Ekintzarako batasunaren balioaz jabetzen

Fronte Zabalaren erakuntza eztabaida dela-eta, Jose Bayardi Uruguayko Frente Amplioko kidea izan da gure artean, bertako esperientziaren nondik norakoak eta xehetasunak azaltzen. Bayardi, Frente Amplioko Nazioarteko Gai eta Harremanetarako Batzordeko Presindetea da egun. Defentsa Ministro eta Ekonomia Ministro izana da Frente Amplioaren gobernuetan. Berak azaldu digu Frente Amplioa zer den, nola antolatuta dagoen, nola funtzionatzen duen eta funtzionamendu egokirako funtsezko printzipioak zein diren.

Bayardiren esanetan Frente Amplioa ekintza politiko iraunkorrerako sortu zen. Batasun politikoa premisa politiko gisa ulertzen dute eta batasun horren oinarrian programa politiko eraldatzaile batekiko lehialtasuna eta atxikimendua dago. Antolakuntza ereduari dagokionez, Frente Amplioa koalizioa eta mugimendua da era berean, egitura komunak baititu: Oinarriko Komiteak.

Gehiengo kualifikatuen bidez lortzen dira adostasunak Frente Amplioan, sentsibilitate politiko eta tradizio politiko oso ezberdinetako alderdi, sindikatu eta mugimenduak biltzen baitira bertan. Dena den, aldeetako baten printzipioak biolentatzen baditu FA-ren erabaki batek, boto askatasuna eman dakioke eta ekintza askatasuna ere eskatu lezake. Bayardiren ustez, batasunak duen balioaren benetako zentzurik ez badago kideen artean, norbere kolektiboaren interesak besteen gainetik jartzeko tentazioak egon litezke. Funtsezkoa da beraz militanteek printzipio asoziatiboa barneratuta izatea.

Batasunaren zentzu estrategikoaz jabetzen bada bat, badaki goma estiratu dezakeela puntu bateraino, baina badaki ezin duela tira hausten den punturaino. Frente Amplioa beraz, hain egitura konplexua izanda, tentsio etengabean dagoen egitura da. Hargatik da garrantzitsua joku arau demokratiko eta garbiak izatea batetik, baina bestetik, tentsio hori sanoa da Bayardiren ustez.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.