Sozialismoaren hiletan hildakoz nahastu ziren

Asteazkenean Iruñeako Antzerki Eskola leporaino bete zen giro goxoan. Arrazoia ez zen makala, mahaiaren bueltan Errikos Finalis SYRIZAko Komite Zentraleko kidea, Raul Zelik idazle eta analista politiko alemaniarra, Yolanda Rojas Venezuelako Kontsula eta Maite Ubiria Sortuko nazioarteko arduraduna bildu bait ziren, Berlingo harresiaren erorketaz geroztik ezkerrak duen panorama aztertzeko.
Floren Aoiz Iratzar Fundazioko zuzendariak Maite Ubiriari eman zion lehen hitza. Sortuko kideak Euskal Herritik hitz egin zuen. Europar Batasunaren proiektuari kritika eginez hasi zuen hitza, Euskal Herriko ezker independentistak hasieratik “kapitalismoa modernizatu eta zabaltzeko tresna” gisa identifikatu eta jarrera kritikoa mantendu izan duela gogoratuz, baina era berean “instituzio horiek bozgorailu bezala erabiltzeko beharraz jabetuz.”
Jarrera kritiko horren beste adibide gisa NATOri Euskal Herriak azaldutako errefusa izan zen.
Krisiarekin ikusi denez, Europa bankari eta lukurarien esanetarako proiektua da. Horren aurrean aldaketa ez dela “modu espontaneoan” etorriko adierazi zuen. “Ezkerra lubakietatik atera behar da. Begirada herri sektore kaltetuenetan jarri behar da. Eta begirada eraldaketan jarri behar da, epe ertain/luzean sistemaren estruktura eta balioak zalantzan jartzeko.”
Ubiriaren ustez, jendartean “nabari da aldaketa sakonen beharra eta hori baliatu behar da.” Aldiz, ezker tradizionala demanda horiek ez dela ondo ulertzen ari deitoratu zuen. Aldaketa horri bide emateko Europan egin beharreko aliantzak argi izan behar direla defendatu zuen, “ezker eraldatzailearekin.”
Euskal Herrira itzuliz, “erreginmenaren krisia aprobetxatuz”, prozesu eratzaile herritarra abian jarri beharra aldarrikatu zuen Ubiriak. “Zibilizazio krisi batean bagaude, ezker eraldatzaileak ohiko bideak utzi eta berritzen jakin beharko du” Sortuko kidearen ustez. Horretarako, XX. mendeko sozialismo errealarekiko autokritiko izan eta anbiziotsuak izan behar garela aldarrikatu zuen. “Amestu egin behar dugu.”
Era berean Munduan, aldaketarako aukera berriak sortzen ari direla aipatu zuen. “Mundu unipolarra desegin da eta bestelako aliantzak bilatzeko aukerak daude.” Era berean, alanbradak altxatu beharra aldarrikatu zuen. Ez soilik Europak Afrikarekiko dituenak, baita Europako herrien artekoak ere. “Herrien burujabetzan sakondu behar da.”
Bidea argi azaldu zuen Ubiriak, gehiengo herritarrak osatzearekin “gobernuak eskuratu, neoliberalismoaren gorputz sinboliko guztia desegin eta eraldaketaren bidean jarri behar dira zentzu komun berri bat eraikiz, iraultzailea. Handira jokatu behar da.”
Ezkerra berrasmatzen ari da
Raul Zelik analista politikoak hartu zuen hitza Maite Ubiriaren ostean. Hitz hartze laburra baina zehatza egin zuen, ezker eraldatzaileak garatu beharreko estrategien gako ugari emanez.
Erik Olin Wright soziologo eta analista marxista estatubatuarraren “Envisioning Real Utopias” liburuari erreferentzia eginez, XX. mendean hiru ezker mota egon direla adierazi zuen: iraultzailea, erreformista eta eraldaketa anarkistakoak, espazio txikietan eraginez garatzen dena. Hirurek porrot egin dute Zeliken ustez.
Erreformista, sisteman erabat integratu delako. Iraultzaileak edo haustura zaleak autoritarismo berria sortu duelako. “Herritarren bizitza sozialaren okertzearen ondorioz, gobernuan mantentzeko modu bakar bilakatu zen autoritarismoa.” Eta anarkistak aldiz, “botereari bere dimentsio guztietan aurre egiteko planteamendurik inoiz garatu ez duelako.”
Olin Wright-en ustez, hirurak batu eta sintetizatzea da bidea, Zelikek azaldu zuenez, hirurak konbinatzeko forma ezberdinak emanez. “Hau ez da berria. Euskal Herrian esperientzia handia duzue horretan.” Beste adibide batzuk Brasilgo MST mugimendua eta Espainiar Estatuko PAH mugimendua direla adierazi zuen. “Estatutik kanpo egindako haustura planteamenduak dira, ekintza zuzenekoak dira (okupazioa) baina horiek bideratzeko lege aldaketa edo erreformak planteatzen dituzte.
Beraz, “puntu bateraino” ezkerra “berrasmatu” behar dela aldarrikatu zuen Zelikek, “XX. mendeko elementu sektarioak baztertuz.” Ezkerrak eraldaketa Estatuaren transformazio gisa irudikatu izan duela esan zuen, “egun Latinoamerikan ere hala irudikatzen da. Baina ez da hain egia hori.” Harvey eta Wright-en tesiei eutsiz, Estatuaren papera “gain baloratu” egin dugula uste du Zelikek. Alta, nahiz eta “bizitza sozial ezberdin baterako ez den ezinbestekoa”, bide horiek orokortu eta posibilitatzeko tresna dela aipatu zuen.
Izan ere, Zeliken ustez eraldaketa prozesuak behetik gorakoak izan behar dira, “ahalduntzaileak. Ez soilik kapitalarekiko, baita estatuarekiko ere.” Demokrazia erradikalaren defentsa egin zuen eta eragiketa hori egiteko balizko tresna gisa Latinoamerikako prozesu eratzaileak jarri zituen adibide. “Erreforma/iraultza dikotomiatik harago doaz. Ez dira ohiko iraultzak izan. Demokraziaren erradikalizazioa izan da gakoa.”
Demokrazia ordezkatzailea zalantzan jarri eta demokrazia parte hartzailea berrasmatu dutela adierazi zuen, beti ere errepresentabitatea beharrezkoa dela onartuta eskala batzuetatik gora. “Hori ez da nobedadea Euskal Herrian” adierazi zuen jarraian, HBren kanpaina bat gogoraraziz: Alkaterik onena Herria.
Prozesu Eratzaileak pluralean beraz, lehen planora ekarri beharreko tresna gisa ikusten ditu Zelikek. Alta, bada beste erronka bat ere bere ustez. Ze espaziotan planteatu behar dira eztabaida eratzaileak? “Kapitalak lotura estua du espazioarekin. Espantsio espaziala izan da bere estrategia, gero globalago bilakatuz. Errealitate politiko eta ekonomiko transnazionaletara iritsi da” azaldu zuen. “Grezian ikusten da bertako boterearen eragina murritza dela horren ondorioz.”
Zentzu horretan, birfundazio demokratiko oso baten beharra ikusten du Zelikek, “minimo” Europar Batasun osorako. “Ezkerrak internazionalismoan pentsatzen du. Baina egun Prozesu Eratzaile transnazionala behar dugu, ez internazionala.” Grezia, transnazionalizazio horretan lehen urratsa izateko desioa azaldu zuen.
Herri borondatearen araberako urratsak Grezian
Errikos Finalis SYRIZAko kideak herri mugimenduak eta Greziako herriak eraldaketa prozesuan izan duen garrantzia azpimarratu zuen saio osoan zehar.
Tituluari erreferentzia eginez hasi zuen hitz hartzea. “Ez du axola 89ko Berlingo harresiaren aurreko eredua defendatzen duten militanteak dauden edo ez. Horren eragina ez da berdina izan Europan edo Latinoamerikan. Europan ezkerra nekatuago eta zaharkituago geratu zen. Ez da gai izan ilusioa transmititzeko.”
Finalisen ustez beste mundu batean bizi gara egun, “basatiagoa. Baina forma askoko herri mugimenduak eta ezkerreko mugimenduak ditugu.” SYRIZAko kidearen ustez, horiei esker “ezinezkoa posible da egun.” Duela bost urte Grezian gobernu herritar bat egotea ezinezkoa zirudiela gogorarazi zuen. “Kontraesan askorekin baina errealitatea da egun.”
Aldaketa horretako faktore erabakiorra masa herritarren mobilizazioak izan direla azpimarratu zuen, “ez ezkerraren planak.” 2011n Grezian zeuden herri mugimenduak erabakiorrak izan dira SYRIZA eraikitzeko Finalisen ustez. “Globalizazioaren aurkako mugimenduetatik hasi zen ezberdinen arteko batuketa. Borroka eta antolakuntza eredu berriak sortu zituzten.” Ezkerreko mugimendu askok lehen aldiz batera borrokatu dutela dio.
Hala ere, SYRIZAren gorakadarako, masen leherketa modu positiboan hartu eta demanda horiek bere egiten jakin izana ezinbesteko elementua izan dela azaldu zuen, “beste ezker batzuek ez bezala.” Horren emaitza da egungo Gobernu herritarra.
“Liburuetan idatzitako aldaketarik ez dugu izan praktikan.” Ezker europarra gauza askotan Latinoamerikako prozesuetan inspiratu da Finalisen ustez. “Indar herritarren osatzea, erreforma-iraultza ezkerraren dogma zahar horretatik ateraz.” Horrek Grezian ezkerrak zuen egoerari buelta eman dio SYRIZAko kidearen ustez. “Berlingo harresiaren erorketaren ostean zatiketa mordoa eta nostalgia zaharra nagusitu ziren. Beste ezkerra berriz, sistemaren absorzio bidean jarri zen. Ondorioz ezin izan zion alternatibarik eskaini herriari.”
Alta, kontraesanak ez direla gutxi azaldu zuen Finalisek. “Krisi humanitarioko egoera larrian gaude. Modu berriko kolonia bat da Grezia egun. Europak esaten du zer bozkatu behar den eta zer ez. Xantaia egiten dio herriari.” Zentzu horretan, SYRIZAren gobernua ez dela gobernu iraultzailea esan zuen. “Duintasunaren, burujabetzaren, demokraziaren eta justiziaren bidea da. Horren alde borrokatzen ari da Greziako herria. Eta hori egungo egoeran iraultzailea da.”
Europar Batasunari dagokionez, “egungo EB ez da Europa. Europaren idealaren oposizioa da. Bankarientzat Europa da.” Herrien arteko elkartasuna goraipatu eta “Europa hegoaldeko herrien aliantza” behar dela esan zuen, “iraultza demokratiko bat egiteko Europan.” Ezkerra eta herri mugimenduen artean eztabaida hauek eman behar dira Finalisen ustez. “Ez dugu irabaziko dugunaren bermerik baina borrokatzea besterik ez dugu.”
Munduko herri guztiak minberak eraso berdinekiko
Yolanda Rojas kontsul venezuelarrak, atlantikoaren beste aldetik Europako egoera nola ikusten den azalduz hasi zuen hitza. “Europako borroka hauen enpatia handia eragiten digute, gu ere horretatik pasa gara-eta.” Eduardo Galeano idazle uruguaiarrak 1991an idatzitako testu bati erreferentzia eginez ordea, “sozialismoaren hiletan hildakoz nahastu” zirela adierazi zuen.
Laurogeita hamarreko hamarkada Latinoamerikan “miseriaren politiken garaia” izen zela esan zuen. “Politika neoliberalen helburua konfiantza soziala eta autoestimu nazionala deuseztea” dela gaineratu zuen Rojasek. “Ekonomia iluminatu gutxi batzuek ulertzen duten kontua da eta hargatik da merkatua jainko.”
Chavezek ordea, herriaren gaitasun sortzailean sinesten zuela azpimarratu zuen “eta hori izan zen erreskaterako bidea.” Herriak justizia soziala, integrazioa eta elkartasunaren bandera berreskuratu zuen Rojasen esanetan, deskolonizazioaren bidean aurrera eginez.
“Gure borroka ez da politiko eta ekonomikoa, batez ere kulturala da. Hori izan behar da agenda emantzipatzaileen helburua”, aldarrikatu zuen kontsulak. Kultura politiko berria eratzeko, demokrazia parte hartzailean sakontzeko. “Informatzeko eta garapenerako aukera izatea denok, balore humanista eta ingurugiroaren errespetuzkoetan oinarrituta. Bakea eraikitzea da herrien arteko anaitasuna.”
Rojasen ustez integrazio latinoamerikarra da defentsa mekanismo onena neoliberalismoaren aurrean. Baina, ez dela nahikoa ere adierazi zuen, “ez bada ordena mundial berri bat eraikitzen, demokrazian, errespetuan eta naturarekiko harmonian oinarritua.” Izan ere, “munduko herri guztiak gara sentiberak beldur berdinetara, eraso berdinetara, behar berrietara eta beraz itxaropen berdinak izan behar ditugu.”
Azkenik, Iratzar Fundazioak egindako ahalegina txalotu zuen, “atlantikoaren gainetik elkartasunean bat egin eta herri botere berri bat eraikitzeko” egindako ahaleginagatik. Boterearen demokratizaziorako eta herritarren ahalduntzerako bidea, eztabaidatzea eta hitz egitea dela azaldu zuen. “Bide hauek ezin ditu inork geratu.”
Ezkerrak Europar Batasunarekiko izan beharreko jarreraz eztabaida
Galderen tartean, herritar batek Europar Batasuna benetan erreformatu daitekeela uste duten galdetu zien hizlariei, eta ez ote den hautsi behar.
Errikos Finalisek adierazi zuenez, “EB ez da antipopularra. Ez du funtzionatzen. Hori da arazoa.” Baina Greziako herria ez dagoela horren aurkako borroka planteatzeko prest esan zuen zintzoki. “Posible da pixkanaka horren inguruko kontzientzia eratzea. Baina ez dago soluzio magikorik.”
Orain lehentasuna “bizirautea” dela adierazi zuen, eta zentzu horretan EBtik ateratzea ere ez dela soluzioa. Hala ere, EB duela hamarkada bat baino deslegetimatuago dagoela adierazi zuen SYRIZAko kideak. “Prozesu bat da.”
Argi adierazi zuen, Greziako herriak bi aukera dituela Europar Batasunarekiko: sumisioa edo haustura. Baina hautu hori ez dagoela soilik SYRIZAren esku ere esan zuen. “Herriari entzun behar zaio ea aurrerago egin genezaken.” Zintzoki adierazi zuen, ez dela ezker iraultzaile klasikoaren jarrera beharbada, baina “formula berriak” behar direla esan zuen. Ezker hori nekatua dago eta ez da operatiboa. “Ez da ezker 'autentikoa' nahi bada. Baina ilusioak artikulatzen ditu, egungo beharrei erantzuten die.” Herriaren indarrean eta borondatean sinetsi behar dela aldarrikatu zuen, bidea herriarekin eginez.
Europar Batasunarena ez dela eztabaida erraza aitortu zuen. “Orain Europak Greziako herria interpelatuko du. Herriari entzun behar diogu. Erreferendum bidez edo beste edozein modutan eta aurrera egiteko prest badago aurrera. Prozesu konplexuak dira.”
Raul Zelikek Europar Batasunaren berfundazioaren beharra defendatu zuen. Bere ustez, “ez du zentzurik eurotik ateratzeak batere produkzio sarerik ez duen herrialde batek -Greziari erreferentzia eginez-. Suizidioa litzateke.”
Zeliken ustez, batzuetan eztabaida “absurdoak” ematen dira. “Ez zen erabaki ona izan batasunean sartzea, baina egun ateratzea suizidioa da.”
Alemaniar gisa, “Alemaniatik, Europako herrien arteko internazionalismoa defendatu behar da egungo instituzioak kritikikatuz” Zeliken ustez, “baina egin beharrekoa Europaren birfundazioa defendatzea da, prozesu eratzaileen bidez.”