Lurraldea demokrazia berrien oinarri

Lurraldetasunaren korapiloak izan zituzten aztergai asteazkenean Iruñeako Katakrak liburu dendan egindako saioan Imanol Esnaolak, Eneritz Zabaletak eta Floren Aoizek. Lurraldetasunak Estatua eraikitzeko ematen dituen gako ezberdinak mahai gaineratu zituzten eta “Herri borondatearen garaia” dokumentuko zenbait planteamenduren inguruko eztabaida bizia izan zen galderen tartean.

“Euskal Herriak badu indarrean den lurraldetasuna zatiketen gainetik”, Imanol Esnaolaren ustez. Hori hala da, “nahiz eta lurraldetasun ukatua izan, Euskal Herriko lurraldeak badu koherentzia makro bat, dela sozialki eta ekonomikoki.” Barne aldeko lautadetan ekoizpen industriala eta itsasoak berriz mundu osoan ekoizpen hori banatzeko aukera eman diola adierazi zuen Esnaolak.

Alta, gaur egun “praxi zentrifugoa” dugula gaineratu zuen. “Araudi guztia dago koherentzia horren kontra antolatuta.” Sarri abertzaleok praxi hori errepikatzen dugula kritikatu zuen, baina hala ere gure lurralde koherentzia indartzeko tresnak ditugula esan zuen. “Lurraldetasun funtzionala martxan jartzeko garaia da, administrazioa baliatuz. Egin eta eragin.”

Lurraldea vs nazioa

Eneritz Zabaletak Ipar Euskal Herriko esperientziatik hitz egin zuen. Lurraldea kontzeptua demokrazian sakontzeko kontzeptu bezala indarra hartzen ari dela azaldu zuen, nazioatasuna eta herritartasunaren artean.

Abertzaleok “nazioaren izaera uniformea erreproduzitzen saiatu gara euskal adjektiboarekin” azaldu zuen. Horrek lurraldearekin talka eragiten du, naziotasun bat baino gehiago ditugulako lurralde berean. “Eskozian eta Katalunian begia ez da jarri nazioan, lurraldean baizik. Ez dio axola herritarrak ze naziotakoak diren, bertan bizi diren guztien onura bilatzen da.”

Bestalde, Euskal Herrian “asimetria territorial handiak” ditugula gogorarazi zuen, instituzionalki batez ere. “Ze gaitasun ditu bakoitzak? Hori kontuan izan behar da korapiloak gainditzeko.”

Zubiak ere baditugu ordea Zabaletaren ustez. Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiaren arteko harreman naturalak, mugako eskualdeen artekoak, hizkuntza, kultura… “Iparraldean bada lehen aldiz hegoaldearekin harremanak garatzeko nahia, ez nazioarekin ikuspegitik baizik eta lurraldearen garapenaren ikuspegitik.”

Europak harreman horiek indartzeko tresna instituzionalak eman ditzakeela gogorarazi zuen, horiek aztertu beharra aldarrikatuz. “Ipar Euskal Herrian bada egun lurraldearen instituzionalizazioaren aldeko gehiengo zabala, gizarte zibiletik sortua.”

Zubiak beraz, lurralde ikuspegitik eraiki behar direla aldarrikatu zuen Zabaletak. “Hori da gakoa korapiloak desegiteko.”

Ahulezia indargune bilakatu behar

Floren Aoizek Euskal Bidea egiteko ahuleziak ondo identifikatu behar direla adierazi zuen. “Lurraldetasuna da ahulezia handienetakoa.” Horri Estatuen egungo itxikeria eta mendeetako zatiketa gehitu behar zaizkiola gogorarazi zuen, “baita bertako eliteen eskutik ere.” Zatiketa maila batean barneratu dugula gaineratu zuen.

Alta, lorpenak ere izan direla esan zuen. “Herri mugimenduaren espazialitatea Euskal Herria da, hizkuntzaren garapena…” Instituzionalizazio prozesuek ordea zatiketa sakondu dutela esan zuen, “elkarri sorbalda emanda aritu dira etengabe.”

Erronka aurrerako bidean dago ordea Aoizen ustez. “Paradigma aldaketan gaude. Erresistentzia logikatik eraikuntza eta estatugintza logikara. Horrek ez du esan nahi guztiz baztertu behar denik erresistentzia baina lehentasuna besteak izan behar du.”

Euskal Herriaren instituzionalizazio berria eraiki behar da Aoizen ustez praxiaren bidez. “Urte askoan negoziazio bidez Estatuaren baimenaren zain edo egon gara. Aldebakartasuna da ordea bidea. Negoziatzeko aukerarik balego probestuko da, baina Estatuen baimenaren zain egon gabe jardun behar dugu.”

Estatu ereduari dagokionez, erdialde/periferia herrialde eredu zentralista baztertu behar dela esan zuen. “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa” egin beharra defendatu zuen, hori “gure aldeko indargune bilakatuz”, besteen jarrera monolitikoa baita.

Prozesurako tresna, planteamendu eta forma berriak behar direla aldarrikatu zuen, “ohiko abertzaletasunetik harago joz. Sanz-en gaztatxoaren teoria hautsi behar dugu.” “Bestela, erreserban sartutako indigenen gisan jardungo dugu eta horren ondorio bakarra erreserba indigen gisa jarraitzea da: erresistitzea.”

Argudio metaketa

Galderen tartean, Nafarroako Estatuaren historia diskurtsoa lehen lerroan mantendu beharra aldarrikatu zen. Aoizen ustez, prozesuak “erreka zabalak dira eta ura edozein errekatatik etorri daiteke bakoitzaren lehentasunetatik harago. Eskozian adibidez, historia baztertu dute eta herritarren ongizatean zentratu dira.” Hori aita edo ama, nor maite duzun gehiago galdetzea bezala dela gaineratu zuen.

Bestetik, Aoizen ustez, iraganean estaturik izan ez bagenu ere,independentziarako eskubide berbera izan beharko genuke egun. Beste herritar batek, “indar metaketaren gisan, argudio metaketa” egin behar dela adierazi zuen.

Zatiketa administratiboa abiapuntu gisa hartzearen arriskuez

Gaizka Aranguren kazetariak publikotik kezka bat azaldu zuen. Zatiketak zatiketa errotu duenez, Euskal Bidean egiten den planteamenduarekin berritzen ala zatiketan sakontzen ari ote garen galdegin zuen. “Uler nezake Nafarroa Garaia erabaki gune izatea, ez ordea EAE. Bere garaian EAJk apustu hori egin zuen eta ondorioa zatiketan sakontzea izan da.”

Aoizek, batetik egungo markoak ez direla sakratuak adierazi zuen. Baina bestetik, estrategiaren arriskuak onartu zituen. “Inork ezin du bermatu ez denik zatiketan sakonduko. Gure esku dago hori ez gertatzea.” Bolibian esaterako, marko instituzionalak baliatu ziren horiek eraldatzeko, Aoizek gogorarazi zuenez.

Arangurenen kezka ordea, inertzietan zetzan. “EH Bilduk indar handia egin beharko du inertziak ez eramateko ze gaur egun jada, adierazpen eta jarrera askotan inertzia horiek nabari dira. EAEko parlamentariak nazioartean Basque Parliament members gisa aurkezten dira!” Ea zergatik ez diren erabaki gune gisa udalak edo herrialdeak hartzen galdegin zuen.

Esnaolak esan zuenez, aztertu gabe dago instituzionalizazioak zatiketa modu funtzionalean gainditzeko dituen aukerak. “Azterketa egin beharra dago maila teorikoan eta praktikoan. Aztertu gabe dago esaterako, Euskal Herriko Merkataritza Ganbara nola eraiki daitekeen.”

Zabaletak kontrapuntua eman zuen. “Ipar Euskal Herrian kontrakoa. Instituzioa nahi da hegoaldearekin kooperatzeko.” Bordele horretaz konturatu dela eta harreman horiek bertan zentralizatu nahi dituela gaineratu zuen. “EHUk Bordelerekin sinatutako Euscampus proiektuan ez dago Pabeko Unibertsitatea eta horren parte den den Baionako Fakultatea.”

Aoizek zentzu horretan, Ipar Euskal Herritik maila teorikoan berrikuntza eta ikasgai interesgarriak datozela aitortu zuen, aniztasunaren kudeaketara begira esaterako.

Euskal Herria desegituratzen ari da

Esnaolak lurralde antolaketan ere jarri nahi izan zuen fokoa. “Gurea desegiten ari den lurraldetasuna da. Iruñerriaren puztea eta pirinioen edo ekialde eskualdeen hustea planifikatua da.” Horrek lurraldearen koherentziari kalte handia eragiten diola adierazi zuen. “Euskal lurraldeak zentzua du, bere zentzua mantentzen badu. Lurraldea munduko nodo soil bat gisa planifikatzen bada, barne logikak baztertuta, galdu dugu” gaineratu zuen.

“Lurraldea transformatzen dute, subjektua aldatzeko.”

Zabaletak gaineratu zuenez, “ebidentziak beti ez dira ebidentzia.” Ipar Euskal Herrian orain arte barnealdearen husteak zekarren lurralde desgituraketa ez da izan ebidentzia orain arte, beste eskema batzuen arabera pentsatu delako. Instituzionalizazioaren aldarrikapenarekin, Ipar Euskal Herri gisa pentsatzen hasi direla adierazi zuen, “eta hori garaipen bat da.”

Gehiago...

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.