Kaiera berri bat dugu eskuartean: Burujabetza pluralean . Baina …

 

Zer da burujabetza XXI. mendean eta mendebalde zuri eta heteropatriarkal honetan? Azken garaiotako euskal estatuaren nahi burujabetzaren inguruko aldarrikapenek eraman gaituzte, zergati eta arrazoibideen bideetan murgiltzera, hauek aztertu eta hauetaz hausnartu nahian. Ez duzue Burujabetza pluralean deitu dugun kaier honetan erantzun borobilik aurkituko, baina bai ordea hainbat gogoeta bide: bizitzaren jabekuntzaz, botereaz, hizki larriz idatzita.

 

Euskal Herrian abian jarri nahi dugun eraldaketa politiko eta sozialerako prozesuek, burujabetza izango dute oinarri eta artikulaziorako gune. Burujabetza prozesua konplexua da, lurraldetasunarekin lotua da baina era beran demokrazia, bizitza (baliabide energetikoa, elikadura, ekologiko, eta abar), zaintza eta gorputza gurutzatzen zaizkio. Burujabetzak finean, ahalduntzea esan nahi du. Batetik, boterea behar dugu elkarrekin aritzeko eta Euskal Herriaren burujabetza prozesuan indar kolektiboa eraikitzeko. Bestetik, sormena eta sorkuntza erabiliz, norberaren ahalmenez jabetuz duintasuna lortzeko gaitasuna izatean datza.

 

Honela izanik, mundu globalizatu honetan estatu bat izan nahi dugu euskaldunen ongizate politiko eta soziala bideratu ahal izateko. Eta era berean, euskal estatua izan nahi dugu, gaur gaurkoz, antolakuntza mota horrek geure buruaren jabe izan eta gure oraina eta geroa osatzen duten esparru ezberdinak erabaki ahal izateko bide delako, burujabetza gorpuzteko bide delako. Erabaki nahi dugu, geure bizitzaren atal ezberdinak hautatu eta eraiki nahi ditugu, geure bizitzaren kontrola izan nahi dugu eta hau eginez, ondo aritzeko edota akatsak egiteko aukera eskatzen dugu. Estatua, beraz, burujabetza eskuratzeko tresna da.

 

Eskuan duzun kaiera, hortaz, ibilbide horretaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko lanabes gisa ulertzen dugu. Hausnarketa hori, auzolanean, bidelagunez osatutako askotariko eginbide gisa irudikatu nahi izan dugu. Zure txanda da orain. Irakurketa on eta batik bat eztabaida on!!!!!

 

Kaiera eskuragarri duzue webgune honetan bertan  formatu digitalean hemen, paperean nahi bazenu jarri gurekin kontaktuan

 

 

Fitxa teknikoa

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.