Che Gebara gogoan 1967-2017

Sortu eta Iratzar Fundazioa Vallegranden (Bolibian) Che Gebararen heriotzaren 50 urteurreneko ekitaldietan gaude.
Aurten 50 urte betetzen dira Bolibiako armadak eta EEBBko CIA agentzia kriminalak Che Gebara erail zutenetik. Jakina denez, bizirik harrapatu zuten Gevara, baina erabaki politiko baten ondorioz erail zuten, zitalki, bizirik segituz gero izan dezakeen oihartzunaren beldur.
Hiltzaileek bazekiten mundu mailako erreferente baten aurrean zeudela, baina krimen nazkagarriak mitoa bultzatu zuen, akabatu beharrean. Gebara hil zuten, Gebararen mitoa handituz.
Che Gebara konpromiso iraultzailearen ikurra da ordudanik mundu osoan. Inspiragarria da Che Gebara kapitalismoaren injustiziak gainditu eta beste zibilizazio bat eraiki nahi dugun guztiontzako.
Gevarak Kuban nahiz Bolibian, gerrillan nahiz gobernugintzan, oihanean nahiz bulegoetan, borroka egin zuen mundu berria eraikitzeko, ipar orratz sozialistaren eredu bilakatu delarik.
50 urte ondotik Gebararen seme-alaba politikoak daude Bolibiako Gobernuan. Indigena batek zuzentzen du aldaketa prozesua, eliteen erasoen kontra, nahiz ortodoxia sasi-ezkertiar askoren iritzi eta dogma itxien gainetik.
Besteak beste, batzuen kosmopolitismo hutsaren aurrean, nazioarteko elkartasuna herrien burujabetzaren defentsaren terminoetan defendatu zituen azken hatsa itzali arte.
Gu ere, maila batean bederen, Cheren sema-alaba politikoak ere bagara. Batetik, Kubako iraultzak eta Gebara beraren erreferentziak eragin handia izan zutelako euskal ezker independentismoaren lehen urratsetan. Gazte ero horiek Cherengana, Fanonengana eta beste erreferente batzuei egin zieten so, ortodoxoek gure herriaren borroka lekuz kanpo kokatzen zuten bitartean, burges txikia zelakoan, edo. Gertu sentitzen dugu, beraz, Gebara, bere abizenaz gure herriaren oihartzunak mundura eraman dituena, guk bezala berak ere bazekielako bideak egin behar direla, ibili ahal izateko.
Karl Marxen Das Kapitalen argitalpenetik 150 urte betetzen diren honetan, Errusiako iraultzaren 100. urteurrenean, gure garaiko iraultzak, behetik gorakoak, berritzaileak, demokratiko eta demokratizatzaileak, denonaren nagusitasunaren bilakoak dira.
Ez gaitu nostalgiak mugiarazten. Iraultza ezin da postal bat bilakatu, ezta estetika vintagea ere. Ederki dakigu gure garaiko erronkei gure garaiko terminoetan erantzun behar zaiela. Beste batzuk esentzien zaintzan murgiltzen diren bitartean, geure eraldaketa bideak ireki behar ditugu. Baina, halaber, jakin badakigu ere, neoliberalismoak erreferente historikorik eta espektatibarik gabe nahi gaituela, bukatzen ez den denboralitate kapitalistak alternatibarik ez duela sinestaraziz.
Oroimenak balio du, gauzak horrela, iraultza egingarria dela gogoan izateko, kapitalismoa ibilbide historikoaren forma bat dela azpimarratzeko. Gainditu daitekeela oroitzeko, finean.
Gure garaiko gazte eta ez hain gazte erook hautu eraldatzailea berretsi behar dugu, Euskal Herrian borroka eta mobilizazio ziklo berria bultzatuz, gure herriak hurrengo urteetan kalitatezko urratsak eman ditzan bere auto-antolaketan, bere nazio eta jendarte askapenean, hots. Hau da mundu mailako borroka eraldatzaileari egin behar diogun ekarpena, Che, Fidel, gure borrokalari eta historiako iraultzaile guzien omenez.