Nazionalismoa estrategia egokia al da egun independentismoarentzat?

Nazioa eta Estatuaz mahai ingurua egin zen ostegunean Neguko Unibertsitatearen azken saioan Tolosan. Estrategia nazionalista egokia ote da egun independentzia eskuratzeko? Ze bertute ditu? Ze muga? Guzti horretaz jardun eta eztabaida izan zuten Unai Apaolaza, Onintza Odriozola eta Julen Zabalok bertaratu ziren herritarrekin batera.
“%80ko independentismorik sortu al daiteke? Egungo lanabesekin ez.” Lanabes horiek zein diren eta subjektu independentista hegemonizatzeko beharko liratekeen tresna berriez jardun zuen Unai Apaolazak bere ponentzian.
Apaolazaren arabera nazionalismoa edo abertzaletasuna izan dira orain arte Estatua eskuratzeko estrategiak. “Nazionalismoa subjektu politiko bat indartzeko estrategia bat da.” Apaolazaren esanetan, subiranoa den subjektu baten “errelatoa” Frantziako Iraultzarekin hasi zen, Nazio-Estatuarekin. “Abertzaletasunak estrategia hori jarraitu du Sabino Aranatik hasi eta ETAtik pasa.”
Alta, “nazionalismoak ez du balio egun independentismoa indartzeko” Apaolazaren ustez. Bere mugak ukitu ditu estrategia horrek. “Borondatea da oinarri nagusia.” Abertzaletasunak erlatibiziazioa behar du helburuak eta tresnak bereiziz. “Nazionalismoa bitartekoa da. Nazioa izan daiteke independentismorako tresna, baina ez da bakarra.” Alderantziz, independentzia nazioa eratzeko tresna izan daitekeela adierazi zuen. “Biraketa kopernikarra egin behar du independentismoak.”
Esentzialismoa (exajeratuz), hau da, hizkuntza, kultura edo historia bezalako elementuak subjektua eratzeko trena gisa erabiltzea ona izan litekeela aitortu zuen “bideak irekitzen baditu.” Norabide horretan, orain arte bizirauteko balio izan duela adierazi zuen, baina hegemonia eskuratzeko bestelako bideak aztertu beharra defenditu zuen, “borondatea oinarri izango duen subjektua eratuz.”
“Nazionalismoaren logika da bat. Hegemoniarena da bestea. Ez da subjektua aurrez definitzen, borondatean oinarritzen delako eta horrek subjektua zabaltzeko potentzialtasun ikaragarria ematen dio independentismoari.” Apaolazaren ustez, hegemoniaren logikak arerio politikoari mugitzeko gaitasuna zailtzen dio.
Ez da ariketa erraza, Apaolazak aitortu zuenez. Hegemonia eraikitzeko tresna garrantzitsu batzuk falta zaizkigu: Estatua bera, komunikabideak. Baina beste batzuk ditugula adierazi zuen, herri mugimenduak sarri asmatu duelako logika hegemonikoak eraikitzen. Gakoetako bat unibertsalen eremuan jokatzea da bere ustez. “Demokrazia eta independentzia sinonimo gisa identifikatu ezkero, hegemoniarako aukerak zabalduko ditugu.” Konfrontazio politiko eta ideologikoa unibertsalen esparruan eman behar da Apaolazaren ustez.
Eta zertarako nahi dugu ba Estatua ez bada gure nazio identitatearen oinarriak babesteko?
Onintza Odriozolak kontrako puntua azaldu zuen bere hitzaldian. Odriozolaren esanetan nazioa etniatik dator. “Nazioa etnia politizatua da.” Nazio-Estatuaren hainbat definizio eman zituen hori justifikatzeko. Nazio-Estatuek lurralde finkatua eta kultura eta identitate hegemoniko bat dituela azaldu zuen. Horrez gain, nazio hegemoniko horrek, Estatuaren bidez biolentziaren monopolioa duela gogorarazi zuen.
“Nazioa eta Estatua ez doaz beti bat, baina Estatu guztiek dute nazio hegemoniko bat.” Odriozolaren ustez, azken urteetan hizkuntzaren auziak indarra galdu du abertzaletasunaren diskurtsoan. Funtsezko elementua deritzo horri. “Herri Borondatearen Garaia proposamen politikoan euskal herritarra dago oinarrian. Elementu etnikoak ez dira funtsezkoak.”
Baina, Euskal Estatuan zein izango da nazio hegemonikoa? Nola kudeatuko dira naziotasun ezberdinak? Galdera horiei erantzun behar zaiela adierazi zuen. Hizkuntzaren gaiari ez bazaio lehentasunik ematen eta “ez badugu gai hau problematizatzen inertziek egungo nazio hegemonikoen alde egin lezake, Euskal Estatuak ahalbideratu behar lukeenaren kontra.”
Beraz, zera galdetu zuen: “zer dago borondatearen atzean? Euskarari nazio-estatusa ematea baztertzailea al da? Ez genuke hori guztia esplizituko formulatu behar?”
Gehiengoa Estatuaren alde konbentzitu beharra
Julen Zabaloren esan zuenez, nazio sentimendu ezberdinak bizi dira Euskal Herria deitzen dugun lurralde eremuan. “Bakoitzak bere ametsak ditu baina denok bizi gara hemen.” Zentzu horretan, Euskal Estatuen naziotasun horien kudeaketa nolakoa izango den definitu beharko litzateke.
“Euskal Estatua nazio bakarra izan behar da? Nazio-Estatu klasikoa izan behar da? Euskal Estatua nazioanitza izango bada, ze eskubide izango lituzke nazio bakoitzak?” Galdera horiei erantzun beharra azaldu zuen. Nazio-identitateak nazionalismoei lotuta daude eta horiek hegemoniko izan nahi dutenean euren lurraldean sortzen da gatazka.
Alta, Euskal Herriko nazio gatazka oso maila politikoan garatzen da Zabaloren ustez. Ez da jendartearen segrezioraino heltzen Irlanadan bezala. Politikoki, euskal nazionalismoak Espainia zapaltzailea dela elikatu du. Aldiz, espainiar nazionalismoak dio nazionalismoak (besteenak, noski) zatiketa dakarrela. Frantziak berriz, pertsona guztiak berdinak garela dio.
Gatazka politiko hori identitateak modu naturalean garatzeko oztopoa dira Zabaloren ustez. Hala ere, bere esanetan, Euskal Estatua borondatean oinarritua izan behar da, lurralde bati (eta bertako herritar guztiei) lotua eta inklusiboa. “Denontzat balio behar du.” Hori independentismoaren indargune gisa hartu behar da bere ustez. Euskal nazioa ere borondatean oinarritu behar da EHUko irakaslearen ustez, baina pertsona bakoitzaren nahietara egokitua izan behar da. Bakoitza nahi duen naziokidea.
Euskal Estatua autodeterminazio kolektiboaren bidez osatu behar da eta hori da beraz erronka. Gehiengoak konbentzitu behar dira. Nola konbentzitu?
Elementu subjektiboak dira determinanteak
Galderen tartean, ETAk 60ko hamarkadan abertzaletasunari eginiko ekarpen ideologikoari erreferentzia eginez, Marxismoa estatugintzarako teorikoki baliagarria ote den galdegin zuen herritar batek.
Unai Apaolazaren ustez, estrategiak eraginkortasunaren arabera neurtu behar dira eta beraz beti egin beharreko galdera da hori, baliagarria ote denetz. Zentzu horretan, “baliagarria da politikaz ari garelako. ETAk nazio gatazka eta klase gatazka batu zituen, eraginkorra zelako subjektua zabaltzeko.” Ekarpen horrek, ezkerreko abertzaletasuna hegemoniko bilakatu zuen Apaolazaren esanetan, langile klasea diskurtso horrekin identifikatzen zelako. Euskal Langile Herriaren subjektua artikulatu zen horrela.
Alta, subjektuen artikulaziorako elementu determinanteak ez dira elementu (nazionalismoarekin gertatzen den moduan) objektiboak Apaolazaren ustez, “borondatea baizik. Hau da, subjektibitatea da determinantea.” Zentzu horretan, egun langile klase kontzeptua ez dela hain eraginkorra azaldu zuen, egun ez duelako duela hogeita hamar edo berrogei urte bezalako identifikaziorik sortzen.
Euskararen herriaren ortzemugari eusten al diogu?
Publikoan zen Karmele Aierbe militante historikoak euskararen herria azken boladan zalantzan jartzen ari dela eta kezka azaldu zuen. “Euskarak batu baino, banatu egiten duela zabaltzen ari da. Hanka sartze ikaragarria da hori.”
Onintza Odriozolaren ustez ez esatea ere esatea da. Kezkagarritzat jo zion Euskal Bidearen proposamenean hizkuntzaren auziaz ezer ez esateari. “Ez bada agertzen, horretarako interesik ez dagoelako da.”
Unai Apaolazak esan zuen, bere diskurtsoa dela-eta sarri bera ere Euskal Herri euskaldunaren aldekoa dela defendatu behar izaten duela, eta bere diskurtsoa ez dela euskararen aurkakoa justifikatu behar izatea tristea dela adierazi zuen. “Kontua da, nazionalismoaren diskurtsoa ez dela eraginkorra egun euskararentzat ere. Hori da arazoa.” Sarri, Estatua lortu eta Euskal Herri euskalduna izango genuela amestu izan dugula adierazi zuen, eta honezkero argi dagoela hori ez dela horrela izango. Apaolazaren ustez, Euskarak Estatu baten tresnak behar ditu iraungo badu eta hegemoniko bilakatuko bada eta beraz Estatua eskuratzeko estrategia eraginkorrena diseinatzea da kontua. “Prozesua uste baino luze eta konplexuagoa izango da.”
Zentzu horretan Zabalok ere zera galdetu zuen; “abertzaletasuna al da euskararen sostengu bakarra? Beharbada ez.” Euskararen aldekotasuna eta defentsa subjektu berrietan zabaldu beharra defendatu zuen. Bestetik, azken urteetan euskararen gaiari eremu politikotik heldu zaiola-eta hausnarketa mahai gaineratu zuen.
Bere ustez, 80ko hamarkadan argi zegoen hizkuntzaren auzia ez zela eremu politiko eta instituzionaletik soilik konponduko eta zela komenigarria eremu horien esku soilik uztea gaia. Hargatik sortu ziren AEDren gisako herri mugimenduak. “Uste dut euskalgintza akomodatu edo egin dela nolabait. Politikoki, estrategiaren erdigunean ez badago hizkuntzaren gaia, non daude herri mugimenduak? Horiek zirikatu behar dute.”
Zabaloren ustez hegemonia kontua da dena eta horretarako estrategia eraginkorrenak behar dira. Odriozolak ustez berriz, “ezin dugu Estatua lortu arte itxaron fetitxea balitz bezala. Euskal Estatua nahi dugun bezalakoa definitzen eta egiten hasi beharko dugu bada.”
Apaolazaren ustez, mugimendu independentistaren nolakotasunak definituko du neurri handian Estatuaren halakotasuna.