Iratzar Fundazioak Atenasen ospatutako Resistance Festivalen parte hartu du, Sorturekin batera

Resistance Festival urteoro Atenasen ospatzen den greziar ezkerraren jaialdia da, Syrizan kokatutako KOE alderdiak antolatuta. Aurtengoan, lehen aldiz, aurrekoetan parte hartu duen Sorturekin batera joan da Atenasera Floren Aoiz, Iratzar Fundazioaren zuzendaria.
Milaka lagun bildu zituen aurtengo jaialdiak bi berezitasun zituen. Batetik, Grezian dagoen egoera larria, zeinean greziarrek eragile neoliberalen eraso bortzitza jasaten ari baitira. Bestetik, hausnarketarako apostua, XXI. mendeko ezkerraren inguruan, besteak beste Tariq Ali, Samir Amin ezagututako intelektualak, Álvaro García Linera Boliviako lehendakariordea eta pentsalari bikaina, eta HDPko ohorezko lehendakaria Ertugrul Kürkçü gonbidatuekin.
Beste nazioarteko ordezkariekin batera, Floren Aoizek parte hartu zuen Tariq Alik eta Samir Aminek lideratu zuten eztabaidan, Greziako herriarekiko mezua bidaliz eta ezkerra indartu eta berritzeko beharra azpimarratuz, erresistentzia ereduetatik alternatiben formulazioa eta eraikuntzera pasatzeko deia eginaz. Garai zail eta gogor hauetan oso inportantea da Greziako herritarrekin bat egitea eta eraso neoliberala salatzea, nabarmena baita arazoa politikoa dela eta Troikak alternatiben eraikuntza oztopatu nahi duela, zorraren aitzakiaz. Gaur egun zorra herriak menperatzeko tresna nagusietako bat da eta Europako herriok ulertu behar dugu Grezian greziar herritarren etorkizunaz gain geurea ere jokuan dagoela.
Sortu eta Iratzar Fundazioaren ordezkariek nazioarteko ordezkariekin hitz egin eta Euskal Herriari buruzko informazioa emateko aukera izan zuten. Berrikuntza eta indartze haizeak dabiltza ezkerran, oztopoak oztopo, eta Euskal Herriak badu bere lekua saio kolektibo eta anitz honetan. Turkian HDPren ereduaz atzeman denez, posiblea eta beharrezkoa da hainbat ezkerreko taldek nazio askapen mugimenduekin izan dituzten errezeloak gainditzea eta jauzi honen beharra azpimarratu nahi izan dute euskal ordezkariek Atenasen, harrera hagitz ona izan delarik.
Iratzar Fundazioak berretsi du, jaialdian parte hartu ondotik, hausnarketa estrategikoa bultzatzeko beharra, eta Atenasen mahai gainean jarritako ideia eta proposamenak aztertzen eta eztabaidatzen ariko da hurrengo asteetan, hausnarketa honetan parte hartzeko ateak irekirik daudelarik nahi duen lagun ororendako.
Jarraian duzue Floren Aoizek mintegian egindako hitzartzea osorik:
Arratsalde on. Floren Aoiz naiz, Iratzar Fundazioko eta Sortuko kidea, euskal esker independentistako alderdia berau.
Lehenik eta behin, eztabaida honetan parte hartzeko gonbidapena egin izana eskertu nahi diet jaialdiaren antolatzaileei. Era berean, ekitaldi honetan dauden delegazio, pertsona eta taldeen ordezkariak agurtu nahi ditut. Eskerrik asko.
Bigarrenik, babes eta elkartasun mezu bat bidali nahi diegu une gogor eta konplikatuotan greziar herriari eta bertako herri mugimenduei zein antolakunde politikoei.
Hirugarrenik eta eztabaida honetako gaiarekin lotuz, egoera hain larri honetara nola iritsi garen galdetu behar diegu gure buruei. Nola iritsi garen gaizki deituriko austeritate delako honen aitzakiapean milioika pertsonaren lan eta bizi baldintzak gogorki kolpatuak izan diren egoera honetara. Zerbitzu sozialak zergatik desmuntatzen diren galdetu behar diogu gure buruari, aparatu errepresiboak eta legedia kriminalizatzaileak indartzen diren bitartean.
Europa ideal bat agintzen ziguten, ongizatearen paradisu bat, aurrerabidea, askatasunak eta giza eskubideak. Para promesa horiek egiatan infernu neoliberal bilakatu dira. Eredu alternatibo bat eraiki nahi badugu, kritikatzen dugun eredua nola inposatu den jakin behar dugu.
Uste dugu guzti honek zer ikusia duela Europar Batasuna eta euroa eraikitzeko moduarekin. Prozesu guztia goitik behera egin da, herritarren iritziak kontuan izan gabe. Zentro-periferia harremanak erreproduzituz egin da, Estatu batzuek posizio dominantea hartuz beste batzuen gainean. Batasun hau kapitalaren interesei lehentasuna emanez egin da gehiengo sozialaren gurarien aurrean. Eta orientazio atlantiarra jarraituz egin da, Estatu Batuen konplizitate inperialistarekin gainontzeko mundu osoaren aurrean.
Ez dute jendearen Europa egin, kapitalaren Europa egin dute. Ez diote aurre egin Estatu Batuei, euren zerbitzura jarri dira.
Laugarrenik, eta hausnarketa kritiko honen ondorio gisa, elkartasunak eta alternatibak behetik eraikitzeko garaia dela uste dugu, herrietatik, ezkerreko antolakundeetatik. Proiektu neoliberala gure herriak porrotera kondenatzen ari da, Europar Batasuna iruzur handi batean bilakatu dute. Herri subiranotasuna mugatzen du eta jarraibide kapitalistak ezartzen ditu. Europa hau zaharkituta dago, pipiak janda dago interes kapitalistekiko menpekotasunagatik. Hau guztia gutxi balitz, faxismoaren eta xenofobiaren mamuak bueltan datoz.
Erresistentzia inoiz baino beharrezkoagoa da baina alternatibak proposatu eta zehazteko sasoia da. Horretarako herrien arteko hierarkizazio oro baztertu behar dugu. Europan inongo Estaturik ez beste inor ez da izan behar beste inor baino gehiago. Eta hau, euskalduna bezalako herri batetik diogu, estaturik gabeko herria eta bere subjektu politiko izaera ere ukatzen zaion herritik. Kurduek eta ez kurduek Turkiako azken hauteskundeetan erakutsi diguten gisan, posiblea eta beharrezkoa da indarrak biltzea ezberdintasunetatik harago.
Kapitalaren monolitismoaren eta bere dominazio eta esplotazio eredu zaharkituaren aurrean, aldaketarako indarren aniztasuna eta berrikuntza sustatu behar ditugu. Ideiak birziklatu behar ditugu, formula berriak probatu, iraganeko honena berreskuratu eta etorkizun berriak asmatu. XXI. mendeko ezkerra asmatu behar dugu. Demokraziaren bandera hartu eta ortzi muga sozialistara bidean, iraultza demokratikoa bultzatuko duen ezkerra. Eta zalantzarik gabe, Atenas demokraziaren bandera altxatzeko toki zoragarria da, hainbeste menderen ostean, hots greziarra duen kontzeptua izaten jarraitzen baitu.
Azkenik, batasunerako eta herrien koordinaziorako deia egin nahi dugu, mugimendu sozialak eta Europako eta munduko ezkerreko indarrak, Grezia defendatzeko neoliberalismoaren aurrean eta alternatiben eraikuntzan aurrera egiteko. Bestelako Europa eta mundua posible delako. Osasuna eta askatasuna.