[ESKOLA POLITIKOA] Sabuespenezko espetxe legediaz irakurketa bat

Titulu horrekin eskaini zuen Donostian ostegunean Iratzar Fundazioak antolatutako hitzaldia Iñigo Iruin abokatuak. Hitzaldiaren helburua 35 urte Audientzia Nazionalean lanean daramatzan jurista honen ekarpena jasotzea zen. Ekarpena, bide juridikoei eta horiek euskal preso politikoak etxeratzera bidean egin ditzaketen zirrikituei buruz.
Iñigo Iruinen arabera, erabilgarria, eraginkorra eta beharrezkoa da lan juridikoan indarrak biderkatzea. Abokatu baten ikuspegia baina baita pertsona politiko batena ere, orain inoiz baino beharrezkoago ikusten du lan juridikoa egitea borroka eremu bat gehiago bezala.
Hemen irakur dezakezu GARAko kronika.
Konferentzia espetxeetako salbuespen legediari buruzko irakurketa partikularra izan zen, eta horren helburua espetxeetan egun EPPK-k duen egoeraren argazkia egitea izan zen. Argazki erreala, gordina, arazo eta oztopo guztiak mahai gaineratuz.
Ezer ezkutatu gabeko analisia eta ezer gutxietsi gabe. Gauzak diren bezala, errealitate juridikoa den bezalakoa baita. Egungo espetxe legedia nolakoa den, zer dioen eta ze arazo dituen xehetu zuen. Itxaropen faltsuak sortu nahi gabe. Estrategia juridikoa ona eta eraginkorra izango bada, ezinbestekoa delako errealitatea zein den ondo jakitea.
Salbuespenezko legedia harlauza handia da Iruinek esan zuenez, zirrikitu batzuk dituena, baina oso gutxi. Altxatzea lortu behar den harlauza da.
Hitzaldian egun EPPK-ko kideek dituzten egoera juridiko guztiak ukitu nahi izan zituen, nahiz eta agian baten batek ihes egingo zion, baina zorroztasun handiz jaso nahi izan zituen errealitate guzti horiek.
Estatu espainiarreko errealitate penala soilik tratatu zuen, frantziar estatuko legedian sartu gabe, bere esanetan ez baitu horretarako behar besteko ezagutzarik.