Europako ezker eraldatzailean aliantzak beharrezkoak dira

Ostegunean Bilboko Arrupe Etxean, Europako ezker eraldatzailearen egungo esperientzia eta proiektuez hitz egiteko elkartu ziren Errikos Finalis SYRIZAko Komite Zentraleko kidea, Gorka Elejabarrieta Sortuko nazioarteko arduraduna eta Karmelo Landa, Iratzar Fundazioko kide eta europarlamentari ohia. Gela ia beteta, hausnarketa interesgarriak trukatzeko aukera izan zen.
Karmelo Landak heldu zion lehenik hitzari. Europa murgilduta dagoen krisiaren hainbat zertzelada eman ondoren, ezkerrak Europa eraldatzeko duen zereginaren aurrean, hainbat gabezia ikusten dituela azalduz hasi zuen saioa.
“Europako ezkerrak hiru zulo beltz ditu: inperialismoaren proiektuaren menpekotasuna, estatu eta herriak Europan duten papera eta sistema politiko eta sozial zaharkituak.” Alta, badira zulo horietatik irteteko tesiak Landaren ustez.
Lehenengotik irteteko Piketty-ren programaren bost puntuak aipatu zituen Landak. Alta, horiek Europar Batasunaren erreforma soila planteatzen dutela eta beraz horiekiko ere kritikoa izan behar dela azpimarratu zuen. Horiei buelta bat emateko, Grezian zer gertatzen den ikustea interesgarria izango dela azaldu zuen.
Estatu eta herriei dagokionez, errepublikanismo Frantsesaren falazia aipatu zuen. Ustez sistema berdinzalea dena, aparheith sortzailea dela salatu zuen, “Charlie Hebdoko kapituloaren ostean eurek aitortuta gainera.” Herrien subiranotasuna aitortzen ez duen ezkerrik ezin duela ulertu gaineratu zuen. “Zergatik defendatu behar da Espainiar Estatua bezalako estatu karka bat?” Zentzu horretan, Greziako auzia, nahiz eta Estatua izan, burujabetza auzi gisa analizatu daitekeela uste du Landak.
Azkenik, hirugarren zuloari helduz, errepresentazio sistemak aldaketetarako blokeo sistema bilakatu direla gaitzetsi zuen. “Prest al gaude ezkerreko mugimenduok gure egiturak malgutu eta horizontalago bilakatzeko? Herritarren ondoan egoteko?”
Ezkerreko alderdi eta sindikatuetan sistema berak errepikatzen direla salatu zuen, egitura sobera bertikalekin. Herri mugimenduetatik ikasiz ezkerra berritu beharra dagoela aldarrikatu zuen, herri mugimendua bera ere indartuz.
Puntu zehatzen inguruko aliantzetan sakondu beharra
Gorka Elejabarrieta Sortuko kideak hiru eremutan aliantzak sakondu beharra azaldu zuen bere hitzartzean: politika zehatzetan (feminismoa, ekologia, politika sozialak, politika munizipalak eta antzekoak) elkarrengandik ikasteko, nazio burujabetzaren inguruan eta gatazkaren konponbidearen eremuan. “Kanpora begiratu aurretik barrura begiratu behar dugu. Zer gara eta zer nahi dugu.”
Europan, ezkerra sailkatzeko egon den mapa aldatzen ari dela azaldu zuen. “Europan hiru talde handi daude” Elejabarrietaren ustez. Lehenengoan alderdi komunista klasikoak. Bigarrenean: Berlineko harresia erori ostean sortuak (ezker berria deituak, Fronte Zabaletatik sortuak) Bloke honetan daude GUE/NGL aliantzako alderdiak, EH Bildu barne. Hirugarrenean berriz bien nahasketa antzeko bat dago: alderdi komunista klasikoetakoak eta ezker berrikoak nahastuta: Die Linke, SYRIZA...
Herrialde Nordikoetako ezker eraldatzaileak eta ezker abertzaleak dituzten puntu komunak azpimarratu zituen bereziki Elejabarrietan. Ezaugarri horien artean daude, proiektu politikoaren ikuspegitik antzekotasun handiak dituztela (feminismoa, politika sozialak eta ekologian adibidez), ezker eraldatzailekoak eta independentistak edo herrien aitortzan oinarrituak direla eta alderdi egitura klasikoetatik harago Fronte Zabal forma hartu izan dutela. Norbegia, Finlandia, Suedia, Groenlandia eta Feroe Irletako alderdiak dira eta GUE/NGL taldeak batuta daude.
Hain justu, gertakari historiko gisa kokatu zuen Elejabarrietak EH Bildu talde horretan sartu izana Europako hauteskundeen ostean, “Europako aliantzetan eta elkartrukean sakontzeko aukera paregabea izango baita.”
Bestetik, Europa mailan, ezkerreko bost sare daudela azaldu zuen Sortuko kideak:
-
Parlamentuko bi blokeak. GUE/NGL
-
Transform: Fundazio europarren sarea. Iratzarrentzat interesgarria izan daitekeela aipatu zuen, ikuspegi estrategikoarekin lan egiten duten erakundeak baitira. Rosa Luxemburg Fundazioa adibidez talde honetan dagoela esan zuen.
-
European Left alderdia: Legedi berrien arabera, alderdi politiko europarrentzat kuota egongo da parlamentuan hurrengo hauteskundeetatik aurrera. Horren ondorioz sortu zen European Left. Hala ere, bertako alderdien artean puntu komunak bilatzea kostatzen dela adierazi zuen.
-
ENDIL: gazte mugimenduen sarea. Gehienak ezkerreko alderdien gazte erakundeak direla esan zuen.
-
Sare sindikala: Europan sindikatu gehienak sozialdemokratak direla aipatu zuen. Ez dago hain antolatuta baina funtzionatzen duela adierazi zuen Elejabarrietak.
Bestetik, ezkerreko aliantza ez bada ere, European Free Alliance taldea ere kontuan hartzekoa dela aipatu zuen Elejabarrietak. “Ez bada ere ezkerrekoa, nazio zapaldu askotako kideak daude. N-VA flandriarrak taldetik atera direnetik, gero eta progresistagoa da.” Bertan daude besteak beste SNP eskoziarra edo ERC kataluniarra.
Elejabarrietaren ustez, mapa horri begiratuta ondorio garbi bat ateratzen da: nazio estrategian askoz eraginkorragoa izan daitekeela, kooperazio sare hauetan parte hartuta eta harremanak sakonduta. Egoera zailak bizi izan badira ere, ezker abertzaleak urte guzti hauetan egindako lanaren fruituak jasotzen ari direla azaldu zuen Sortuko kideak.
“Irla bat garela pentsatu izan dugu eta Latinoamerikara begiratu, baina ez da egia. Eredu eta politika oso interesgarriak garatu dituzten taldeak ditugu Europan”, Elejabarrietaren esanetan.
Azkenik, Grezian gertatzen denak eragin handia izango duela Europako ezkerrean esan zuen. “Ez du balio kopiatu eta itsastea, baina ezker abertzalea esperientzia horiekin busti behar da.”
Grezia, kolonia modu berria
Errikos Finalis SYRIZAko kideak, Iruñeako hitzaldiaren lerrotik egin zuen Bilboko saioa ere. Berlineko harresiaren erorketaz geroztik, ezker nekatua eta “nostalgia kontraproduzentean” murgildua edo sisteman murgildutako ezkerra besterik ez dela egon adierazi zuen.
Ezkerra berritzearen alde mintzatu zen, herri mugimenduetatik ikasiz. “SYRIZA itxaropena da baina arazo eta kontraesan asko ditugu. Ez da ideala baina herri aldarrikapenak entzun eta horien aspirazioak bete ditzakeen ezkerra sortu genezake”, adierazi zuen.
Greziako egoera larria azaldu zuen hainbat datu mahai gaineratuz. Krisi humanitarioa bizi dutela esan zuen. “Grezia ez da Estatu burujabea. Europa barruko kolonia mota berria da.”
Zentzu horretan, Grezian sozialismoa ezartzea baino, lehen asmoa bizirautea dela gogorarazi zuen. “Herriak inposatu duena ez da SYRIZAren gobernua, ezkerreko gobernua. Baizik eta duintasuna berreskuratzeko gobernua hautatu du. Salbazio sozial eta ekonomikorako gobernu herrikoia da.”
Troikaren aurka daudela gaineratu zuen, azken bost urteetan hura izan baita “gobernu erreala”, Finalisen esanetan. “Ez dugu eurekin hitz egin nahi. Instituzio europarrekin negoziatu nahi dugu.”
Troikaren politikek ez dutela emaitza positibo bakar bat eman gogorarazi zuen.
Une kritiko eta zailean daudela aitortu bazuen ere, Europar Batasunak akordiorik nahi ez badu, konfrontaziorako prest daudela azaldu zuen. “40 hiritan mobilizazioak Greziaren erabaki ahalmenaren alde, ez SYRIZAren alde. Hori da dugun arma bakarretakoa herrien elkartasunarekin batera.”
Herriaren boterean konfiantza dutela esan zuen SYRIZAko kideak. “Gobernu ezberdina gara. Ez gara Gobernu iraultzailea. Duintasunaren Gobernua gara eta hori egungo egoeran Grezian iraultzailea da. Gure etorkizuna erabaki nahi dugu, ez besterik” esan zuen.
Finalisen hitzetan, “Europa anti-Europar hau aldatu behar da. Herriek euren buruen jabe izan behar dute. Hori gu guztion esku dago.”