Hauteskundeen biharamunak Frantziako Estatuan
Frantziako hauteskunde legegileen bigarren itzulian Emmanuel Macronen Martxan mugimenduak gehiengo absolutua lortu du. Garaipena ez da izan azken inkestek iragartzen zuten bezain zabala, haatik, 308 eserlekurekin (577 eserleku ditu Frantziako Legebiltzarrak) Martxan mugimenduak ez du Modem (42 eserleku) alderdiaren sostenguaren beharrik izanen bere egitasmoak aurrera ateratzeko. Nork errango zukeen orain dela lauzpabost hilabete mugimendu sortu berri batek azken bost hamarkadetan nagusi izan diren bi alderdiak galbidean ezarriko zituenik, Frantziako eskenatoki politikoa erabat astinduz ?
Hurbilagotik so eginez gero, Frantziako Estatuan bukatu berri den hauteskunde zikloak hainbat irakaspen uzten dizkigu. Emaitzek ezker instituzionalaren eta sozial demokraziaren gainbehera adierazten dute lehenik. Antza, Frantziako instituzioen eta demokraziaren krisia larriak bultzaturik herritarrek aldaketa irudikatzen zuen hautagaitza sostengatu dute. Hiper zentroaren iruzurra baino ez dirudien berrosaketa politikoaren gibelean irizpide ekonomikoen uniformizazioa antzeman daiteke. Alabaina, sistemak bere biziraupena bermatzeko egindako jokaldian abstentzio adierazgarriarekin (% 57a) egin du topo. Hortaz, ikusteke dago abstentzio hain zabalak ez ote duen frantziako instituzioen erabakien zilegitasuna zalantzan ezarriko.
Frantziako alderdi eta instituzioak krisian dauden bitartean, Estaturik gabeko herrietako hautagaitza abertzaleek haizea alde dute, euskal hatesbarrutietan EHBAIk lortu emaitzek, eta batez ere, kortsikar abertzaleek lau eserlekutik hiru eskuratu izanak aditzera ematen duen bezala. Aurrera begira, Frantziako eskenatoki politikoan gertatzen ari den berrantoketak gurean eragin ditzakeen mugimenduak eta eskaintzen dituen aukerak tentuz aztertzea komeni da.
Sozial demokraziaren porrota
PSF alderdiaren gainbeherak arreta erakartzen du. Bost urteko tartean gehiengoa izatetik apenas 29 eserleku izatera igaro da. Funtsean, alderdi sozialistak ordezkatzen duen proiektuaren eta ereduaren agortze mailakatuaren kronika izan da azken urteetakoa, 2012tik gaur arte gertatu hauteskunde guztiak galdu baititu, izan herrietakoak, departamenduetakoak edo eskualdeetakoak. Gauza bera esan daiteke eskenatoki politikoaren ezkerrean kokatzen diren gainerateko indarretaz, izan ekologistak ala komunistak.
Ordezkatu omen nahi duen eremu sozial eta herritarretik gero eta urrunago, PSF alderdia kudeaketa instituzionalerako eta hauteskundeetara aurkezteko tresna hutsa bilakatu da. Are, mobilizazio eta borroka sozial ezberdinen (sindikalak, ingurumenaren ingurukoak, feminismoari edo gutxiengoen eskubideen aldarrikapenei loturikoak) proiekzio politikoa izateari utzi dio. PSF-k azken legealdian sustatu duen ildo neoliberalak nahiz sekuritarioak kurtsore ideologikoa eta esparru politiko osoa eskuin aldera eramateaz gain, ezkerreko alderdien eskutik alternatiba eraikitzeko azken itxaropenak errotik zapuztu ditu.
Azpimarratzekoa da, orain dela bost urte François Hollandek lortu garaipena bere proiektuarekiko atxikimenduan baino Sarkozyk irudikatzen zuen eskuinaren politika antisozialaren aurkako jarreran oinarritu zela. Alta, Hollandek bere agintaldian austeritate printzipioekin bat eginez politika sozialen eta zerbitzu publikoen eraisketan sakondu du, eskuin antisozialaren hautabideekin bat egiteraino. Hortaz, Hollanden kudeaketa kaskarraren aurkako herritarren haserrearen arabarekoa izan da PSF alderdiaren gainbehera.
Ba ote dago alternatibarik ezkerrean ?
Jean-Luc Melenchonek abilezia handiarekin osatu duen La France Insoumise mugimenduak hauteskunde presindentzialen lehen itzulian ezustekoa eman badu bozken %19 pasa eskuratuz, hauteskunde legegileetan ez du balentria berdina errepikatzerik izan (%10,9 lehen itzulian). Hamazazpi eserlekurekin Intsumituen mugimenduak talde parlamentari bat osatzerik izanen du, eta batez ere, Jean-Luc Melenchonek bere mezua hedatzeko oholtza paregabea izanen du.
Aspaldi honetan eskenatoki politikoan bereiz marrak (ezkerra eta eskuina) desagertzen ari direla edo lehengo zentzurik gehiago ez dutela oharturik, Intsumituen mugimenduak bestelako erreferentziak jorratu ditu. Izan ere, adierazgarri da instituzio tradizionalek eta indarrean dagoen demokrazia ereduak ez dutela herritarren aldarrikapenak eta haserrea bideratzea ahalbidetzen. Bestelako interesak babestea helburu duteneko ustea hedaturik da herritarren gehiengoaren baitan.
Espainiar Estatuan Podemos-ek teorizatu duen eskeman oinarrituz, Intsumituen mugimenduak herriaren haserrea bideratu nahi izan du. Sistema politikoarekiko eta alderdiekiko mesfidantzaren gibelean agintariek osatzen duten pribilegiatuen kastarekiko haserrea dagoelakoan, herritar xumeen gehiengo sozialaren eta pribilegiatu batzuen interesak defenditzen dituen gutxiengo boteretsuaren arteko talka irudikatu nahi izan dute : herria oligarkiaren aurka, beheko Frantzia goiko Frantziaren aurka, gehiengo sozial zapaldua goiko kasta pribilegiatuaren aurka. Beti ere, Frantziako instituzioen kodigoetarik gehiegi urrundu gabe. Hortaz, kanpaina denboran Melenchonek lehenetsi dituen erreferentzia eta koloreak adierazgarriak dira : hitzaldi eta elgarretaraze haundietarik ezkerraren iruditeria oro desagerrarazi dute, ordez bandera frantsesak soilik agertzeko. Eskuin muturrari bandera frantsesaren monopolioa kendu nahi izan diotela pentsa daiteke, baina haratago, badago bestelako jendarte proiektua, naziotasuna eta nortasunarekin uztartzeko nahikeria. Iraganaren erabilpen maltzurra eta batez ere Frantziako Estatu-nazioaren sortze prozesuaren mitifikazioan oinarritu diskurtsoa antzeman daiteke.
Diskurtsoak oihartzun zabala izan duela agerikoa da, herriaren haserrearekin konektatzea lortu baitu. Alabaina mugimendu sortu berriaren gehiegizko pertsonifikazioak bere mugak agerian utzi ditu. Ikusteke dago zein izanen den Intsumituen mugimenduaren bilakaera : instituzioetan lortu duen ordezkaritza kudeatzera mugatuko den, edo Frantzian bor-borrean dagoen mugimendu sozialarekin modu iraunkorrean elkar osatzerik izanen duen. Egiari zor, ez dirudi Melenchonen lerratze populistak eta jarrera autoritarioak ibilbide luzerik izan dezakeenik.
Oraingoz ezkerreko alderdi eta mugimenduak ez dira gai izan sozial-demokraziaren gainbeheraz profitatzeko. Ez dira gai izan hatagaitza bateratu bat aurkezteko eta utopien gaurkotzean oinarrituriko jendarte proiektu eraldatzaile adostua eraikitzeko, ezkerretik bestelako proiektu bat eraikitzeko masa kritiko nahikoa badagoen arren, presidentzialen emaitzak ongi asko adierazten duten legez. Ez dirudi PSFen ezkerrean kokatzen diren alderdiak herriaren haserrea ordezkatu eta perspektiba politiko iraunkorrik antolatzeko moduan daudenik, ez behintzat V° Errepublikaren logika instituzionalean katramilaturik (erregimen presidentzialak eragiten duen pertsonifikazioa, bi itzulitan oinarrituriko sistema elektorala, aliantza oro zailtzen duen alderdien diruztatze publikoaren eredua, etab...) jarraituko duten bitartean.
Hiper zentroaren iruzurra
Ezertan asmatu baldin badu Emmanuel Macronen Martxan mugimenduak jendartean nagusi den aldaketaren beharra ordezkatzean izan da. Azken bi hamarkadetan eskenatoki politikoan nagusi ziren arduradun politiko gehientsuenak legebiltzarretik kanpo gelditu dira ; 577 eserlekuetara heldu diren hautetsietarik 3/4ak sekulan parlamentari izan gabeak direlarik. Emakumeen presentzia ere sekulan baino zabalagoa izanen dela ohargarri da (%38,8a, aurreko legealdian apenas %27ra heltzen zelarik). Haatik, klase politikoaren eraberritzearen eta feminizazioaren irudiaren gibelean bestelako errealitatea ageri da.
Emmanuel Macronen eskaintza politikoa Tony Blairen eskutik Ingalaterrako sozial-demokraziak teorizatu zuen hirugarren bidearen bertsio frantsesa baino ez da. Azken hiru hamarkadetan sozial-demokratek kurtsorea eskuinaldera eramanez ezker eta eskuin instituzionalaren bereiz marra lausotu ondoan, Macronek krisian dagoen sistemaren eraberritzea hiper zentroa deitzen ahal dugun ardatzaren inguruan ahokatzeari ekin dio. Gatazkaren eta eztabaida politikoaren anulazioa helburu duen eskema honetan, Francis Fukuyama ekonomista ultra-liberal amerikarrak bloke sobietikoa desegiterakoan teorizatu zuen "historiaren bukaeraren" kontzeptua bere eginez, Macronek egingarri den ibilbide bakar gisa aurkeztu nahi du proposatzen duen programa. Berea da proiektu aurrerakoia, eta kontra ezartzen diren guziak bloke kontzerbadorean ezartzen ditu. Eskubide sozialak aldarrikatzen dituztenak edo eskuin muturraren irizpideekin lerrokatzen direnak iraganaren defendatzailetzat aurkezten ditu, biak ala biak Frantzia zaharraren nostalgikoak bailiran. Horrela, politika kudeaketa tekniko hutsa bilakatzea da helburua, beti ere inork hautatu ez dituen eta batere zilegitasun demokratikorik ez duten Nazioarteko Diru Funts eta Europako Banku Zentralaren irizpideei itsu-itsuan jarraitzeko.
Berrosaketa politikoaren gibelean beraz uniformizazio ekonomikoa antzeman daiteke, kredo ultra liberalaren irizpideen araberakoa beti ere. Macronen jokaldiak azken bost hamarkadetan boterean alternantzian egon diren bi familia politikoak birrindu baldin baditu, sozial demokrazia eskuinaren tesietara hurbiltzen joan ahala sortu den konfusio politikoaren emaitza ere bada. Funtsean, Emmanuel Macronen ibilbidea bera bilakaera horren ispilu da. Izan ere, 2008an Jacques Attalik Sarkozy Frantziako presidentearen aginduz osatu lan batzordearen (Frantziaren hazkunde ekonomikoa sustatzeko helburuarekin) txostenaren idazketan eta aurkezpenean parte hartu zuen Macronek. Txosten horretan, besteak-beste Lan legea desegitea eta ekonomiaren deregulazioa helburu zuten 316 erreforma proposatzen ziren. Hortaz, Sarkozyren eskutik eskuinak eta Hollanden eskutik sozial-demokraziak gauzatzerik izan ez dituzten erreformak bururaino eremateko misioa izanen du Emmanuel Macronek.
Abstentzioaren garaipena
Macroni jokaldia borobila atera zaion arren, hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian eta hauteskunde legegileen bi itzulietan abstentziora jo duten herritarren kopurua uste baino haundiagoa izan da. Legegileen bigarren itzulian abstentzioa %57,36koa izatea deigarria da, eta are deigarriagoa kopuru horri eransten baldin badiogu hautes zerrendetan izena eman ez duten 7 milioi herritarrena. Zenbaki horiek, herritarren ezaxolkeria baino haratago sistemarekiko mesfidantza agerian uzten dute. Orain arte sistemari zilegitasuna ematen zion joko eremu demokratikoak ez du gehiago bere funtzioa betetzen. Eta datu hori aurrerantzean kontuan izan beharko dugu.
Martxan mugimenduak gehiengo zabala izanen du legebiltzarrean erreformak aurrera ateratzeko. Iragarri dutenez, lan legearen erreforman sakontzeko neurriak uda honetan berean hartuko dituzte, ordonantza bidez, prozedura eta epeak azkartzeko. Helburua da ekonomiaren esparrua ahal bezain azkar derregulatzea, eta eskubide sozialak ahal bezain beste murriztea. Beste hautagaiek hitzemandakoa betetzen ez zuten bezala, Hollande kasu, badirudi Macronek hitzemandakoa baino haratago joatekoa xedea duela. Eta azkar gainera.
Ikusteke dago karrikaren erreakzioa zein izanen den. Erran gabe doa, gehiengoaren indarrak ez duela beti zilegitasuna, eta are gutxiago abstentzioaren, bozka nuloen eta txurien kopurua hain handia izan den hauteskundeen biharamunean. Herri mugimenduak eta ezkerreko mugimenduek aukera paregabea dute sistemaren, instituzioen eta indarrean dagoen demokraziaren ereduaren zilegitasuna zalantzan ezartzeko. Oraingoz, botereak oposizioaren sakabanaketa eta ahulezia organizatiboa du bere alde. Haatik, eskenatoki politikoan gertatu lurrikararen intentsitate berekoa izan daiteke herri haserrearen indarra. Indartsu dirudien arren, Macronen hautabideek Frantziako instituzioen zilegitasunean arrakala zabaldu dezakete.
Abagune horretan, 2015az geroztik Frantziako estatuan gertatzen ari diren atentatu integristei aurre egiteko ezarri zen urjentziazko egoera bertan behera utzi eta zuzenbide arruntean ezartzeko erabakia ez da batere gutxiestekoa. Integristen atentatuak galaraztea helburu duten neurriak bihar mugimendu sozialei aurre egiteko erabiltzeko bidea idekitzen du, atxiloketa administratiboak (prebentiboak) edo mobilizazioen debekuak behin betikotuz. Horrela, azken urteotan beldurraren instrumentalizazioak gaiztotu duen giroan, Estatuaren erreforma indarrez aurrera ateratzeko baliabideak izanen ditu eskura Frantziako gobernu berriak.
Euskal hautesbarrutietako emaitzak
Euskal Herritik begiraturik, sistema presidentzialak hauteskunde legegileetan duen itzalak apenas uzten die tarterik bertako mugimendu eta aldarrikapenei. Aldiberean, komeni da oroitaraztea Frantziako Estatu nazioaren ikuspegitik, 1789ko Iraultzaz geroztik legebiltzarrak frantses nazioaren borondate orokorra ordezkatzen duela, eta ez lekuan lekuko errealitateena. Hauteskunde legegileak beraz Frantzia egiteko tresna gisa, nekez izan daitezke abertzaleontzako joko eremurik aproposenak.
Horiek horrela, Frantziako eskenatoki politikoa astindu duen tsunamiaren erdian, hiru euskal hautesbarrutietan EHBAIk eskuratu dituen emaitzak azpimarratzekoak dira. Abstentzioaren gorakada tarteko, bozka emaileen kopurua apaldu den arren, EHBAIk 1150 bozka pasa gora egin du. 12655 bozka eta % 10,4arekin hirugarren indar politiko gisa kokatzen da Ipar Euskal Herriko eskenatokian, Martxan mugimenduaren (%35,55) eta les Républicains (%12,68) eskuineko alderdiaren gibeletik. Deigarriak dira batez ere Hego Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko emaitzak. Hego Lapurdin nabarmen gora egiten du, bigarren indar bilakatuz hainbat herri nagusitan, eta barnekaldean %17 inguru eskuratuz bigarren indar gisa kokatzen da. Besterik dira ordea Biarritze, Angelu eta Baionako emaitzak. Ezkerreko abertzaleen hautagaitzaren ahulgunea izaten jarraitzen dute, hiriguneetan apenas lortzen dugularik %6ko emaitza, eskuin muturreko frente nazionalaren gibeletik. Emaitza onek ez dute estali behar demografikoki biztanle gehien biltzen dituen eremuan ezkerreko abertzaleok ditugun nekeziak. Eta erran gabe doa, heldu diren hilabete eta urteetan arreta gune garrantzitsuena izan beharko duela.
EHBAIko hautagaitzen emaitzek 2014ko herri hauteskundeetatik gaur arte etengabe goraka egin dute. Haatik, emaitzez haratago, ezkerreko abertzaleek ideien eztabaida irabazten ari garela da deigarriena, gainerateko indar politiko eta hautagaien mezuek argi asko adierazten duten bezala.
Frantziako eskenatoki politikoan gertatu bezala, euskal lurraldeetan ere PSFk kolpe gogorra jaso du. Eskuin tradizionalak hobeki eusten dion arren, Martxan mugimendu sortu berriaren hautagaiak nagusitu dira kostaldeko bi hautesbarrutietan.
Argi dagoena da EHBAIk ez duela oposizioan gelditzeko bokazioa ez eta hauteskundeen bigarren itzulietan gainerateko alderdien arbitro edo sostengu izatearena. Datozen hilabeteetan gerta daitekeen Ipar Euskal Herriko eskenatoki politikoaren berrosaketaren atarian EHBAI da lurralde proiektu koherentea duen ezkerreko mugimendu bakarra. Are, Ipar Euskal Herrian eraldaketarako alternatiba osatzeko eta kalean nahiz instituzioetan gehiengo soziala ahokatzeko tenorean EHBAIk berebiziko erantzukizuna izanen du, dela Parisetik etor daitezkeen erasoei aurre egiteko, edo Euskal Elkargoaren bilakaeran eragiteko.
Kortsikan abertzaleen garaipena
Erran gabe doa hauteskunde legegileen ezustekoa Kortsikatik etorri dela. Kortsikako lau hautes barrutietatik hirutan Pé a Corsica koalizio abertzalearen hautagaiek irabazi ondoan lehen aldikoz Estaturik gabeko nazio baten hiru ordezkari abertzale izanen dira Frantziako legebiltzarrean. 2015eko abenduan Kortsikako lurralde elkargoaren hauteskundeetan autonomista eta independentisten aliantzak gehiengoa eskuratu zuenetik Kortsikan lerroak mugitzen ari dira. Lurralde Elkargoaren kudeaketan egindako lanak, eta batez ere Frantziako legalitateak hertsatzen duen egoera iraultzeko abiaturiko ekimenek sinesgarritasuna eman diote Kortsikako gehiengo abertzaleari.
2018ko urtarrilaren 1ean sortuko den Kortsikako Elkargoa osatzeko hauteskundeak 2017ko abenduan iraganen dira, eta litekeena koalizio abertzaleak garaipena lortzea. Kortsikaren bilakaera instituzionalaz haratago subirautza prozesuaren abiaduran akzelerazio bat gerta daiteke.
Katalunia eta Eskoziari begiratzen diogun bezala, ondoko hilabeteetan arreta handiz jarraitu beharko dugu Kortsikako prozesuaren bilakaera. Izan ere, bertan emango diren urratsak Ipar Euskal Herrian Herri Elkargoaz haratagoko eskenatokia eraikitzeko tenorean erreferentzia garrantzitsua izanen dira. Gatazkaren ondorioen konponbidearen atalean ere Frantziako Estatuak Kortsikan egin ditzakeen mugimenduek Euskal Herrian Estatuek duten jarrera hertsian arrakala bat zabaltzea ahalbideratu dezake.
Aurrera begira
Hauteskundeen biharamunean Frantziako gobernuak lehen krisia gainditu behar izan du, korrupzioak zipriztindurik hainbat ministrok gobernua utzi behar izan dutelarik, horien artean Pabeko auzapez den François Bayrou zentristak. Politikaren moralizazioa eta aldaketa helburu zuen gobernuak aste gutxira egin du estropozu beraz.
Gobernu krisiak eta hauteskunde legegileetako abstentzioaren mailak Macronen hautabideen zilegitasuna zalantzan ezar dezakete. Hortaz, interesgarria izanen da ikustea datozen asteetan, uda betean, gobernuak indarrez inposatu nahi duen lan legearen erreformaren aurrean zer nolako erantzuna antolatuko den.
Aurki aurkeztuko dute ere terrorismoaren aurkako lege berria, zeinak emerjentzia egoera zuzenbide estatuaren baitan betikotzea aintzinikusten duen. Ez da kasualitate bat politika sekuritarioaren areagotzea herritarren askatasun demokratikoak murriztuz, gobernua, haserre soziala eragin dezaketen erabakiak hartzear dagoela.
Bestalde, eskenatoki politikoa nahasi ondoan, litekeena da datozen hilabeteetan indar ezberdinak berrantolatzen hastea eta oreka berriak sortzea. Ipar Euskal Herritik begiraturik, PSFen gainbeherak eta ezkerreko indarren barreatzeak EHBAI ezkerretik alternatiba sendo bat eraikitzeko posizioan kokatzen du. Ezkerraren baitan subirautzaren kontzeptuari ematen ari zaion zentralitateak Euskal Herria erabaki esparru bezala ezaugarritzeko bideari indarra eman diezaioke. Herriaren subirautza ulerturik herritarren ahalduntze prozesu gisa, demokrazia demokratizatzeko saiakera gisa.
Oharra: Gaian sakondu nahi izanez gero, Euskal Hedabideek hauteskude legegileei buruzko mahainguruen bideoak dituzue ikusgai Ipar Euskal Herriko Hitza eta Kanalduderen eskutik.
