"Democracia, Estado, Revolución" liburua argitaratu dute Txalapartak eta Iratzar Fundazioak

Álvaro García Linera Boliviaco Presidenteorde eta intelektualaren testu bilduma den liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxeak Iratzar Fundazioaren kolaborazioarekin. Floren Aoiz Iratzar Fundazioko zuzendariak idatzi du aitzinsolasa. 17 euroren truke erosi liteke Txalapartaren dendan eta Iratzar Fundazioak bere ekitaldietan ere salgai izango du.

Haize andinoak pirinioetako herrientzat

Álvaro García Linera (1962) 2016an Boliviako Estatu Plurinazionaleko presidenteordea da, hiru aldiz hautatua izan ostean Evo Moralesekin batera. Biak ere herri mobilizazio ziklo intentso baten ondoren iritsi ziren Estatuko instantzia altuenetara. Neoliberalismo basatienaren menera makurtutako gobernuek gidatutako pribatizazio proiektuen aurkako mobilizazio indartsuak izan ziren haiek. Hori baino lehen, García Linera intelektual kritikoa, militante sozial eta politikoa eta Tupak Katari Ejertzito Gerrillariko kidea izan zen. Horren ondorioz tortura eta kartzela ere ezagutu zituen bost urtez -idazteko baliatu zituenak-.

Ikusi liburuaren fitxa hemen.

Kartzelatik irten ondoren, Boliviako gizartean erreferentzia garrantzitsua irabazten hasi zen, komunikabide ezberdinetan hartu zuen presentziagatik. Era berean, borroka ezberdinetan zuen inplikazioa handitzen joan zen, tartean Evo Moralesen MAS alderdian. Egun, Estatuaren gailurrean, García Linera iraultzaile gisa definitzen da eta behin baino gehiagotan azaldu du Leninen obra osoak direla bere ipar nagusia. Bere alde teoriko-hausnartzailea egungo ardura eta esperientzien bidez aberastu ditu beraz.

Zergatik merezi du García Linera irakurtzeak?

Arrazoi asko daude baina hiru nabarmenduko ditut:

1. Gure garaiko eraldaketa prozesu interesgarrienetako baten protagonista eta interpretea da.

2. Bere hausnarketak, sortzaileak esperientzia batean oinarrituak direlako eta erreflexiboak urteeko militantzian oinarritzen delako, mundua aldatu nahi duen ororentzat ekarpen baliagarriak dira. Bere tesiekin (erantzunekin) ados ez daudenentzat ere, mahai gaineratzen dituen gaiak (galderak) XXI. mendeko emantzipazioaren erronka nagusienetako batzuki sintetizatzen dituzte.

3. Bere ibilbidea eta planteatzen dituen ideia asko inspirazio iturri izan daitezke egun Euskal Herrian bizi dugun garairako, gure eraldaketarako sozialaren biderako eta independentziarako biderako.

García Linera ez da oso ezaguna Euskal Herrian; ez da Maduro, ez da Mujica, eta Morales bera baino askoz ezezagunagoa da. Ez dago ezta ere azken boladan liburu dendak betetzen dituzten pentsamendu kritiko-progrearen loraldi berriaren lehen lerroan ere, nahiz eta Podemosen fundatzaileek, Ernesto Laclaurekin batera inspirizaio iturri nagusi gisa aipatu izan duten. Hala ere, bere pentsamenduko zenbait ideiak oihartzuna izan dute ezker abertzalearen azken aldiko zenbait eztabaidatan. Eragin mugatua izan da baina hori zuzendu nahi dugu Iratzar Fundaziotik, eta horregatik pozten gara liburu honen argitalpenaz. Testuen hautaketan kolaboratu dugu Txalapartarekin batera, Hego Amerikatik iristen diren haizeei begira baikaude beti, nahiz eta hain urrun eta hain gertu izan aldi berean.

Floren Aoiz

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.