"Neoliberalismoaren geopolitika eta Euskal Herria" TTIP akordioari buruzko lana

TTIP akordioari buruzko lana osatu dugu Iratzar Fundazioan. Lan honen helburua, Merkataritza Askeko Itunak zer diren azaldu eta munduan egon diren zein martxan diren antzeko akordioak azaltzea da, hauek herritarrongan dituzten ondorio kaltegarriak azaleratuz. Euskal Herrian TTIPek izango dituen ondorioak xehetzen dituen lana da hau. Hemen edo Dokumentuak atalean irakurri eta deskargatu dezakezue lana.

TTIP euskeraz 1

Amerikako Estatu Batuen (AEB) eta Europar Batasunaren (EB) arteko Merkataritza eta Inbertsioen Akordio Transatlantikoa sigla ezberdinekin ezagutzen da. Ohikoena TTIP akronimoa da (TransatlanticTradeandInvestmentPartnership), baina TAFTA(TransatlanticFreeTradeArea) edota gaztelaniazko ATCI(AsociaciónoAcuerdoTransatlánticaparaelComercioylaInversión) ere erabili daitezke. Bata zein bestea (guk TTIP erabiliko dugu), AEBen eta EBren arteko Merkataritza Askeko Itun (MAI) bat ezartzeko proposamen bati dagozkio, merkataritza askeko eremu transatlantiko handi bat egiteko helburuarekin sortua.

Akordioaren oinarria bi merkatu eremuetako ondasunen, zerbitzuen, inbertsioen eta erosketa publikoen salerosketarako ateak batak besteari zabaltzea izango da. Guzti hau, batetik muga-zergak ezabatuz eta bestetik, bakoitzaren araudiak armonizatuz egingo da. Hala, ondasunen eta zerbitzuen salerosketan muga-zergak ez diren bestelako oztopoak ezabatu nahi dituzte. Azkenik, beste kapitulu batzuei ere ekingo zaie, hala nola Jabetza Intelektualarena (jabetza eskubidearen luzapena batez ere sendagaietan), energiaren kapitulua (atzean haustura hidraulikoaren gaia ezkutatzen da), finantza zerbitzuen kapitulua (desarautzea), eta “inbertsio transnazionalen babesa” deituriko ISDS klausula.

TTIPa munduko proiektu politikoa da, helburu ezberdin asko dituena baina elkarren osagarriak direnak, nazioarteko eta tokiko inplikazioa duena, ondorio ekonomikoak eta gizartean eta ingurugiroan eragina izango duena. Horregatik, ezin dugu sinetsi TTIParen helburua europar eta iparamerikar merkatuen irekitzea edo aduana tasen ezabatzea besterik dela. Bere helburua atzerrian inperialismoaren bertsiorik okerrena berpiztea da, eta eremu transatlantikoan muturreko liberalismoa ezartzea, “beharrezkoak ez diren” ekoizpen gastuak kenduz soldatapekoen, kontsumitzaileen edo ingurugiroaren babeserako neurri oro desagerraraziko duena. Azkenik, TTIPak arriskuan jarriko du aurreko mendean belaunaldi osoek borrokatuz lortutako guztia.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.