Imaginario eta ilusio berriak behar dira eta ezkerrak ez die beldurrik izan behar eztabaidei

Atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Neguko Unibertsitatearen bigarren blokeko bigarren saioa izan zen. "Gobernuan egotea eta boterea izatea ez da gauza bera. Aldaketa askatzailearen erronkak" titulupean jardun zuten kontraesan horietaz Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako hautagaiak, Raul Zelik idazle eta analista politiko alemaniarrak eta Yolanda Rojas Venezuelako Kontsulak. 50 bat lagun bildu ziren areto nagusian.

“Ezkerraren historian nabarmena da, gobernuan egotea eta boterea izatea ez da berbera.” Argi hasi zuen hitzartzea Raul Zelik. Yolanda Rojas kontsul venezuelarrak geroago berdina berretsi zuen. “Venezuelan orain ari gara pairatzen hori, ekonomiaren blokeoarekin.” Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako hautagaiak kontrako puntua ere eman zuen ordea. “2011ko abuztuan ohartu zen ADEGI jada euren gogoak ez zirela automatikoki foru-arau bihurtuko”.

Gobernatzea eta boterea izatea ez da gauza bera, boterea, autoritatea eta gobernuaren arteko erlazioek sarri hauek nahastera garamatzaten arren. Xabier Olano, EH Bilduren Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaia; Raul Zelik, idazlea eta analista politiko alemaniarra eta Yolanda Rojas kontsul venezuelarra, kontzeptu hauek argitu eta boterea eskuratzeko estrategiez mintzatu ziren atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Iratzar Fundazioak antolatutako Neguko Unibertsitatearen baitan.

Hegemoniaz, kontra-hegemoniaz, botereaz, herri botereaz eta antzeko kontzeptuez aritu ziren atzo hizlariak. Zeliken ustez “afera da ez soilik kontra-hegemoniaz aritzea, imaginario eta ilusio berriak sortzea baizik.” Horretarako sarri, emantzipazio prozesuetan eskema klasikoetatik atera behar dela esan zuen eta Euskal Herrian imaginario berri horren esperientziak baditugula gogorarazi zuen.

Izan ere, herri botere hori artikulatzeko “aniztasun sozialak kontuan hartu” behar dira. Horrek sozialismoa ulertzeko eta egoeren analisiak egitean dauden tentsioak gainditzea eskatzen du. “Ezkerrak beldurra galdu behar dio eztabaidari”, azpimarratu zuen Zelikek.

Rojasen ustez, “herri botere askatzailea jendartearen oinarrietatik eraiki behar da. Antolakuntza ezinbestekoa da.” Estatuaz jabetzean, dominaziorako boterea botere askatzaile bilakatzea dela erronka azaldu zuen, herri botere bilakatzea. Horretarako ezinbestekoa da prozesuak parte hartzaileak eta ahalduntzaileak izatea. “Konstituzio Bolibartarra herri prozesu eratzaile baten emaitza izan zen”, adierazi zuen, Prozesu Eratzailearen garrantzia azpimarratuz.

Gaur, Raul Zelik eta Yolanda Rojasez gain, Errikos Finalis SYRIZAko Komite Zentraleko kidea eta Maite Ubiria Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea izango dira Iruñeako Antzerki Eskolan 19:00etan, “A 25 años de la caida del muro de Berlín. Realidad actual de la izquierda transformadora” titulupean.

Para poder mejorar nuestros servicios, utilizamos cookies propias y de terceros, siendo ellas persitentes, que nos permiten obtener estadísticas de los usuarios. Si continua navegando consideremos que acepta su utilización.