1917-2017… Gora Herria!

Bost gogoeta 1917ko Iraultzaren mendeurrenean,
gure garaiko iraultza eta matxinadei buruz eta
XXI. mendeko sozialismoaren inguruko hausnarketari begira
————————————————————————————————————
A, Sarrera.
1917ko iraultzaren oroimena beharrezko eta emankorra da, keinu nostalgiko edo melankolia tentaldiak alde batera utzirik, errealitatea errotik aldatzea eta bide alternatiboak irekitzea egingarria dela gogoratzeko.
Kapitalismo neoliberalak alternatiba eza bilakatu nahi izan du gure garaiko esanahi komun. Jendarte aldaketaren ikuspegi estrategikoa ezabatu nahi dute, iraganeko eraldaketa esperientzien emankortasuna bazter dezagun eta aldaketarik gabeko etorkizunaren sinesmenean murgil gaitezen. Horregatik mendeurrena lehia esparru bilakatu da eta lehia honetan jardun beharra dago, 1917ko iraultzak zerumuga berria ireki baitzuen ibilbide historikoan, indar oroz itxi nahi izan dutena, eragile eraldatzaileak indargabetzeko. Errotiko aldaketaren zerumuga gaurkotzea eta zabaltzea da gure garaiko indar askatzaileon erronka nagusia, beraz, eta horretarako iraultzaren erreferentzia aldarrikatzea guziz beharrezkoa da.
Mendeurrenaren harira, bost gogoeta formulatu nahi izan ditugu era laburrean, eztabaida eta hausnarketa kolektiboa sustatzeko asmoz. Testu eskematikoa da, gure asmoa ez baita idazki borobila formulatzea, ideien arteko elkartrukaketa ahalbideratzea baizik.
B, Eztabaidarako gogoetak.
1: Kapitalismoak badu alternatiba: sozialismoa, hau da, jendartearen nagusitasuna kapitalaren diktaduraren aitzin. Historia ez da eten, eta kapitalismoa ez da zerumuga bakarra, hala sinestarazi nahi badigute ere. Berriz, sozialismoa da kapitalismoaren gure garaiko erokeria neoliberala eta bere fruituak diren faxismo berrien aurreko alternatiba zerumuga bakarra, jendartearen eta denonen nagusitasunaren bidea ezartzen duelako elite eta kapitalaren interes eta logikaren gainetik.
Kapitalismoa sistema hiltzailea da, guziz injustua, zapalkuntzak biderkatu eta egituratzen dituena. Prekarizazio orokorra dakar, dena diruaren menpe jarriz, jendarte loturak eta bizitza duinerako baldintzak urratzen ditu, ezberdintasunen araberako botere harremanak ezarriz, genero, arraza eta beste diskriminazio asko babestuz eta zabalduz. Kapitalismoa gainditzeko beste zibilizazio bat eraiki behar dugu eta zibilizazio horren funtsa denona da, komuna, komunismoa. Gure aro historikoan, sozialismoa da planetaren bideragarritasuna berma dezakeen zerumuga bakarra.
Berdintasuna eta denonaren defentsa dira zerumuga honen mugarriak. Sozialismo komunitarioa eraiki behar dugu, gurean, batzarra, auzolan eta komunalen gaurkotzea da formula berrien inspirazio nagusietako bat. Sozialismo estatistaren ereduak gaindituz, jendartearen demokratizazioa maila guzietara zabaltzea ezinbestekoa da.
2: XXI. mendeko kapitalismoa gainditu nahi dituzten XXI mendeko alternatiba, eragile eta estrategiak behar ditugu.
Borroka eta eraldaketa urteetako ikasgai emankorrak baliatuz, ezkerrak berritu behar du bere egitasmoa, itxikeria, sektarismoa eta dogmatismoa alde batera utziz, eta honetarako esperienziaren inguruko autokritika zorrotza ezinbestekoa da, alde onuragarriak eta egindako ekarpen erraldoiak aintzat hatzea bezala.
Behin betirako gainditu behar dira determinismo eta esentzialismo joerak. Jendartearen konplexutasuna aintzat hartuta, idatzita ez dagoen historia idatzi behar dugu, eraldaketaren motorra borroka erreala delarik. Warren Buffet enpresari estatubatuarrak argi adierazi zuen eliteen ikuspegia: “klase borrokak dirau eta gu ari gara irabazten”. Hala da, eta horren aurrean ezinbestekoa da eraldaketaren subjektu berria artikulatzea, zapalketa anitzak ordezkatuko dituen herri berria, aurretik aukeratutako klase edo alderdiaren araberako eredu zaharkituak gaindituz.
Eta, era berezian, kapitalismoa gainditzeko urratsak proposatu eta gauzatu behar ditugu. Gure alternatibak bizitzaren sostengarritasun prozesuak sustatu behar ditu, kooperatibak, komunak eta orohar ekonomia sozial eta solidarioa bultzatuz bai eta ekonomiaren alde produktibo zein erreprodukzio soziala azalariko dituzten bideak arakatuz eta gauzatuz. Harreman ekonomikoak eta ekonomia bera errotik aldatzeko ezinbestekoa da Estatua, jakina, baina zerumuga ezin da zentralizazioa izan, ezta mitifikatutako planifikazioa ere. Izan ere, gaur hasi behar da biharko jendarte berriaren oinarrien eraikuntza.
3: Feminismoa garaiko sozialismoaren zutabe nagusia dugu. Jendarte heteropatriarkala erroetatik eraldatzeko berma izateaz gain, sozialismoa egitasmo integrala bilakatzeko bidea da. Xede horrekin, feminismoaren ekarpenak gureganatu, berdintasunaren zerumuga indar oroz bultzatu eta emakumeen borrokaren zentraltasuna gauzatzea ezinbesteko urratsak dira.
Feminismoak eraldaketaren ikuspegia berritu eta egokitu du, ezkerraren kontraesanak eta begirada mugatuak kolokan jarriz, azterketa kritiko eta jarduera emankorretarako ekarpen emankorrak eginaz. Derrigorrez hartu behar da aintzat feminismoa gure garaiko matxinada eta iraultzei begira.
4: Eraldaketa behetik gora egin behar da, jarduera integralen bidez: matxinada demokratikoen tenorea da! Goitik behera eredu autoritario, burokratiko eta zentralizatuak besterik ez dira birrekoizten: artikulazio eraldatzailea da bidea. Ez dago herri iraultza edo eraldaketarik herririk gabe. Ez dago herria ordezkatzen ahal duen inor: herriak soilik salba dezake herria!
Beraz, eraldaketa eredu berriaren gakoa konplexutasun eta aniztasunaren kudeaketa da, artikulazioaren bidez, ezarri nahi dizkiguten zatiketa eta ikuspegi mugatuen gainetik. Borroka eta eragile eraldatzaileen elkarlana da eraldaketaren oinarria, desegin nahi duten jendartea egitasmo eraldatzaileen inguruan gorpuztea ezinbestekoa baita. Eta lehia honetan, Estatua borroka eta eraldaketa esparrua ere bada. Estatuaren lehia egin eta irabazi behar dugu sozialismoa eraikitzeko. Borroka integralak behar ditugu, finean, makro eta mikropolitika eskalak artikulatzen dituztenak, parte hartze zuzena eta disziplina eta ordezkapena txertatuz.
Estrategia integralen beharra azpimarratu behar dugu, beraz, fragmentaziotik ez baitago aldaketa orokorrik lortzerik. Eta gurean, Europan, neoliberalismoaren prekarizazio eta desdemokratizazio agendaren kontrako matxinada demokratikoak bultzatzea da erronka.
Kapitalak demokrazia gorrotatzen du, ez du inoiz maite izan. Herriaren presioak ekarri du beti demokratizazioa, lorpen zuzen gisa edo iraultzaren arriskua galarazteko urrats bezala. Gaur egun soberan du neoliberalismoak mozorro demokratikoa eta autoritarismoa eta demokraziaren pribatizazioa nagusitzen dira, honenbestez.
Gauzak horrela, demokraziaren ikurra kendu behar diegu, argi utziz iraultzaren zerumuga demokratizazio integral eta errotikoa dela.
5: Herriaren burujabetzaren defentsa erronka nagusia dugu kapitalaren diktadura areagotzen ari den gure garaietan.
Nazio auzia ulertu eta behar bezala erantzutea izan da ezkerraren akats estrategiko nagusietako bat. Zerbait dakigu honetaz Euskal Herrian, bi estatuen eraso bortitzena jaso duen gure borroka eraldatzailea burges ttiki edo internazionalismo proletarioaren kontrakotzat anatemizatu dutelarik hautu eraldatzailerik inoiz ere egin ez dutenek.
Akats erraldoia litzateke herri atxekimena edo komunitate desira kapitala edota faxista berrien eskuetan uztea. Nazioa, herria, elkartasuna, errebeldia, pasio politikoak estrategia eraldatzailearen motorra bilakatu behar ditugu. Garrantzia berezia eman behar zaio maila honetan nortasun eta naziotasunaren auziari. Internazionalismo berria eraiki behar dugu, zeinean herrien eskubideak aldarrikatzen baitira, itxura aurrerakoia hartu nahi duen kosmopolitismo neoliberala gaindituz. Herrien sozialismoa izanen da munduko sozialismoaren aurrekaria. Behetik gora egin behar da gure garaiko iraultza, herrietatik.
Herri burujabetza, gauzak horrela, erronka nagusia dugu. Bizitzak kapitalari lehia irabazi nahi badio burujabetza behar da, herriak bere buruaren jabe izan behar du, kapitalaren burujabetza hautsiz. Ez gara independentzia formalaz ari, askoz ere erronka handi eta zabalagoa baita burujabetza, erabaki guziak herriaren eskuetan jartzea baita xedea, ekonomia, jendarte eredua, instituzioak…
Matxinada demokratiko soberanistak pizten ari dira Europan, hau da XXI. mende hasiera honetan poteretsuak izutzen dituen mamua. Grezian gertatu zen, Eskozian ere bai, eta Katalunia da orain indar oroz bide berriak ireki nahi dituena. Garai bakoitzak ditu bere matxinadak, lubakiak baliatzen dituenak aukera lehioak zabaltzeko. Ongi etorria eman behar zaie borroka, mobilizazio eta alternatiba eraikuntza saio orori, baina egitasmo eraldatzaile orokor eta estrategia artikulatzailerik gabe ez da aldaketa integralik etorriko.
Euskal Herrian argi dugu: Gora Herria!
C, Erronkei eusteko tenorea.
Bizi garen egoerak urrats bat ematea eskatzen digu XXI. mendeko sozialistoi. Ofentsiba eraldatzailera pasa behar dugu maila guzietan. Aurre egin behar diegu neoliberalismoa eta alternatiba faltsua den faxismo berriari maila guzietan, ekonomian, ideologian, egunoroko bizitzan…Mobilizazio eta borroka fase berriak irekitzeko tenorea da 1917ko iraultzaren mendeurrena.
Euskal Herria, 2017ko urria.