Arraiz: "“Maratoi bat egitera goazela mentalizatu behar gara eta era berean ilusioa transmititu”

Elkarrizketa luze eta sakona egin zioten ostegunean Gasteizko Artium Museoko auditorioan Hasier Arraiz Sortuko Presidenteari Iñaki Soto GARAko zuzendariak eta Naroa Iturri Hamaika Telebistako erredaktore buruak. “Herri borondatearen garaia” proposamena abiapuntu hartuta, Euskal Bideaz, herri mugimenduaz, instituzioez zein EH Bilduz jardun zuten, prozesu eratzailea artikulatzeko elementuak guztiak ere.

Ficoban egindako aurkezpenak agenda politikoan izandako eraginaz hitz eginez hasi zen ordu eta laurden iraun zuen saioa. Sotoren galderari erantzunez, proposamenarekin pozik daudela adierazi zuen Arraizek. “Gauzak barne mailan ondo landu dira, denboraz, beste batzuetan ez bezala bai EH Bildun eta bai EH Bain.”

Gainontzeko eragile politikoen erantzuna zein izango zen aurreikusita Arraizek garbi adierazi zuen proposamenaren hartzaile nagusia eta “motorra” herritarrak direla. Soilik herri aktibazio indartsuarekin lortuko da “akaso” eragile politiko-sindikalak mugiaraztea.

Gatazkaren ondorioak zergatik ez diren aipatzen galdetuta, “gainontzekoek horri buruz soilik hitz egin nahi luketelako” dela baieztatu zuen Sortuko presidenteak, “eta guk atentzioa gatazkaren muinean eta prozesu independentistak jarri nahi dugu”. Hari horri tiraka, EAJren erantzuna zein izan den ikusi besterik ez dagoela esan zuen.

Ildo beretik, Iturrik aldebakartasuna ea EAJrekiko ere planteatzen duten galdetu zion. Arraizek honakoa erantzun zuen: “Guk proposamenak egiten ditugu eta EAJk berriz baldintzak jarri. Urduri jarri dira eta baldintzak jarri dituzte PSErekin harremana sakondu nahi dutelako.”

Alta, Sotok adierazi zuen, berak iritzi mailan, iritzi positiboak nabaritu dituela, Nafarroako Podemosena kasu. Zentzu horretan, Sortuko Presidenteak adierazi zuenez, “Podemos inkognita bat da baina pozgarria da iritzi hori. Leiho batzuk ireki ditzake.” Izan ere, Arraizek gogorarazi zuenez, Erabakitzeko Eskubidea ez dute planteatzen soilik lurraldetasunaz erabakitzeko, baita politika ekonomiko eta sozialak erabakitzeko ere eta “horretan Podemosekin akordioak lor ditzakegu.”

PP, PSN eta PSE aldiz, “gainbeheran” daudela adierazi zuen. “Ez dute herritarrekin konektatzen. Eta hauteskundeen ostean eszenatoki berria suertatu daiteke: EAJ eta Podemos alde banatan eta gu erdian”. Horrek EAJk orain arte mantendu izan duen posizioa alda araziko luke.

Hala ere, Arraizek garbi adierazi zuen alderdien arteko jokotik harago; “prozesu hau garrantzitsuegia da alderdi eta erakundeen esku uzteko. Blokeatu egingo da bestela.”

Estrategia nazionala

Nafar Bidea aurrez aurkeztu izanaz eta prozesua errealitate instituzionala onartzetik hasteaz galdetuta, autokritika egin zuen Arraizek. “Duela hamar-hamabost urte planteatu zen gisan, Ezker Abertzaleak estrategia nazionala zer den oker ulertu dugu. Guretzat hori zen Euskal Herri osoan gauza bera egitea. Ikusi dugu ordea ez zela oso eraginkorra. Errealitateak oso desberdinak dira.” Zentzu horretan Nafarroak zein Ipar Euskal Herriak emandako irakaspena goraipatu zuen.

Sotok ea Bilbotar bide bat edo arabar bide bat esaterako ez ote den beharko galdegin zion. Zentzu horretan toki bakoitzean bertatik bertara egindako politika egitearen garrantziaz mintzatu zen Arraiz. “Bilbotar bidea adibidez horretan kokatzen da. Ez da tontakeria bat. Bilbo handia irabazi gabe ez dago independentziarik. Bilbotik pentsatu Bilbon egiteko.”

Prozesurako funtsezko osagaiak

Iturrik planteatu zion Arraizi batzuen ustez orain ezker abertzalea polikiegi doala independentziarako bidean. “Orain arte spring-ak egiten genituen negoziazio prozesuen arabera. Hiru hamarkada pasa ditugu horrela horrek dakarren nekearekin. Euskal Bidearekin ez dugu inor engainatu nahi. Maratoi bat egitera goaz eta horretara mentalizatu behar gara” adierazi zuen Arraizek.

Baina horrekin batera, militante gisa “ilusioari eutsi eta hori transmititzen jakin behar” dela gaineratu zuen. “Aurrean dugun etsaia ez da edonor. Handia da eta hau da jokatu behar dugun partida. Hau jokatzeko pribilegioa dugu.”

Prozesua artikulatzako funtsezko hiru osagai daude Arraizen ustez. Erabakitzeko eskubidearen aldeko eta prozesu sozialaren aldeko herri mugimenduak eta bien artean Fronte Zabala. Azken hau Arraizen esanetan “mugimendu sozio-politikoa izan behar da eta instituzioetan duen inplementazioa horren ondorioa izan behar da.”

Zentzu horretan, EH Bilduk bere ateak ireki behar dituela adierazi zuen, koalizioa baino askoz gehiago izateko, benetan indarrak bilduko baditu. “EH Bildurekin soilik identifikatzen diren herritarrei ateak ireki nahi dizkiegu, kultura politiko berria eratuz.” Horretarako EH Bilduren baitako alderdiek honi burujabetza maila bat eman behar diotela gehitu zuen. “Sortuk bere burua horren dinamizazioan ikusten du.”

Bestetik, herri mugimenduari dagokionez, Euskal Herriak XXI. mendean zer nolako mugimendua behar duen pentsatu beharra dagoela esan zuen. “Oraindik gure bideak eta moduak zaharkituak dira, baina pozik ikusten ditut egiten ari diren berrikuntza saiakerak.” “Gure akats bat izan da pentsatzea nola erakarri jendea guregana. Gu jendearengana nola gerturatu pentsatu behar dugu ordea.”

Autonomiaren gaia mahai gaineratuz, Sotok galdera zorrotza bota zion. Mugimenduak alderdiekiko autonomo bai, baina baita alderdiak mugimenduekiko autonomo ere.

Arraiz “teorian” ados agertu zen baieztapenarekin. Harreman dialektiko bat sortu behar dela gaineratu zuen. “Euskal Herrian joera handia dugu desadostasunak dramatizatzeko.” EH Bilduk herri mugimenduekin harreman berezia izan behar duela gaineratu zuen ordea, “ez gara eta ohiko alderdi bat.”

Bestetik, moldeei dagokienean, berrikuntzaz gain, ekimen txiki eta egunerokoen beharraz mintzatu zen. “Joera ezin da izan ekimen guztiak handiak eta espektakularrak izatea.”

Bestetik, ezker abertzaleko militantziak motxila ezberdinak hartzeko duen joeraz mintzatu zen. “Garai honen gakoetako bat izan behar da mugitzen den jendea ez egotea toki gehiagotan, baizik mugitzen ez dena aktibatzea. Norabide horretan, militantzia eredu berriak asmatu eta balioan jartzen asmatu behar dela esan zuen.

“Bilboko manifestazioan, argitxoekin arraro sentitu nintzen. Erridikulo sentitu nintzen. Aldiz Donostian sendotasun sentsazioa izan nuen. Lehenengoa kokatzeko burua behar izan nuen, bigarrenean bihotza nahiko. Badakit ordea, ahalik eta jende gehien bildu behar dugula irabazteko eta beraz halako gauzak egin beharko ditugula.”

Sotok berriz ere punta atera nahi izan zion ordea gaiari. “Ari da orain arte parez pare izandako jendea etortzen baina diskurtsoan asmatzen ari da?” Arraizek zera erantzun zuen, denak eroso sentitzeko denbora beharko dela. “Inertziek salatzen gaituzte. Ez dugu gure proiektuaren potentzialean sinesten.”

Zentzu horretan, gehiengoak biltzera begira justizia soziala eta nazio burujabetza erkatzearen garrantzia azpimarratu zuen. “EH Bildu izan behar da hemengo Syriza.” Abertzaleetatik harago joan behar da, hauek galdu gabe.

Erregimenaren krisia eta prozesu eratzaileak: EAJk atzera egingo du

Espainiar Estatuaren krisiaz galdetuta, “autokolpea” prestatzen ari direla azaldu zuen Arraizek. “78ko erregimena pikutara doa. Badaude uste dutenak modurik eraginkorrena aurre egiteko atzera egitea dela: guardia zibila, PPko sektoreak, epaileak, komunikabideak…”

Zentzu horretan, itxaropen berri bat sortzen ari dela adierazi zuen: Prozesu Eratzaile berria egitea Espainian. Alta, hori demokratikoa izateko “hiru prozesu eratzailek elkar bizitzea beharrezkoa da, 78an gertatu ez zen bezala.”

Espainian prozesua aurrera ez badoa, Katalunian eta Euskal Herrian aurrera doala bermatu behar da Arraizen ustez, “kuña” egiteko.

Bestalde, EAJk ez duela gaian sartu nahi adierazi zuen “baina egoera eskuetatik alde egiten ari zaio”. “EAJ saiatuko da erabaki eskubidea konstituzioan txertatzen, baina ezezkoaren aurreran atzera egingo dute, eurek esanda.”

Beraz, galdera bota zuen: “Gai izango gara egoera horretan jendea bildu eta aurrera egiteko? Hori da proposamenaren ahulgune nagusia eta era berean indargune nagusia ere. Dena dagoela gure esku. Gai izango ote garen gure kabuz egiteko.”

Norabide horretan Podemosek hauteskundeetan izan dezakeen eraginari buruz galdetuta, hauteskundeak “prozesua bizkortzeko palanka” direla gaineratu zuen. EH Bilduri nola eragingo dion galdetuta, “egoera berrian” gaudela adierazi zuen. “Lehiakide berria da, ea aliatu bilakatu daitekeen.” Alta, nahiz eta “Ebroko haizeak hemen ere sartzen diren hemengo egoera berezia da eta EH Bildurena da proiekturik erakargarriena. Kafe asko hartu beharko ditugu ordea.”

Gehiago...

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.