Katalunia : burujabetzak vs neoliberalismoak

Iratzar Fundazioaren lan esparru nagusia ideien lehia da, Euskal Herria aske sozialista, independiente, euskaldun eta feminista lortzeko estrategiaren zerbitzura . Azken asteetan eta bereziki urriaren 1tik aurrera, Katalunian bizi den egoera ukatzaileaz hausnartu eta jarrera hartzearekin batera, eztabaidatzeko hainbat idei zabaldu nahi ditugu .

Oso kontziente gara, kataluniar gehiengo sozialen erabakitzeko ekimenek hamarkadetan ezarritako menpekotasun dispositiboak gailendu dituztela eta nazio eta klase bezala sortzen ari den kolektibitate soziala bere marka uzten ari dela . Horri demokrazia absolutua deitzen zaio eta ez dago errepresiorik gera dezakeenik.

Halere, urriaren 1ean Espainiar Estatuak erabili zuen errepresio bortitzak, Kataluniako aldebakarreko sezesioaren ondoren inposatu duen 155 artikulua ezarri izana eta herritarrek hautatutako gobernukideen zein eragileen sozialen atxiloketen aurrean Iratzarrek ezkerreko balioak eta demokraziaren defentsarekin duen konpromisoa baieztatu nahi du.

Sobietar Batasunaren Iraultzaren mendeurrena ospatzen den honetan nazio auzia ulertu eta behar bezala erantzutea izan behar du ezkerraren erronka estrategiko nagusietako bat. Herri burujabetza, erronka nagusia dugu. Bizitzak kapitalari lehia irabazi nahi badio burujabetza behar da, herriak bere buruaren jabe izan behar du, kapitalaren burujabetza hautsiz. Ez gara independentzia formalaz ari, askoz ere erronka handi eta zabalagoa baita burujabetza, erabaki guziak herriaren eskuetan jartzea baita xedea, elikadura, energia gorputzak ekonomia, jendarte eredua, instituzioak...

Matxinada demokratiko soberanistak pizten ari dira Europan, hau da XXI. mende hasiera honetan boteretsuak izutzen dituen mamua. Grezian gertatu zen, Eskozian ere bai, eta Katalunia da orain indar oroz bide berriak ireki nahi dituena. Garai bakoitzak ditu bere matxinadak, lubakiak baliatzen dituenak aukera leihoak zabaltzeko. Ongi etorria eman behar zaie borroka, mobilizazio eta alternatiba eraikuntza saio orori, baina egitasmo eraldatzaile orokor eta estrategia artikulatzailerik gabe ez da aldaketa integralik etorriko. Bizi garen egoerak urrats bat ematea eskatzen digu XXI. mendeko sozialistoi.

Ofentsiba eraldatzailera pasa behar dugu maila guzietan. Aurre egin behar diegu neoliberalismoa eta alternatiba faltsua den faxismo berriari maila guzietan, ekonomian, ideologian, egunoroko bizitzan... Mobilizazio eta sormena fase berriak irekitzeko tenorea da 1917ko iraultzaren mendeurrena.

Iraultzaileak iraultzaile dira aurrekoek egindakoa ez baitute errepikatzen. Jarrera iraultzailea joko arauak eraldatzea da, eta gure garaietan neoliberalismoak ezarri nahi duen demokraziaren pribatizazio eta prekarizazioari aurre egitea da, gure ustetan, ezkerraren erronka nagusietako bat. Bourdieuk zioenez, neoliberalismoak jendarte loturak hautsi nahi ditu. Haustura hauen aurreko egoneza baliatzen du eskuinak komunitate gogoa termino atzerakoietan bideratzeko, xenofobia, arrazakeria, matxismoa eta txobinismoaren bidez, baina badago gogo horri bestela erantzuteko bidea, komunitate burujabetza demokratikoaren defentsa.

XXI. Mendeko Europako ezkerrak badu lehia hau irabazteko aukera, herrien burujabetza demokratikoa bultzatuz kapitalaren burujabetza autoritarioaren aurrean. Hor elkartu gaitezke estaturik gabeko herriotako ezkerrak nahiz estatuetako ezkerrak. Gure eskua luzatuta dago horretarako.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.