Frantziako Estatuaren egoeraz hainbat gogoeta

Frantziako errepublikako presidentea hautatzeko iragan berri diren hauteskundeek lurrikara eragin dute. Itxura guzien arabera, Emanuel Macron lehendakari berriak aurreko legealdian abiatu aldaketa sozial eta instituzionalak sakonduko ditu. Aldagai berri batekin, alderdi klasikoen gainbeherak eszenatoki politikoa erabat nahasten baitu.

 

Bi alderdi nagusien gainbehera

Lehen aldikoz bost garren Errepublikaren historian, bi familia politiko nagusien ordezkariak bigarren itzuliko lehiatik at aurkitu dira. Hauteskundeen atariko eztabaida politikoak alderdi klasikoen arteko lerroak mugitu eta astindu baldin bazituen, Emanuel Macronen garaipenaren biharamunean hasiak dira jada Frantziako politikagintzaren berritze edo moldatze bat aitzin ikusten duten lehen mugimenduak.

Eskuin tradizionalaren alderdia ustelkeria kasuek astindu duten bezala, alderdi sozialistaren kasuan, azken legealdiko hautabideek eragin barne krisien ondotik Emanuel Macronen hautagaitzak alderdia birrindu du. Ikusteke dago burua altxatzea lortuko duen. Are, kontutan hartzen baldin badugu bere ezkerrean Melenchonen eskutik osatu den « La France insoumise » mugimenduak tarte handiegirik uzten ez diola. Melenchonek lehen itzulian lortu duen emaitza azken hilabete luzeetan gorpuzten joan den haserre sozialaren ondoriotzat jo daiteke, inondik ere goia jo ez duen mugimendu sozialaren indarraren erakusle.

Ekainaren 11 eta 18an iragaitekoak diren hauteskunde legegileek mapa politiko berria marraztuko dute. Litekeena da, Emanuel Macronen alderdi sortu berriak gehiengo absoluturik ez lortzea. Aliantzen bidea hartu beharko du beraz, gauzatu nahi dituen egiturazko aldaketak aurrera ateratzeko. Alemanian bideraturiko koalizioa baino, bi famili horiek ordezkatzen dutenen arteko formula izan daitekeelarik. Bide honek eta billarrean moduan, eszenatoki politikoan subjektu berrien agerpena bidera dezake, esparru hurbilen arteko elkarguneak gertatuz.

 

Murrizketa sozialen jarraipena

Macron Frantzia ezegonkortasun aldi sakon eta iraunkorrean murgildu duen finantza sistemaren hautagai gisa ikusia den heinean, hauteskundeen bigarren itzulian eskuin muturra garaitu izanak ez ditu baretu herritar xumeen eta sindikatuen kezkak. Kezka horren ispilu da abstentzioaren eta bozka nulu nahiz zurien kopurua. Kanpainan defenditu duen programari so egiten baldin badiogu, badirudi Macronen xedea PSF alderdiaren hautabideetan sakontzea izanen dela.

PSFek ez du erreparo handiegirik izan Nazioarteko Diru Funts eta Europako Banku Zentralaren irizpideei jarraitzeko. Defizita apaltzeko hautabide itsuak gidaturik politika sozialen eta zerbitzu publikoen eraisketari ekin diote. Eraso horren adierazgarri da Lan Legearen erreforma korapilatsua, zeina sindikatu eta langileriaren mobilizazio jendetsuei bizkarra emanez eta dekretuz onartua izan zen. Lan araudien malgutzeko helburuarekin erreforma berri bat iragarri du Macronek uda honetarako.

 

Frantziako instituzioen erreformaren sakontzea

Kanpaina denboran Macronek iragarri du Frantziako instituzioen erreforman sakontzeko xedea. Funtsean, « Notre » legearen eskutik abiaturiko lurralde erreformek jarraituko dute. Oroit dezagun, administrazioaren pisua murrizteko, PSFen gobernuak erregioak biltzea eta metropoli handiak sortzea erabaki zuela. Euskal Herritik begiraturik, lurralde erreformak lehen ezagutza instituzionala ahalbidetu badu, ez dugu bistatik galdu behar erreformaren lehen helburuak Frantziako instituzioen kontzentrazioa eta berzentralizazioa izaten jarraitzen dutela. Haatik, iragarri bezala departamenduaren maila desagerrarazten baldin badute, Ipar Euskal Herrian sortu berri den herri elkargoak eskuduntza berriak eskura litzake.

Hari beretik, azpimarratzekoa da lurralde erreformaren baitan Kortsikan sortu den abaguneak irekitzen duen perspektiba berria. 2015ean independentisten eta autonomisten aliantzak hauteskundeak irabazi ondoan, lurralde elkargo bakarraren sortzeak bestelako ibilbide eta erritmoa hartu du. Lurralde biltzarrean gehiengo osoz hartu erabakiek kortsikar legitimitatearen eta Frantziako legalitatearen arteko talka irudikatzeko balio izan dute (hizkuntzaren ofizialtasunaz, erresidenteen estatutuaz edo preso politikoen amnistia eskariaz besteak beste). Gainera, 2018ko urtarrilaren 1ean sortuko den Kortsikako Elkargo berrian botere legegilea jasotzen duen disposizio bat dago, oso maila mugatuan baldin bada ere. Frantziako kultura politikoan iraultza bat suposatzen duena inondik ere.

 

Estatu nazioaren eredua krisian

Adierazgarri da neoliberalismoaren aldi berria Estatu-nazioaren eredua eta instituzioen oinarriak pitzatzen ari dela. Are, mundu mailako ekonomia globalizatuak eta Europako instituzioetarik eratortzen diren erabakiek eskuin muturreko populismoa hauspotu dute. Bistakoa denez, eskuin muturrak ez du indarrean dagoen sistemaren funtsa zalantzan ezartzen, baina aldi berean, sistemak gogorki kolpatzen dituen herritarren haserrearen bozgorailu izateko gaitasuna izaten ari da.

Zentzu horretan, Marine Le Penek lortu du Fronte Nazionalaren presentzia mapa politikoan egonkortzea. Atzerritarrekiko bazterkeria eta xenofobia sustatzen duten mezuak arruntak bilakatzen ari dira. Gisa berean, frantziar baloreei nahiz nortasunari gorazarre egiten dioten hitzartzeak biderkatzen ari dira. Izan ere, krisia ekonomikoaren gurpil zoroan zangopilaturik, beldurraren propagandak eskuinaren erreferentzia diren migrazioaren eta segurtasunaren aldagaiak inposatu ditu eztabaida politikoaren ardatz nagusi gisa. Lerratze horretan mundu mailako sistema ekonomiko eta instituzionalak Europako Estatu-nazioetan eragin krisia existentzialaren aztarnak ageri dira.

 

Ustezko segurtasunean lerratzea

Charlie Hebdoren aurkako erasoaren ondotik ireki den sekuentzian, PSF-en eskutik ezaugarritu den ustezko segurtasun ofentsibak eskuinaren irizpideak bere egin ditu. Ñabardura batekin, eskuinak frantziar nazioaren baloreak goraipatzen dituen lekuan, PSF-ek errepublikarenak ditu goratzen. Unibertsalak izan beharko luketen (edo diren) printzipioak, frantses nortasunaren ezaugarri bilakatuz. Biek, arazoen iturburutik desbideratzen dute begirada. « Islamista integrista » gisa izendatuak direnen erasoak kanpotik (atzerritik) Frantziako errepublikaren baloreen aurka bideraturiko eraso gisa aurkeztuak dira. Haatik, Estatuaren autoritatea indartzeko errepublikaren baloreak goraipatzen dituen diskurtsoak Frantziako jendartearen barne zatiketa eta tentsioak areagotu ditu. Jatorriz eta kulturaz frantses direnen eta gaineratekoen arteko bereiz marra indartu duelarik.

Azken datu honi, ustezko segurtasun politika areagotzeak herritarren askatasun demokratikoak bortxatzen dituela erantsi behar diogu. Abagune berezi batean ezarritako lege bereziak hasiak dira jada mugimendu sozialen bilakaera baldintzatzeko erabiltzen, manifestazio debekuak ezarriz edo bestelako neurriak hartuz.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.