Alemaniako hauteskundeak 2017

Munduan bizi dugun egoera gorabeheratsua ikusirik esan dezakegu Alemaniak egonkortasuna bizi duela.

Datu makroekonomiko gordinei begiratuz, bi Alemanien batasuna gauzatu zenetik ez da halako sendotasun ekonomikorik izan. Azken bi urteetan 36 mila milioiko superabita izan da estatuen kontuetan eta Frankfurteko burtsako DAX indexa finkatzen duten enpresa handiek inoizko emaitzarik onenak lortu dituzte. Langabezia beherantz joan da %6raino minimo historikoetan kokatuz eta inkesta ofizialen arabera jendartearen gehiengoak etorkizuna itxaropenez ikusten du.

Jende askok Merkel egiten du egonkortasun eta gorakada ekonomiko horren erantzule. Hamabi urte gobernuan egon arren desgaste txikia izan du. Bere orain arteko koalizio-kide edo oposizioko alderdiak dira “hobekuntzak” gauzatzeko gaitasuna erakutsi behar dutenak.

Eskuinetik, AFD alderdi ultra-eskuindarrak indar handia hartu du baina ez nahikoa gobernu alternatiba bat eraikitzeko. Hori bai, eztabaida politiko publikoan bere “gaiak” bete-betean sartzea lortu du: segurtasuna, islama eta integrazioa.

Ezkerreko alternatiba parlamentario posible bat gidatzeko ardura eta posizioa lukeen SPDk, beste behin ere, Merkelen CDUren eduki politiko oso antzekoekin aurkezten da. Martin Schulz-en hautagaitzak hasiera batean ilusioa eta gobernu koalizio gorri-gorri-berde(SPD+DieLinke+Berdeak)baten aukera ireki zuen baina bere programa finkatzen joan den heinean aldaketaren(parlamentario bederen)aukera ezerezean geratu da.

Beraz, Merkelen CDUk irabaziko duela ea segurutzat jo daiteke. Galdera da ea norekin sortuko duen gobernu berria. Eta hor zenbakiek esango dute zer den posible baina hiru bidai lagun posible ditu: FDPko liberalak, orain arteko SPDko koalizio handiarekin jarraitzea edota Berdeekin formula berri bat entsaiatzea.

Jakina, aipaturiko irudi makroekonomiko sendo eta idilikoaren azpitik badaude alde ilun edo oso ilunak. Gorakada ekonomikoak izan arren injustizia soziala sakondu egin da.

Alemaniarren %40a txirotasunaren mugaren azpitik bizi dira, behin-behineko kontratuak bikoiztu egin dira azken 10 urtetan eta soldata batekin bizi ezin diren familiak nabarmen gehitu dira. Mini-job kontratu famatuek prekarietatearen “boom”a ekarri dute.

Eskola eta haurtzaindegi sarea erabat zaharkitua dago eta ehunka eskola daude azpiegitura arazo larriekin. Milaka irakasle eta hezitzaile falta dira.

Zerga sistemak enpresa handiak eta kapital handiak babesten ditu. Ondasun higiezinen gaineko zerga ezabatua izan zen duela 20 urte eta aberastasun handien gaineko zerga irmoki ukatzen da.

Murrizketak dela medio osasun zerbitzuak eta ospitaletan ematen den zerbitzua okerrera egin du hainbat langile kaleratuak izan ostean.Koalizio handiak erretiroa 67 urtera igo zuen eta 70 urtera igotzea aztertzen ari da. Jubilatuen ia %20a pobrezian bizi da.

Hiri handi askotan etxebizitza luxua bilakatu da eta inork ez die higiezin enpresa handiei mugarik jartzen.

Aipatu bezala, ultra eskuina eta mugimendu nazia erabat oldartua dago 2015eko errefuxiatuen etorreratik. Ez dago egunik eraso faxistarik gabe eta segurtasunaren inguruko eztabaida eskuinerantz lerrokatu da modu agerian.

Austeritate politikek ere garraio azpiegitura, berrikuntza eta digitalizazioaren arloetan Alemania Europako azken postuetan utzi dute.

Die Linkek arazo hauei guztiei aurre egiteko diskurtso politiko zein programa egokia bildu du eta emaitza txukunak izan ditzake. Baina momentuz ez dago indar sozial nahikorik eztabaida politikoa aldaketa batetara bideratzeko. Aldaketarako indar sozial hori egon badago eta erronka da horri begirako dinamika politikoa piztea.

Dinamika politiko hori nola piztea da eztabaida. SPD eta Berdeekin batera hauteskunde aurreakordioa egon da mahai gainean azken hilabeteetan. Hiruetako barne korronteek ahalegin hori babestu dute eta 2016tik hiru alderdietako diputatu talde esanguratsu bat aldiro-aldiro elkartu izan da akordio baten aukera hori aztertzeko.

Arestian esan bezala, Martin Schluzen aukeraketekin bazirudien hasiera batean Sanders edo Corbynekin gertatutako efektua posible litzatekeela ere Alemanian. Baina Schluzen eta batez ere SPDren sektore inportanteen jarrera ezkerreko alternatiba bat eraikitzera bidean nahiko zuhurra eta itxia izan da. Izan omen dira ere alderdien arteko zuzendaritzen arteko bilerak baina ez da inolako emaitza zehatzik izan.

Schluzen programa eta diskurtsoa argitzen joan den heinean aurre akordio bat ia ezinezko egin du. Ez da aldaketa baterako perspektiba marrazten eta ez du keinurik egiten bere ezkerrean daudenekin akordioetara heltzeko.

Die Linke barruko eta mugimendu sozialetako sektore askok ere mesfidantzaz ikusten dute SPD eta Berdeekin joatea. Eta arrazoirik ez zaie falta. Azken 20 urtetatik SPD 16 urtez egon da gobernuan eta erantzukizun handia du izandako murrizketa sozial guztietan. Horrenbeste esan daiteke Berdeetaz. Eta mugimendu sozialak asimilatzeko edo geldiarazteko beldurra ere nahiko zabaldua dago.

Zer gertatuko da hauteskundeen ostean ezkerreko alternatiba parlamentario posible honekin? SPD eta Berdeen hauteskunde dinamika eta diskurtsoa alternatiba horren kontrakoa izan da argiki.

Biek babesa galtzen badute posible da barne mugimenduak egotea bi alderdietan. SPD osatu daitekeen koalizio handiaren gobernu berri batean sartzen bada, bere indarra mantenduz edo galduz, hirukote baten aukera lurperatuko du urte askotarako. Aldiz, Berdeak gobernu koalizio batean sartuz gero CDU eta Liberalekin, posible litzateke ezkerreko oposizio alternatiborako baldintza hobeak sortzea.

Une honetan Die Linkek du posizio erosoena eta besteen esku dago batez ere pausoak ematea aldaketa baten alde. Posizio politiko eroso batek baina ez du berez jendartean ezkerraren aldeko indar korrelazioa bultzatzen. Ezkerrak beharrezkoa du edozein kasutan behetik eragingo dutenak sindikatuetan, ikastetxeetan, ospitaletan, kalean... Horrez gain, aldaketa instituzionala badago martxan jada Berlin eta Thuringia landerretan. Instituzio hauen eta “kalea”ren arteko lan konbinatu iraunkorrak ekar dezake Alemania mailako aldaketa piztea. Merkelen fase historikoa ezkerreko aldaketa batekin ixteko baldintzak badaude.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.