herriak beste joera global batean sartzea da. Subiranotasuna eta burujabetzaren aldeko alternatiben olatuan. “Hor dago Grezia eta hor gaude gu.” Erasoaldiari instituzioetatik ez ezik, “espazio publikoan, herri mobilizazioen bidez” egin behar zaio aurre katalanak dioenez eta planteamendu erradikalekin soilik egin daiteke aurrera. “Ez da nahikoa autogobernuan sakontzea eta errezeta sozialdemokratekin konformatzea.”
Beraz, Iruñean defendatu zuen gisan, “deskonexio prozesuak ekin behar dira. Estatu espainiarretik joan behar gara. Hori da gure lehen ekarpena demokratizazioan. Eta aldebakarrez egin behar dugu.” Rieraren ustez, “prozesu independentistak dira tresnarik onena eta aukera onena krisiei aurre egin eta eredu berriak eraikitzeko. Ze, zer hoberik horretarako Estatu berri batek suposatzen duen paper zuria baino?”
Hala, prozesuok demokrazia, eredu sozialak, antolakuntza ereduak eta abar berrasmatzeko balio behar dute.
Erregerazionismoa vs independentismoa
Galderen tartean, Bizkarguenagak Rierari galdera zuzena planteatu zion. Espainiako ezker berriak egin dezakeen proposamen erregenerazionistak prozesu independentistan inplikatuta egon den jendea erakarri lezake, praktikoagoa deritzolako? Erantzuna zuzena: “Bai, noski.”
Rieraren ustez argi dago itxikeriarekin ez dutela deus irabaziko espainiarrek. Aldiz, espainiar nazionalismoaren “B aldeak” bai. Bere ustez, mezu nagusi bat dakarte: “Garrantzitsua krisi soziala da eta hau batera egin behar dugu.” Dagoeneko prozesu independentista bigarren mailara pasa behar dela esaten ari direla azaldu du. Baina independentismotik jarrera irmoa azaldu behar dela defendatu du. “Ez dugu prozesu independentista baztertuko, hori baita arazo sozialei aterabidea eman behar dien prozesua. Herri klaseak dira egungo markoa desbordatu ditzaketenak.”
Espainian Estatu atseginago bat eraikitzen saiatuko direla ere adierazi zuen, “hori ona da espainiarentzat eta bikain, baina ez guretzat. Arazo sozialei modu demokratikoagoan egingo dietela aurre? Ados. Demokrazian sakonduko dutela? Bikain, ongi etorri. Baina, herrien aldebakarreko autodeterminazio eskubidea errespetatzen ez duten bitartean estatuaren erregenerazioa egingo dute eta ez haustura. Demokratikoagoa izango da, baina ez demokratikoa.”
Etsaiaren kartografia hautsi behar da
Beste herritar batek Paisos Catalans eta lurraldetasunaren auzia jarri zuen mahai gainean. Rierak azaldu zuenez, bere nazioa ez da Katalunia, Paisos Catalans da. “Katalunia Espainiako lurralde autonomiko bat da. Etsaiaren kartografia da hau.” CIEMENgo kidearen ustez, kartografoek dioten lehenengo gauza da mugimendu iraultzaileek etsaiaren mapa desegin behar dutela, “kartografia borroka politikoaren ondorioa baita.”
Azaldu zuenez, nahiz eta prozesu independentista Principatean soilik garatu, beste borroka batzuk aurreratuago daude beste zonalde batzuetan. “Hizkuntzaren aldeko borrokan esaterako, País Valenciá da aitzindaria uneotan.”
Paisos Catalansen alde herri klaseek soilik borrokatzen dutela eta horrek asko adierazten duela gaineratu zuen. Eskuinak statu quoa mantendu nahi duela eta hori errazagoa zaiola kartografia inposatua mantenduta.
Rieraren ustez, erronka batak bestari mesede egitea da “eta horretarako estrategiak diseinatu behar dira.”
Hala ere, mugimendu independentistetan borroka eta eztabaida handiak pizten dituen gaia dela aitortu du. “Prozesu konplexua da, proiektu kontrajarriekin. Batzuetan konfluentzia puntuak daude eta bestetan aldiz gatazka puntuak. CUP edo CIUren proiektuak ez dira berdinak ez ikuspuntu sozialetik ez eta nazionaletik ere.”