Iratzar Fundazioak kolonialismoari buruzko eta Kortsikako Elkargoari buruzko bi hitzaldi ziklo antolatu ditu

Iratzar Fundazioak bi eztabaida gaualdi antolatuko ditu apirilaren 10eko astean. Helburua, ideien borrokarako gogoeten elikatzea da, bai ezker abertzaleko militanteen artean, bai eta jendarte zabalean ere. Bata, kolonialismoari buruzkoa izango da, Baionan eta Iruñean. Bertan kolonialismoak egun Frantziar Estatuan oraindik dituen aztarnak aztertuko ditugu. Bestetik, Jean-Guy Talamoni Kortsikako lurralde biltzarreko presidenteak bertako borroka instituzionalaren ibilbidea azalduko du.

 

« Kolonialismoaren aztarnak 21. mendean »

Lehen eztabaida saioa « Kolonialismoaren aztarnak 21. mendean » izenburupean, apirilaren 10ean astelehenean arratsaldeko 6etan iraganen da, Baionako Unibertsitatean, .

55 urte iragan dira Aljeriako gerlaren bukaera ekarri zuen hitzarmena izenpetu eta onartu zutenetik. Oroit dezagun Aljeriako gatazkak frantziar kolonialismoaren alde ilunenak agerian uzteaz gain, nazio askapenerako mugimenduen eta kontzientzia hartzearen pizgarri ere izan zela. 1962ko martxoaren 19an frantziako gobernuak eta aljeriar askapenerako mugimenduak (FLN) elkarrizketa luzeen ondotik Evianeko akordio gisa ezagun dena adostu zuten, 7 urteko gerlari bukarea emanez eta Aljeriaren independentziari bidea idekiz. Frantziako herritarrek 1962ko apirilaren 8an akordio onetsi zuten erreferendun bidez. Hitzaldiaren aipagai berezia izanen ez bada ere, Evian-eko akordioak izan zirenaz eta ondorengo bilakaeraz arituko gira.

Hizlariek batez ere kolonialismoak eragin menpekotasun eta akulturazio mekanismoak argiratzea izanen dute xede. Besteak beste, kolonialismoaren inertziak gure pentsaera zenbateraino baldintzatzen duen aztertzea.

Bi hizlari gomitatu ditugu karia horretara :

Mireille Fanon Mendés-France. Frantz Fanon ekintzaile eta pentsalariaren alaba da. Lanbidez unibertsitaria, ParisV-Descartes eta Kaliforniako Berkeley-ko unibertsitatean irakasle izana. Gaur egun Frantz Fanon Fundazioaren lehendakaria da.

Kolonialismoaren kateak haustea helburu zuten mugimenduek eragin handia izan bazuten 60 eta 70 hamarkadetako Euskal Herrian, Frantz Fanon pentsalariaren ekarpena azpimarratzekoa da. Kolonialismoa deitoratzeko eta iraultzaren alde idatzi zituen liburuek itzal handia izan zuten herri kolonizatuetan, eta tartean Euskal Herrian ere. Kolonizazio ideologikoaz eta kulturalaz zabaldu gogoetek gaurkotasuna izaten jarraitzen dute gurean. Fanonentzat, norberaren burua askatzea ezinbestekoa da nazio askapena helburu duen herri ororentzat.

Frantz Fanonen pentsaera hedatzea eta ezagutaraztea da Fundazioaren eginkizun nagusia, eta batez ere, kolonialismoaren hamaika aurpegiak agerian uztea. Fanonen pentsaera diskriminazio eta bazterketa guzien aurkako antidotoa da inondik ere, izan larru kolorean oinarriturikoa, jatorri geografikoari eta sozialari loturikoa, edo genero bereizketan oinarritua.

Nils Andersson. 1933an Lausanne (Suiza) hirian sortua, lanbidez editorea da. Deskolonizazioaren aldeko militante gisa ezagutua, edizioaren sailean debekaturiko liburuen zabaltzeko ahaleginetan aritua da. Liburu autobiagrafiko argigarri bat argitaratu berri du, 60 urteko ibilbide aberatsa argira ekartzen duena, eta mundu mailako egoera begiratu zorrotzez aztertzen duena. (Mémoire éclatée. De la décolonisation au déclin de l'Occident / Memoria gordina. Deskolonizaziotik Okzidentearen galbidera). Izenburuak dion bezala, deskolonizazioaren giza abenturaren berri emaiten du, eta jendarte okzidentalaren dekadentziaz gogoetatzen du.

 

« Kortsikako elkargoa : estatutu bereziko instituzioa »

Bigarren eztabaidan berriz « Kortsikako elkargoa : estatutu bereziko instituzioa » izanen dugu solasgai. Apirilaren 14an ostiralean arratseko 7etan iraganen da, Baionako Euskal Museoan, errobi bazterrean. Karia horretara, Kortsikako lurralde biltzarraren lehendakaria den Jean-Guy Talamoni izanen dugu gure artean.

Jean-Guy Talamonik Kortsikako bilakaera instituzionalaren goitibeheitiak oroitaraziko dizkigu, bai eta 2018ko urtarrilaren 1ean osatuko den Kortsikako elkargoaz xehetasunak emanen ere. Azken hilabeteetan frantziako gobernuaren ordezkariekin eskuduntza ezberdinen transferentzia negoziazioei buruz argibideak emanen dizkigu, eta elkargo berriaren gobernantzari buruzko xehetasunak azalduko ditu.

Urtarrilaren 1ean sortu berri den Euskal Elkargoarekin ispilu joko bat egiteko parada izanen dugu, bi egituren aldea agerian ezartzeko, eta Kortsikako egitura berriak barnebiltzen dituen eskuduntzekin eta aukerekin konparatzeko.

Bestalde, iragan urtean Kortsikako lurralde biltzarrean lurraren espekulazioari aurre egiteko eta kortsikarraren ofizialtasuna aldarrikatzeko hartu dituzten erabakietaz mintzatzeko parada izanen da. Ororen buru, kortsikako abertzaleak lurralde biltzarrean gehiengo berri eta zabalak sortzeko garatzen ari diren estrategiaz argibideak jasoko ditugu. Nolabait laburbiltzeagatik, Kortsikar gehiengoaren zilegitasuna lurralde biltzarraren gehiengoan isladaturik Frantziako legalitatearekin talka egiten ari da. Indar harreman horren bilakaerak Euskal Herritik begiraturik agertoki interesgarria irudikatzen du.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.