#40Urteurrena Amnistia Legetik

Uda ostean, erreformarekin konprometitutako alderdiek desmobilizazio estrategia biziagotu zuten. Gizartean sortutako giroak pentsarazten zuen amnistia laster iritsiko zela. Gauzak horrela, amnistiaren aldeko aste bat antolatu zen estatuko nazio guztietan preso politiko guztien askatasuna, erbesteratuen itzulera eta amnistia laborala eskatzen.

 

Euskal Herrian urriaren 8tik 15era bitartean egin zen. Errepresioa ikaragarria izan bazen ere, mobilizazioak ugari izan ziren, amnistia, erbesteratu politikoen itzulera eta errepresio indarren desegitea eskatuz. Xabier Arzalluz (EAJ) eta Enrique Mujika Herzog (PSOE) deialdiaren kontra azaldu ziren, Euskadirentzako amnistia osoa onartu berria zutela argudiatuz, eta egunkari, irrati eta telebista baliatuz mobilizazioaren aurkako deia luzatzeko. 

 

Testuinguru honetan, Urriaren 15ean, Diputatuen Kongresuak Amnistia Legea onartu zuen, bertan ordezkatuta zeuden talde politiko ia guztien botoekin. AP alderdi eskuindarra abstenitu egin zen.  Baita, Francisco Letamendia EEko diputatua ere. Arrazori erabat ezberdinak medio, noski. Letamendiarentzat legea murritzegia eta ez-nahikoa zen. Amnistia horrek ez zituen kontuan hartzen izaera politikoko delitu guztiak, amnistia laborala baztertzen zuen eta ez zuen planteatzen errepresio lege guztien desagerpena.

Letamendiak oso argi hitz egin zuen Kongresuan: “Amnistia ez da haren ostean ere delitugiletzat jotzen diren pertsonei ematen zaien barkamen lotsagarri bat, baizik eta beren bitarteko guztiak diktaduraren kontra borrokatzeko jarri dituztenak aintzatesteko neurri bat”.

Parlamentuan onartu ondoren, 46/1977 Legea edo Amnistia Legea urriaren 17an sartu zen indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuta. Haren aplikazioaren ondorioz, aske geratu ziren erreforma politikoari buruzko erreferendumaren eta ekainaren 15ko hauteskundeen arteko aldian egindako delituengatik espetxeratuak izan ziren euskal preso politiko guztiak.

Lehen euskal presoa urriaren 21ean irten zen kartzelatik, eta hurrengo aste eta hilabeteetan beste 22 atera ziren. Azkena Francisco Javier Aldanondo Ondarru izan zen. Ezkio-Itsasoko segadan atxilotu zuten, martxoan, Guardia Zibilak Sebas eta Zaharra hil zituen operazio berean. Azaroko azken egunetan eta abenduaren hasieran Ondarru askatzearen aldeko gose grebak eta mobilizazioak egin ziren, kartzelan gelditzen zen preso bakarra baitzen. Horregatik, 1977ko abenduaren 9an Martuteneko espetxetik irten zenean, herriaren pozak gainez egin zuen eta jendetza handi batek harrera beroa egin zion bere jaioterrian, Ondarroan.

1977an, eztabaidaren erdian amnistia juridikoaren eta amnistia politikoaren arteko lehia zegoela azpimarratu behar da urte osoan zehar. Lehenengoa zuzenbideko profesionalek bultzatzen zuten eta ez zuten aurreikusten aldaketa sakonik legerian, sistema politikoan edota statu quoan. Amnistia politikoa defendatzen zutenek, adiz, amnistia erregimenaren aldaketa sakon eta demokratiko batekin erlazionatzen zuten. 
Alabaina, erreforma politikoak bultzatu zuen amnistia "ley de punto final" bat izan zen eta ez faxismoaren aurkako borrokalarientzat aitortza eta erreparazioa.

Herriak amnistia eskatzen zuen askatasunak berrezartzeko edo demokrazia nahiz herrien eskubideak aldarrikatzeko asmoz egindako de- litu politikoentzat, baina 1977ko urriko Amnistia Legeak frankismoaren inpunitatea bermatzeko erabakigarria izango zen esaldi bat gehitu zuen: “Todos los actos de intencionalidad política, cualquiera que fuese su resultado, tipi- ficados como delitos y faltas realizados con anterioridad al día quince de diciembre de mil novecientos setenta y seis”.  Hala, 1977ko legea “autoamnistia” lege bat izan zen, eta ez frankismoaren kontrako borrokalariak aintzatesteko eta errugabetzeko lege bat.

 

 

Hausnarketa 40 urtera

 Lau hamarkada beranduago ikus dezakegu trantsizioa aukera galdu bezala, eliteei denbora irabazteko tartea eman diena, baina ez frankismo osteko estatuari egonkontasunaren bermea. Honek euskal iraultza izan du aurrean hamarkadatan, erabakiorra izan dena trantsizioak markaturiko etorkizunari alternatiba bizia mantentzeko, eta orain kataluniarrak indar izugarriz lekukoa hartu diona.

Halabaina, Espainiako Erreforma politikoa bere sustatzailearen, erregimen frankistaren, irudi eta neurrira egin zen. Trantsizioa prozesu eredugarri gisa aurkeztu zuten botere politiko eta mediatikoaren egiturek. Alabaina, diktaduraren Estatua kontrolatu zuten indar berek zuzendu eta fiskalizatutako prozesua izan zen: elite frankista bera boterearen eutsiz; kalitate baxuko demokrazia erikiz, eta demokrazia zuzenerako aukerak zapuztuz ; Ongizate Estatuaren azpigarapena ekarriz; Estatuaren nazioaniztasunaren ukapenaz; politikaren ulermena alderdien eliteen zeregin gisa ulertuz...

Aldarrikatutako berdinen arteko hitzarmena baino, eta Estatu frankistarekiko hausturaz gaindi, aldaketa irudikatzea behar zuten elite politiko eta ekonomikoen neurrirako aggiornamentu modukoa izan zen. Erreforma demokratiko bidezko estatu frankistaren irekiera bat, nolabait. Erreforman gauzatu ziren erregimen eta Estatuak egun bizi duten krisiak aditzera ematen du hitzarmen hori hautsita dagoela, eta Estatuak bere burua berrasmatu behar duela.

Erreforma inposatzea lortu zuten, baina, euskal gizartearen erresistentziari eta borrokari esker nagusiki, hausturaren horizonteak bizirik iraun du. Gaur egun haustura ez da formulatzen XX. mendeko hirurogeita hamarre- ko urteetako terminoetan, baina, funtsean, muina lehengo bera da: herrien autodeterminazio askerako eskubidea onartzea.

Espainiako Estatua krisian dago eta bere jarraipenerako orain duen forma au- keretako bat da, baina ez bakarra.  Gaur egun haustura-erreforma hautuak duela 40 urte baino nazioarteko (geo-politiko) irismen are nabarmenagoa du. Orain erabaki beharra dago guztia prekarizatzen duen basakeria neo-liberalaren eta herrien burujabetza, elkabizitza, berdintasuna eta ekonomia zein politikaren demokratizazioan indarra jartzen duen alternatiba baten artean.

Espainia eta Frantziak jada erabaki dute estatu gisa beren biziraupena agenda neoliberalarekin lotzea, hala FN gisako munstroak sortuz. EAJk ere bere egin du eredu neo-liberalarekiko kritika oro deabrutzeko apustua, hala zaku berean sartuz (populistak) Le Pen, ezkerreko alderdiak zein independentistak, eta krisi erraldoia eragin dutenak  salbatzaile gisa aurkeztuz.

Franco hil osteko urteetako Euskal Herriko borrokak gogora ekartzea baliogarri zaigu, lehenik, trantsizio eredugarriaren mitoa kolokan jartzeko eta, batez ere, borroken artikulaziorako ardatzak nabarmentzeko.

Hala, garaian amnistiak estatuaren demokratizazioa eta Euskal Herriaren aitortza suposatu behar zuela ulertutzen zuten gisara, guri, egungo ziklo politikoan kokatzea dagokigu, bere buruaren gero eta jabeago eta aktiboago den euskal jendarte baten testuinguruan.  Duela berrogei urte gau luze frankista eta haren atzean uzteko ilusioak milaka pertsona kalera atera zituen bezala, orain  ere pertsona errepresaliaturik gabeko Euskal Herri burujabe bateko ametsa gauzatzeko borroka berriz ere emozio politiko eraldatzailea da, bizitza hobe baterako aldaketako motore, azken finean herri honetako borrokalariek mundu honi beti eskaini nahi izan dioguna.

 

 

Lotura interesgarriak:

  • Autore ezberdinak (2017) 1977 Aministiaren urtea- 40 urte geroago. Korapiloa saila. Iratzar Fundazioa. Donostia  
  • (Digitalean hemen, paperean eskatzeko Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.)
  • Erreportaia NAIZ en  Los días de la amnistía 40 años de una batalla ganada pero no definitiva, hemen
  • Korapiloa atala webgunean 
  • Diputatuen Kongresuan onartutako Aministaren Legea. BOEn argitaratua hemen 
  • "Aministia guk kokatzen genun, haustura demokratikoaren barnean" Tasio Erkiziari egindago elkarrizketa pasarte bat hemen

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.